Lander Arretxea: "Alternatibak garatzea ezinbestekoa da krisien menpe bizi ez gaitezen"

Lander Arretxea: "Alternatibak garatzea ezinbestekoa da krisien menpe bizi ez gaitezen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lander-arretxea-alternatibak-garatzea-ezinbestekoa-da-krisien-menpe-bizi-ez-gaitezen/@@download/image/bb_201511185181_1450088155.jpg
2015/12/09
elkarrizketa
Saioa Baleztena (@SaioB)

Kapitalismoaren alternatibak ezagutu asmoz Euskal Herria zeharkatu dute O.Rojas, X.Ramirez, I.Zubiria, I.Salegi, E.Arzallus eta L.Arretxeak. Gaur hasiko dute Baionan  'Gure kabuz ala hil' dokumentalaren aurkezpen bira.


Noiz eta nola suertatu zitzaizuen dokumentala egiteko ideia?

Euskal Herrian, eta baita hemendik kanpo ere, gero eta indar handiagoa hartzen ari den ideia da ondokoa: ekonomia ere bada gizartea eraldatzeko tresna. Horren erakusle dira Bilbon egin zen Alternatiben Herria bezalako ekimenak. Aldi berean, euskal gazte gehienok ez dugu gure bizibidea eraikitzeko aukerarik, prekarietatea oso orokortua dago. Bi ideia horiek lotzetik sortu zen ‘Gure kabuz ala hil’ izendatu duguna: gazte mugimenduan eztabaida piztu eta jada martxan dauden alternatibak ikusarazi nahi dituen dokumentala.

Nola deskribatuko zenuke topatu dituzuen alternatiben argazkia?

Kapitalismoaren logikak agintzen dituen egiteko moduak zalantzan jarri dituzten proiektu pila bat daude Euskal Herrian, hasiera batean uste genuena baino askoz ere gehiago. Gainera, lurralde historiko guztietan aurkitu ditugu adibideak, eta makina bat lan-esparrutan: nekazaritzan, ostalaritzan, komunikazioan, hezkuntzan… Denek partekatzen dituzte horizontaltasuna eta autogestioa bezalako oinarri sendoak, baina aldi berean oso anitza da Euskal Herriko alternatiben argazkia. Batzuk bestela ere badagoen lan jarduera bat antolatu eta kudeatzeko modu eraldatzaile bat bilatu dute, eta beste batzuk bizi eredu oso bati alternatiba izango dena nahi dute eraiki.

Dokumentala egin ondotik baieztatu dezakezue, beraz, alternatibarik badagoela?

Bildu ditugun testigantza horiek guztiek erakusten dute baietz: kolektiboki eta autogestiotik sortu daitezkeela lana, ekonomia eta bizitza bera beste modu batera ulertuko duten proiektuak. Dokumentalak ez du alternatiba bat eta bakarra erakusten, baina badago esaldi bat hitz potolorik erabili gabe dokumentalaren muina azaltzen duena: "Gazteok urte pila bat daramatzagu gaztetxeetan aisia eta kulturarekin lotutako beharrei elkarlanean eta gure kabuz erantzuten. Orain, beste behar batzuk ere baditugu; zergatik ez diegu modu berean aurre egiten?"

Eztabaida zabala da, hala ere, krisiak eragiten duen alternatiba horien sorkuntza...

Oparotasunetik urrun gaudenean gehiago begiratzen diegu alternatibei. Hori egia da: krisia esaten diogunak batzuok asetzat jotzen genituen beharrak berpiztu ditu. Baina aldi berean, krisiak berak erakutsi digu ezin dugula gure bizitza eta etorkizuna diruaren menpe dagoen gizarte eredu baten esku utzi. Batere erreparorik gabe utzi ditu miloika pertsona pobreziara kondenatuta, gutxi batzuk aberastu diren bitartean. Beraz, krisiak agerian uzten du alternatiben beharra, baina alternatibak garatzea ezinbestekoa da halako krisien menpe bizi ez gaitezen. 

Ez duzu uste izaera bertsua duten hainbat ekimenek ez dutela izaten elkarren berri? Dokumentalak balio dezake agian alternatiba horien sarea sustatzeko?

Gazte mugimenduan eztabaida sakon bat martxan jarri ahal izateko oinarria sortzea nahiko helburu handia da bere horretan. Baina egia da, elkarrizketak egin ahala, ideia hori ere burura etorri zaigula. Sare antolatuak ere badaude, baina orokorrean alternatibak lantzen ari direnek ez dute elkar ondo ezagutzen, eta horrek gaizki-ulertuak sortzen ditu batzuetan. Nahiko genuke dokumentalean agertzen diren proiektuetako kideen artean harremanak sortzea: elkarlanean aritzeko posible denetan, eta zergatik ez, baita eztabaidatzeko ere.


