Lehenengo zita zoragarria

Lehenengo zita zoragarria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lehenengo-zita-zoragarria/@@download/image/39p42-2.jpg
2004/03/05
erreportajea
Lehenengo zita zoragarria
Gustuko duzun neska-mutilarekin lehenbiziko hitzordua lortu duzu. Pozik zaude, baina baita urduri ere. Hona hemen lehen hitzordu horretan arrakasta izateko zenbait gomendio.

Gorputzean ezin kabitu zaude. Ez zaizu loteria egokitu, baina opari ederra jaso duzu: gogoko duzun neska-mutilarekin lehen hitzordua! Pozaren pozez zaude, baina zalantzak ere hor dabiltza, garuna mailukatuz: Gogoko izango al nau? Nola amaituko da gaua? Etxe atariraino lagundu eta muxu emanda, hurrengorako zita egingo al dugu?

Lehenengo hitzorduan urduritasuna eta zalantzak saihestezinak dira. Dena dela, zenbait gauza kontuan hartuz, errazagoa izango da zita hori gogoangarria izatea.
•
Urduritasunak zu ez menperatzea da kontua. Beraz, lasaitzen zaituen edo estuasuna urruntzen duen gauzen bat egin: igerilekura joan, bideojokoetan aritu, irakurri… Ondoren, dutxa bat hartu. Lasaitzeko balio dezake eta baita, bide batez, hitzordura txukun-txukun joateko ere. Mutilak, adi bizarrarekin, 'lija-gizonak' ez dira-eta nesken gustukoak izaten.
•
Arropa aukeratzekoan, eroso sentiaraziko zaituen zerbait jantzi eta, ahal dela, ongi doakizuna. Inork baino hobe dakizu zein arropak egiten dizun ondo. Aukera ezazu zerbait erakargarria. Ez erakutsi gehiegi; hobe irudimenari bide ematea.
•
Lehen minutuak oso garrantzitsuak direla diote psikologoek. Horregatik, saia zaitez naturala izaten. Zu zeu zarena izan, zaren bezala maite behar zaitu eta.
•
Isiltasunak min egiten du. Hala ere, hitz eta piz aritzea ere ez da komeni. Zertaz hitz egin ez badakizu, ez aipatu eguraldia, mesedez. Hori baino aspergarriagorik…
•
Bikotekideari hitz egiten utzi behar diozu, bera ere ondo senti dadin. Gainera, komenigarria da, noizean behin, entzuten ari zarela adieraztea: "Arrazoi duzu", "egia da"… Dena dela, esandakoarekin konforme ez bazaude, esan. Baina modu egokian esan; lehen hitzorduan eztabaidan hasiz gero, akabo!
•
Ez iezaiozu zure bizitza guztia kontatu: aurreko harremanak, haurtzaroa, ikasketak… Dena lehen egunean kontatuz gero, zer kontatuko diozu hurrengoan? Bestalde, familia kontuez ez aritzea, hobe: amaren gaixotasuna, amonaren maniak, zakurrari eman beharreko pilulak…
•
Dagoeneko pare bat ordu daramazue elkarrekin eta, beraz, zuen artean 'kimikarik' ote dagoen argitzeko garaia da. Begiradak, jarrerak eta keinuak oso adierazgarriak dira. Urduri dago eta edalontzia, zigarroak… erortzen zaizkio? Zurekin zora-zora eginda dago.
•
Oraindik ez duzu 'kimikarena' batere argi. Zerbait egin beharko duzu: egiozu laztantxo bat, emaiozu muxu bat. Ez zaio asko gustatu? Berak emandako muxuak ez zaitu sorgindu? Lasai, makina bat neska-mutil dago gurean, eta asko zurekin egoteko prest. Seguru.
•
Gustura egon zarete elkarrekin eta 'kimika' dagoela dirudi. Zer moduz sexu jolas batzuk? Agian, bai. Bestela, beste baterako utz dezakezue.

Ilusioak eragindako nahastea?


Lehendabiziko hitzordua arrakastatsua izan da. Beraz, beste lagun batean elkar ikusteko geratu zarete. Maitasun historia sendo baten hasiera izan daiteke, baina baita alderantzizkoa ere. Izan ere, harremanen hasieran, askotan bikotekidea idealizatzeko ohitura dugula diote psikologoek. Hau da, bereak ez diren ezaugarriak ematen dizkiogu maiteari: "Oso gozoa da", "inoiz ez dit kontra egiten", lasaia eta atsegina da"... Eta asteak eta hilabeteak pasatu ondoren, pixkanaka begiak irekitzen zaizkigu, eta amets batean bezala izan garela konturatzen gara. Bat-batean, bestearen akatsez edo ezberdin egiten gaituenaz ohartzen gara: Hortaz baliteke zuena harreman baten hasiera izatea, baina baita ilusioak eragindako nahstea izatea ere. Horrela bada, ez kezkatu; horrelakoetan ere ikasi egiten da. Ligatzeko makina bat aukera izango duzu aurrerantzean ere.