'Lehendakari Gaia' antzezlanaren emanaldiak asteburuan

'Lehendakari Gaia' antzezlanaren emanaldiak asteburuan Keinu arraro bat sortuko zaio lehendakarigaiari eta, horri konponbidea eman nahian, psikiatra agertuko da. Gaur Ordizian izango dira eta igandean Lezon. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lehendakari-gaia-antzezlanaren-emanaldiak-asteburuan/@@download/image/zuhaitz eta iker haundigo.png
2022/01/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Keinu arraro bat sortuko zaio lehendakarigaiari eta, horri konponbidea eman nahian, psikiatra agertuko da. Gaur Ordizian izango dira eta igandean Lezon.
'Lehendakari Gaia' antzezlanaren emanaldiak asteburuan

Txalo konpainiaren Lehendakari Gaia komedia antzezlana joan den ostiralean estreinatu zen Hondarribian, eta dagoeneko beste hiru emanaldi egin dituzte Durangon, Villabonan eta Mungian. Gaur Ordiziako Herri Antzokian ikusi ahal izango da, 20:30ean, eta igandean Lezoko Gezala Auditoriumean, 20:00etan. 

Lehendakari hautatu berria inbestidura-ekitaldirako hitzaldia prestatzen ari da; azken orduan, ordea, arazo larri bat sortuko zaio. Izan ere, ekitaldia eta hitzaldia eman beharrak aurpegian keinu edo tik arraro eta barregarria eragin diote hautetsiari eta ezin dio joera horri eutsi. Kenduezina denez, ekitaldi nagusia izorratzeko arriskua dago. Arazoa bideratzeko psikiatra bat agertuko da eta, ondorioz, bien artean berriketaldi dibertigarri eta nahasgarria sortuko da. Hainbat galdera sortuko dira antzezlanean zehar: Zer du bakoitzak ezkutatzeko? Zein dira bakoitzaren benetako motibazioak? Atzera begiratuta, bizitzan zerk ekarri ditu dauden lekura? Eta, batez ere, bata zein bestea, euren eginkizunetan bokaziodunak al dira?

Ramon Madaula da antzezlanaren egilea, eta Begoña Bilbao Lejarzegi aritu da zuzendari lanetan. Antzezleak, berriz, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga dira. 

Emanaldi ugari dituzte lotuta aurrerantzean ere. Urtarrilaren 27tik 30era Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira, 19:00etan. Otsailean, martxoan eta apirilean ere bete-betea dute agenda eta, honako herri hauetan izango dira datorren hilabetean: Zarautz, Azkoitia, Santurtzi, Elgoibar, Berriz, Andoain, Zizur, Amurrio, Viana, Arrasate eta Eibar. Agenda osoa hemen ikus daiteke.