Lauroba: "Badugu ukitu berezi bat"

Lauroba: "Badugu ukitu berezi bat" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lauroba-quotbadugu-ukitu-berezi-batquot/@@download/image/90p58lauroba_1363212434.jpg
2008/11/07
elkarrizketa
2004ko udan ekin zioten bideari, Intxaurrondoko Gaztetxean. 2005ean eman zuten lehen kontzertua, eta 2006an Donostia pop rock lehiaketa irabazi zuten. "Gauari gauarekin" lehen diskoarekin datozkigu orain. Hona hemen Iker abeslari eta gitarra jotzaileak GAZTEZULOri  kontatutakoak.

Gor diskoetxeak ekoitzi du zuen lehen lana. Dioten bezain zaila dago diskoetxeen babesa aurkitzea?
Otsailean, estudiora sartu eta berehala, gure proposamena diskoetxeetara bidaltzen hasi ginen. Gor-era ere bidali genuen, baina ezezkoa eman ziguten, kontua oso gaizki zegoela eta. Ondoren berriz saiatu ginen, bost abesti zituen CD bat bidalita. Gustatu zitzaiela esan ziguten, argitaratuko zutela. Zortea izan dugu: hala ere.  garbi genuen diskoetxe baten babesarekin, edo babesik gabe, argitara emango genuela.

Zein abantaila diskoetxearekin aritzeak?

Promozioa da, batez ere. Sekula iritsiko ez zinatekeen hainbat tokitara ailegatuko zara. Hori da, behintzat, gure kasua. Bestela zaila izango genuke, ezinezkoa ez esatearren.

Karlos Osinaga Txap izan duzue teknikari. Gero eta talde gehiagok jotzen dute berarengana...

Bere azken lanak entzun eta gero, ez genuen zalantzarik. Eskarmentua nabari zaio, sekulako eskua du, eta ederki antolatu zigun dena. Berez, nahikoa lotuta genuen dena, guk prestatutako maketa bat eraman baikenuen 20 abestirekin. Baina inprobisazioari ere tarte pixka bat utzi genion.

Hitzei erreparatuta, gaua eta sexua oso presente daude diskoan.

Bai, baina horrela suertatu delako. Grabaketa bukatu eta diskoaren izena pentsatzen hasterakoan, horretaz konturatu ginen. Modu natural batean atera zaizkigu gauzak.

Oraindik arrazoi izango duzu "Ez nintzen irten behar" abesten duzunean…

Egia izango da, bai; kar, kar. Agian horrek behar zuen diskoko lehen abestia, eta ondoren beharko lukete gainerakoek.

Hainbat taldetan arituak zarete lehenago: Utikan, Denok… Haien eraginik sumatuko du entzuleak?

Tira, Utikanen azken etapatik, agian. Taldearen azken 3 urtetan gitarra jotzen eta abesten aritu nintzen. 11 Bide taldean ere, kanta gehienak konposatu nituen abestu eta gitarra jotzeaz gain. Izan dezake ukitua, nahiz eta estiloa gogorragoa zen. Bestela, Laurobarekin ez dugu ezer berririk asmatu, nahiz eta baduen nolabaiteko ukitu berezia: pop-rock taldeak badiren arren, gutxi ari gara euskaraz. Hortaz, zerbait freskoa entzun nahi duenak proba dezala Laurobarekin.