Leire Rebole: "Ikastola osatzen dugun familia errotu da Nafarroa Oinez festaren antolakuntzan"

Leire Rebole: "Ikastola osatzen dugun familia errotu da Nafarroa Oinez festaren antolakuntzan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/leire-rebole-ikastola-osatzen-dugun-familia-errotu-da-nafarroa-oinez-festaren-antolakuntzan/@@download/image/no_sonia-senosi_1413534306.jpg
2014/10/17
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena (@SaioB) / Argazkia: Sonia Senosiain (@SenosiainPhoto)
Leire Rebole: "Ikastola osatzen dugun familia errotu da Nafarroa Oinez festaren antolakuntzan"
Duela hamabortz egun Oriok Kilometroak festa hartu bazuen, asteburu honetan Nafarroako Ikastolen txanda izan da. Atzo –urriak 19– ospatu zuten Zangozan Nafarroa Oinez 2014. Urte eta erdiko lanaren ondoren, guztia prest zutenean elkarrzketatu genuen, pasa den ostiralean, Leire Rebole, Zangozako Ikastolako zuzendaria.


Zein izan da Oinez 2014 festa antolatzeko Zangozako Ikastolan jarraitu duzuen lan dinamika?

2013ko maiatzean, festaren antolakuntza gure esku zetorrela jakin genuenean lan batzordeak antolatu genituen eta batzorde bakoitzean arduradun bat aukeratu genuen. Era berean, batzorde guztietako arduradunek batzorde iraunkorra osatu dute eta talde bakoitzetik iristen ziren proposamenen inguruan hitz egiten genituen batzar orokorrean.

Atzera begiratuta, zer da azpimarratuko zenukeena?
Dudarik gabe Ikastola osoaren inplikazioa, elkarlana eta gogoa. Ikastola osatzen dugun familia errotu da Nafarroa Oinez festaren antolakuntzan.


Zein dira ibilbidean azpimarratuko zenituzkeen ekimenak?
Alde batetik, ibilbidea girotzen ibiliko diren talde ezberdinak: dantzariak, trikitixa taldeak eta txarangak, besteen artean. Bestalde, guneetan bertan izango ditugun talde anitzak; baina hauek, noski, entzulearen arabera, gorputza zenbat mugitu nahi duten ikusi eta gune batera edo bestera joateko aukera izango dute. Umeentzat ere puzgarriak, joaldunak, tailerrak eta hamaika txoko interesgarri izango ditugu. Baina guztien artean nik, aurten berria eta guztiz erakargarria den Erronka ekimena azpimarratuko nuke.

Zertan datza?

DBHko gazteentzat bideratu dugun ekimena da, Nafarroa Oinezen, partaidetza aktiboa izan dezaten. Lau proba bizi izango dira, taldeka gainditu beharrekoak, eta hainbat herriko ikastoletako ikasle guztiek parte hartuko dute.

Gune bakarreko ekimena izango da?
Ez, probak ibilbideko 4 guneetan egingo dira. Lehenengoan, ibaian baltsa baten gainean zubiraino iritsi eta eskalatu beharko dute; bigarrenean, puzzle bat osatu beharko dute; hirugarrenean, orientazio proba bat egingo dute; eta laugarrenean, lasto fardoen lasterketarekin amaituko dute. Proba guztiak bukatuta, final handia zezen plazan lehiatuko dute eta orduan jakingo dugu nor izango den Erronka 14ko txapelduna!

Nafarroako Mendi Kirolak eta Eskaladako Federazioaren laguntzarekin Oinez Gailurra ekimena ere antolatu duzue aurten.

Mendizaletasuna eta euskara gure kulturaren adierazle nabarmenak diren heinean, biak batzeko asmoz sortu dugun ekimena da Oinez Gailurra. Mendietara igoerak egin eta igotako mendia sinbolikoki babestea proposatu da proiektu honetan. Euskara gorenera, Euskal Herriko gailurretara igotzeko asmoz. 

Eta aurreko edizioetan abiatu zuten Txikiak Handi egitasmoari ere jarraipena emango diozue, ezta?

Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko, eta haien arteko zubiak eraikitzeko helburua duen proiektua da. Aurten, bi hizkuntza nagusituko dira: Saharako hassaniya eta Peruko quechua. Eta urriaren 19an, Karmengo Auditorioan egingo den ekitaldian, saharar herriko ordezkariekin batera euskara eta hassaniya hizkuntzen aldeko manifestua sinatuko da, gainera.

Nafarroako Gobernuak ez-euskalduntzat jotzen duen eremuan kokatzen da zuen ikastola. Zangozako Ikastolak etekin ekonomikoak zertarako erabiliko dituzuen aurreratzerik baduzu?
Gure ikastolak 35 urte daramatza Zangozaldean euskara eta euskal kulturaren normaltasunaren alde lan egiten, eta hori izan da urte honetako erronka nagusia. Alderdi ekonomikoari dagokionez, oraintxe ez dugu eraikuntza berrien beharrik eta proiektuaren iraunkortasunera bideratuko dugu, eta noski, aurreko Nafarroa Oinezekin hasitako eraikina ordaintzeko eskatu genuen mailegua desagertzea da gure asmoa.

Amaitzeko, zein da Zangozako Ikastolak etorkizunerako duen erronka nagusia?
Alde batetik, energia kontsumoa txikitzea: LH eta DBHko eraikina 1991. urtean egin zen eta energia kontsumo handiegia dakar. Bestalde, 2013-14 ikasturtean kalitatezko zentroa garela ziurtatzen duen zigilua KEI akreditazioa lortu genuen eta hobekuntzarekin jarraitzeko konpromisoa hartu dugu. Hala ere, hezkuntza proiektuaren kalitatea finkatzeak hainbat alderditan inbertitzea suposatzen du, hala nola, irakasleriaren prestakuntza, instalazioen moldaketa, informatika-ekipamenduaren jabetzea eta, azken finean, orokorrean, Ikastolako baliabideak handitzea.

Egitaraua