Larunbatean manifestaldia egingo dute Donostian, 86/08 auzian zigortutako gazteen alde

Larunbatean manifestaldia egingo dute Donostian, 86/08 auzian zigortutako gazteen alde https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbatean-manifestaldia-egingo-dute-donostian-8608-auzian-zigortutako-gazteen-alde/@@download/image/elkarretaratzea_1365672201.jpg
2013/04/11
berria
Argazkia: Kattalin Miner. Irutxuloko Hitza.
Larunbatean manifestaldia egingo dute Donostian, 86/08 auzian zigortutako gazteen alde
Astelehenean jakin genuen Espainiako Auzitegi Gorenak Donostialdeko zortzi gazteri ezarritako espetxe zigorra berretsi duela Segi gazte erakundean egindako lan politikoagatik; beste zazpi errugabetzat jo eta absolbitu egin ditu. Ordutik, Donostiako Bulebarrean Aske Gunea ezarri dute, eta elkarretaratzeak egiten dituzte egunero, 12:00etan eta 19:00etan. Larunbaterako manifestaldia deitu dute.


2007ko urrian, Grande Marlaska epailearen aginduz, Donostialdeko zazpi gazte atxilotu zituen Espainiako Polizia Nazionalak. Operazioaren bigarren saioan, azaroaren 7an, beste 19 neska-mutil arrastatzeko agindua eman zuen; horietako lau atzeman zituzten, eta gainerakoak beren kabuz joan ziren Madrilera abendu hasieran. Epaileak ez zien hitzordurik eman, eta Entzutegiko atarian bertan atxilotu zituzten. 26 espetxeratuetatik 11k tratu txarrak salatu zituzten.

Sei urteren ostean, astelehenean, Espainiako Auziegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen, eta 15 gazteetatik zazpi errugabe jo baditu ere, beste zortziri "talde terroristako kide" izatea egotzi die, delitu ekintzarik egin dutela frogatu ez arren, eta sei urteko espetxe zigorra ezarri.

Orotara, prozesu osoan zehar, lau epai jaso dituzte gazteek: 2010eko urrian seina urteko zigorra ezarri zien guztiei Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina urte bete beranduago zigorra baliogabetu zuen Auzitegi Gorenak, gazteen defentsak aurkeztutako frogak kontutan hartu ez zirela argudiatuta. Iaz, azaroan, sei urteko espetxe zigorra ezartzen zien bigarren epaia kaleratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta iragan astelehenean berretsi zuen epaia Auzitegi Gorenak.

Aske Gunea
Asteartetik, Donostiako Bulebarra Aske Gune bilakatu da. Egunero, 12:00etan eta 19:00etan, elkarretaratzeak egiten dituzte, eta mobilizazioetara batzeko deia luzatu diete herritarrei, gazteei babesa erakusteko eta epaia onartzen ez dutela salatzeko.

Atzo bertan, apirilak 10, ertzainak indarrez sartu ziren Aske Gunera eta Ekaitz Ibero gaztea atxilotu zuten. Auzi honetan absolbitu egin duten arren, lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten beste auzi batean kale erasoak egotzita, eta espetxera sartzeko data jarri zioten; Iberok ez joatea erabaki zuen, eta atzo atxilotu zuten. Bertan zeuden herritarrek hura babesteko ahaleginak egin zituzten giza katea osatuz, baina ertzainek indarrez eraman zuten. Hainbat lagun zauritu zituzten.

Honenbestez, elkarretaratzeetara hurbiltzeko deia indar handiagoz zabaldu, eta bereziki, larunbateko manifestaldira batzeko eskaria egin dute gazteek. Halaber, jasotako babesa eskertu dute. Edozein unetan atxilotu eta espetxaratu ditzakete, baina amore eman gabe, borrokan jarraituko dute.

2010eko testigantza


Orain bi urte, lehen epaia ezagutu aurretik, GAZTEZULOk Aitor Olaizola auzipetuarekin hitz egin zuen. Hemen artikulua eta elkarrizketa.