Lekeitioko Euskal Zine Bilera hasiko da gaur
Euskal Zine Bilerak 45. edizioa izango du hau, eta lekeitiarrak dira karteleko protagonistak, eurak baitira "zine-aretoa betetzen dutenak, euskarazko filma kontsumitzen dituztenak eta, noski, Euskal Zine Bilera bizirik mantentzen dutenak".
Lehiaketan barruan hogei film aukeratu dituzte eta bost sari lortzeko lehian arituko dira: film onena, zuzendaritza onena, gidoi onena,ikusleen saria eta Gazte 22 saria. Getari Etxegarai, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo izango dira epaimahaikideak eta honako film hauek hartuko dute parte: Josi Sierraren Benitoren Bizitza Maitasunaren Indarrez; Iñigo Alkortaren Gauero; Iker Maguregiren Trumoiak; Alaia Sedanoren Haraindiko; Paula Iglesiasen Lanbroa; Juan Esteban Montoyaren Nola ikasi euskara; Imanol G. Gurrutxagaren Deserri; Leire Egañaren Erlojupekoa; Nagore Murielen Erro bi; Alejandra Buenoren Ezohikoak; Julen Etxebarria Moral eta Malen Nicholsonen Martxoaren 28a; Guillermo Ordásen Noiz utziko dio euria egiteari; Eneko Muruzabalen Polita; Raul Barrerasen Arnasa; Mikel Ruedaren Etxean; Maider Oleagaren Irrits; Aitzol Saratxagaren Lanbroa; Eñaut Castagneten Muga; David Perezen Vatios; eta Aitor Gametxoren Berak Baleki. Irabazleak larunbatean jakinaraziko dituzte, 19:30ean.
Bestetik, Ramon Agirrek jasoko du aurtengo Euskal Zinemaren Begirada, eta bere ekarpena aitortu, ospatu eta omentzeko tartea hartuko dute. "Azken lau hamarkadetako euskal ikus-entzulegoa euskaraz entretenitu, elikatu, hezi, sentiarazi eta pentsarazi baitu Ramon Agirrek", azaldu dute antolatzaileek.
Emakume zinemagileen topaketa profesionalak ere izango dira, eta bertan Arantza Santesteban zinegilearen lana ezagutu ahal izango da, 918 Gau filmearen bidez, eta Kristina Zorita kazetari eta zinegileak egingo dion elkarrizketaren bitartez.
Bestalde, Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatzen duten Kametaroia euskarazko ikus-entzunezko rallya ere egingo dute. Zinegile gazteek 40 ordutan filme bat sortu eta aurkeztu beharko dute, eta gidoigintzari buruzko formakuntza jasoko dute gainera. Paul Urkijo zuzendaria izango dute gidari.
Super 8 tailerra ere izango da eta parte-hartzaileek Super 8 formatuan film bat sortzeko oinarrizko prozesuak eta materialak ezagutuko dituzte. Gero, pelikula bat filmatuko dute, errebelatu eta Super 8-an proiektatuko dituzte.