Lehen liburu azoka egingo dute Hernanin bihar

Hernaniko Dobera euskara elkarteak lehen liburu azoka egingo du bihar Atsegindegi plazan, Hernaniko Udal Liburutegiarekin eta Kultur Sailarekin elkarlanean. Euskarazko liburuen ekoizpena ezagutzera eman eta euskal kultura sustatzea eta indartzea du helburu ekimenak. Hori dela eta, euskarazko liburuak baino ez dira egongo salgai.
Azoka 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara egongo da zabalik. Hamabi argitaletxe eta ekoizlek jarriko dituzte postuak: Dobera Euskara Elkartea, Susa, Alberdania, Ttarttalo, Elkar, Pamiela, Harriet Ediciones, Markel Oyarzabal, Igela, Hernani Errotzen-Nabarralde, Txalaparta eta Erein.
Azoka osatuko duten ekitaldiak ere antolatu dituzte. Gorka Olazabalen bakarrizketarekin zabalduko dute azoka 10:30ean, eta liburu aurkezpenak egingo dituzte 11:30etik 13:00etara. Juan Martin Elexpururen Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan, Markel Oiarzabal Ansaren Amaia gidoi-liburua, eta Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz Azkueren Gure faunari eta florari begira aurkeztuko dituzte. 13:30ean irakurraldia izango da Hernaniko Kale Literatura taldearen eskutik.
Arratsaldean Sorgina Txirulina ipuin kontalaria arituko da, 16:30ean, lau eta zortzi urteko haurrei zuzendutako Euskal mitologia gira eta bira ipuin musikatuekin. Ondoren, 17:30etik aurrera, Alberto Barandiaranen Gurea falangista zen eta Ana Malagonen Ez dakit zertaz ari zaren liburuak aurkeztuko dituzte. Amaitzeko, II. Kromiki lehiaketaren sari banaketa egingo dute 18:45ean.
Horretaz gain, postuetan hainbat egile izango dira liburuak sinatzen eta irakurleekin aurrez aurreko harremanean: Markel Oiarzabal (Amaia gidoi-liburua); Elena Martinez (Egun gorrietan); Ainara Azpiazu Axpi (Foixeko Katalina, Basoan barna); Goizane Aizpurua (Izarak); Yurre Ugarte (Lilurabera); Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz-Azkue (Gure faunari eta florari begira); Unai Elorriaga eta Alex Orbe (Jarraitu inurriari); Juan Kruz Igerabide (Doneaneko alaba) eta Ana Malagon (Ez dakit zertan ari zaren).