Laude ez da azaldu

ETB 1en, "Martin" telesailaren eta "Basetxea" saioaren atal berriak, doku-erreportajeen aldeko apustua eta giza informazioarekin lotutako gau bat.
Gaztelaniazko katean, "Vaya semanita" saioaren arrakastari eutsi, eta reality eta show bana egitea aztertzen ari omen dira. Horixe ekarriko omen digu Euskal Telebistaren denboraldi berriak, eta horixe nik zuekin aipatu asmo nuena. Baina beste gai bat sartu zait ziztu bizian ezkerreko begira, ezten txiki baten moduan. Laudelino Iglesias euskal presoa askatu zuten udan, 23 urte eta 10 hilabete kartzela nozitu ostean, horietarik 15 erabateko isolamenduan, eta tarte horretan ama ikusten ere ez zioten utzi.
Ezagutu dituen 30 kartzeletan piztien pare tratatzen zutela salatzeko, hamaika gose greba eta protesta egin du, osasuna galdu ere bai, eta, horri esker, hasieran ezarria zioten 20 urteko kartzela zigorrari beste hainbeste erantsi zizkioten. Ez dut ezagutu hainbeste urte hain egoera gogorrean pasatu eta hain tinko mantendu den preso sozialik. Eta, Lauderi entzunda, badirudi gehiago ezagutzeko beta izango dudala, bera hain anker tratatu duen gizalegeen aurkako legeak indarrean jarraitzen baitu Espainiako Estatuan. Izan ere. Lege horri argi berdea piztu zion alderdia, PSOE, boterera itzuli berri da Madrilen. Hau guztia zergatik diodan? ETBko inongo albistegitan ez dudalako entzun Laudelinoren aipamen txikiena ere, EA, EB-IU, Batasuna, ELA, LAB, Salhaketa eta Senideak taldeek 2001ean Lauderekin egiten ari zirena oso larritzat jo arren. Denboraldi berriari ez dizkiot saio berriak bakarrik eskatu nahi. ETBk Laude bezalako beste jende klase askoren egoerak erakustea nahi nuke. Ba omen datorren doku-erreportaje sorta horretako atal batean, agian?
"Star Academy" bueltan

Star Academy saioaren laugarren edizioari ekin zioten TF1en, irailaren 3an. Saioak arrakasta izan du Frantzian: iazko edizioaren finalak 10 milioi ikusle izan zituen. Antza, jendea ez da artistagai gazteen arinkeriaz nekatzen.
Moda aitzakia

Toni Canto, Melanie Olivares Espainiako aktore ezagunak ari dira "De Moda"-n, ETB2n berriki pantailaratzen hasitako telesailean. Iker Lastra aktore bizkaitarrak ere bertan dihardu. Telesailak saio arrakastatsuen ezaugarriak ditu: leku publiko bat arropa denda- maitasun hiruki bat, eta aktore ezagunak.