Lehiotikan, hardcore melodikoaren leihotik

Lehiotikan, hardcore melodikoaren leihotik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lehiotikan-hardcore-melodikoaren-leihotik/@@download/image/63p13-2.jpg
2006/05/05
erreportajea
Maiatzaren 14an, Leihotikan taldeak "Ilunago,  ederrago" izeneko diskoa aurkeztuko du Senperen, Herri Urrats jaialdiaren barruan. Leihotikanek hamabost kantu bildu ditu disko berri honetan. Maiatzaren 27an, Tarragonara abiatuko dira.


Hamar urte pasatxo joan dira Leihotikan taldea sortu zenetik. Urte guztiotan, Lehiotikan hardcore melodikoa euskaraz egin duen talde bakarretakoa izan da (Ezin Izan talde donostiar bikaina ahaztu gabe). Hain zuzen, disko honetan, Ezin Izan taldeari omenalditxoa egin diote Leihotikan-ekoek, "No oiras" kantuaren bertsioa eginez.

"Euskaraz hardcore melodikoa hutsaren hurrena izan da urte guztiotan", diosku Leihotikan-eko Aitorrek, "eta mundu mailan ere, agian pixka bat jaitsi da azken boladan. Gu hasi ginenean, Offspring edo Green day taldeek sekulako ospea lortu zuten, eta jende aunitz erakarri zuten, baina gaur egun oso gauza zaharkitua balitz bezala ikusten du jende askok estilo hau". Beraz, aitzindari burugogorrak izate hori onartu behar zaie Leihotikan-ekoei!

Anplifikadoreen soinua

Hala ere, gauza gehiago ere esan daitezke Leihotikan taldearen alde. Izan ere, Gor diskoetxearekin kaleratu duten "Ilunago, ederrago" honetan, inoiz baino helduago antzeman ditugu. Hardcore melodiko —eta tarteka, punk rock— ukituko hamabost kantu indartsu dira, eta soinua ere, aurreko hiru diskoetan baino hobea da. "Lau disko eta hamaika grabaketa eginda, azkenean eskarmentua hartu dugu estudioetan. Disko honetan, soinu zuzena eta naturala nahi genuen; anplifikadoreetatik ateratzen den soinua leial grabatzen saiatu gara", dio Aitorrek.

Korapiloak eta euskara

Hardcore kantuen artean, "Korapiloak" izeneko abesti zoragarria da salbuespena.  Oso pieza jostaria da, alaia eta festazalea, lagunartean kantatzeko modukoa: "Bertsoa Iñigo Ibarrak asmatua da, eta berak eman zigun doinua gure estilora egokitzeko. Hala ere, azkenean esan genion bere kabuz egiteko. Oso ukitu xarmanta eta berezia ematen dio diskoari". Gu ere ados gaude.

"Ilunago, ederrago"
da diskoaren izanburua. Esanahi asko izan ditzakeen titulua da, baina argi dago, Nafarroan euskarak bizi duen egoera latzarekin lotu daitekeela. Hain zuzen, horixe da Leihotikan-ekoek behin eta berriz azaleratu duten kezketako bat. "Aurreko diskoan ere "Nafarroa" kantua grabatu genuen, Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatu nahian. Nafarrak eta euskaldunak garen aldetik, ia behartuta ikusten dugu gure burua halako erreibindikazioak egitera", gogorazi du Aitorrek. Laukote honen espirituarekin, ederrago dator etorkizuna, ilunago baino.