Lau ikasle suitzarrek Alpetako glaziar bat artilez estali dute desizoztea geldiarazteko asmoz

Lau ikasle suitzarrek Alpetako glaziar bat artilez estali dute desizoztea geldiarazteko asmoz Horri esker, desizoztea erdira jaitsi dela jakin dute, eta kutsagarriak izan daitezkeen bestelako materialak erabili gabe. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lau-ikasle-suitzarrek-alpetako-glaziar-bat-artilez-estali-dute-desizoztea-geldiarazteko-asmoz/@@download/image/1100239-Lana-de-oveja-protege-hielo-de-glaciar.jpg
2026/10/08

Testua: Maitane Legarreta
Argazkiak: nevasport.com

Horri esker, desizoztea erdira jaitsi dela jakin dute, eta kutsagarriak izan daitezkeen bestelako materialak erabili gabe.
Lau ikasle suitzarrek Alpetako glaziar bat artilez estali dute desizoztea geldiarazteko asmoz
Suitzako Lausana Unibertsitako lau ikaslek Keep it wool ("Eutsi artileari") izeneko proiektua jarri dute martxan Summit Foundation erakundearekin batera. Maxime Galley, Elliot Gaffiot, Jose Bastidas eta Leonard Duloube ikasleek bultzatutako ekimenak Vaud kantonamenduan dagoen Les Diableretseko glaziarraren zati bat artilea erabilita estaltzea zuen helburu, etenik gabeko desizoztea moteldu edo galarazi zezakeen jakiteko.
 
Ekainetik irailera egin dute esperimentua Tsanfleuron, 3000 izenez ezaguna, glaziarreko 200 metro kuadro estalita. Estalkia sortzeko erabilitako material nagusia artile suitzarra izan da, naturala eta biodegradagarria, legarrez betetako malta-zaku birziklatuekin loturik. 
 
Ideia Nathalie Dietschy UNILeko Artearen Historiako irakasleak 2025ean Veveyn aurkeztutako erakusketa batetik sortu zen. Glazers Under Cover izenburua zuen erakusketak, eta poliester eta polipropilenozko estalkien erabilera kritikatu zuen, euria eta higadura tarteko, material horiek elurra, izota eta mendietako ura kutsatzen dituzten mikroplastikoak aska ditzaketelako. 
 
 
Arazo horri heltze aldera, ikasleek ardi-artilea erabiltzea erabaki zuten, material naturala, biodegradagarria, berriztagarria eta bertakoa delako. Udan, bi astean behin, estalpeko eremuen erdian jarritako hesolekin neurketak hartzen ziren, elur eta izotz galera kontrolatzeko. Artilezko estalkiak eguzki-erradiazioari eta beroari aurre egiteko balio izan du neurri batean, eta desizoztea % 50 eta % 70eko tartean murriztea lortu dute epe horretan. Erabilitako bi prototipoetatik, lodiagoa dena zertxobait eraginkorragoa izan da.
 
Lehen emaitzek erakutsi dute estaltzeko erabili ohi diren materialen antzeko babesa eskaintzen duela artilearekin egindakoak. Hala ere, ikertzaileek ohartarazi dute datu horiek xehetasun handiagoz aztertu behar direla behin betiko ondorioak ateratzeko. Ikasleek argi utzi dute artileak ez duela glaziarren desagerpena geldiaraziko, eta mundu mailako berotegi-efektuko gas-isurpenen murrizketa dela 

desizoztea galarazteko bide nagusia.