Argi dago alternatiba aniztasuna dagoela, baina oraindik ere kapitalismoak indar handia du gizartean.

Gehiago edo gutxiago, denok bizi gara kapitalismoan murgilduta. Gure bizitzaren alor askotan, gehienetan ziur asko, eragiten digu. Baina kapitalismotik kolpetik irten eta den-dena aldatzeko gai ez bazara, ezin duzu alternatibarik eraiki? Guk uste dugu baietz. Inertzia asko ditugu barneratuta, eta horiek aldatzeak kontzientziazioa eta ahalegina eskatzen ditu, baina gure eguneroko bizitzan hartzen ditugun erabakiekin ere ari gara egiteko modu jakin baten eta mundua ulertzeko modu baten alde edo kontra egiten. Eta zentzu horretan, uste dut gero eta jende gehiago ari dela bere kontsumoa, harremanak, lana eta abar zalantzan jarri eta kapitalismoa pixkanaka pitzatzen duten pausoak ematen. 

Zergatik da zaila, oraindik ere, ekimen horietara jendearen gehiengoa erakartzea?

Ekimen hauetako asko txikiak dira, eta ez dute egitura erraldoi izateko anbiziorik. Baina egia da orokorrean alternatibak lantzen ari diren proiektuek ikusgarritasun falta ere badutela. Dokumentalarekin saiatu gara hor ere ekarpen txiki bat egiten, nahiz eta asko kanpoan utzi behar izan ditugun. Hala egiten ari ez direnekin konparaketa eginez gero, gutxi dira kapitalismoaren logika auzitan jarriz lanean ari direnak? Bai, noski. Baina ziur asko duela urte pare bat baino dexente gehiago izango dira, eta hemendik urte pare batera baino gutxiago.

Tira, nolakoa izan da dokumentala egiteko jarraitu duzuen lan dinamika?

Seikotea osatu dugunon artean, Topatutik datozen biek soilik zuten esperientzia dokumentalgintzan, eta haiek ere, justukoa. Ikasketa eta moldaketa prozesu etengabea izan da beraz, eta krisiz krisi atera diren ideia berrien bidez eman diogu gidoiari azkenean hartu duen forma. Edukiari begira, nahiko lan horizontala izan da, eta denok hartu dugu prozesuan parte. Baina egia da alor estetikoaren meritu osoa Eneritz Arzallusena izan dela, eta produkzioaren gora-beherak Iraitz Salegik kudeatu ditu batez ere. Hala ere, lan dinamikaz esan daitekeen onena da gutako batzuk elkar ezagutzen ez bagenuen ere, dokumentalarekin bezain gustora (edo gustorago) gaudela abentura honi batera heltzeak eman dizkigun bizipen guztiekin.

Azken emaitza crowdfundingari esker gorpuztu ahal izan duzue. Zaila izan da behar zenuten kopurua lortzea?

Ez gaude proiektu bat aurrera eramateko dirua eskatzera ohituta, eta erreparo pixka bat ere bagenuen. Baina oso azkar lortu dugu behar genuen gutxieneko kopurua, eta poztekoa da, jende askori dokumentala benetan beharrezkoa iruditu zaiola erakusten duelako. Dokumentala Ernaik eta Topatuk bultzatu dute, eta horrek ere erraztuko zuen lana, merezimendu osoz irabazitako zilegitasuna baitute. Gainera, dokumentalean parte hartu duten proiektu guztietako kideek ere egin dute laguntzeko ahalegina, dela diru ekarpena eginez, dela lagunartean zabalduz.

‘Gure kabuz ala hil’ dokumentala Donostiako Guardetxean egin zenuten. Zein harrera izan zuen?

Urduri ere bageunden, sei hilabetetako lana lehenengo aldiz sozializatzea tokatzen zelako, baina ezinhobea izan zen Guardetxeko aurkezpen gaua. Dokumentalean agertzen direnak eta crowdfundingean parte hartu zutenak etorri ziren batez ere, eta aukera izan genuen batzuekin zein besteekin lasai hitz egiteko. Gainera, dokumentalaren aurkezpenaz gain, Lakari Koop-eko neskek prestatutako luntxa izan genuen, eta ondoren Liher Band-en kontzertua zoragarria eta Basanabasa DJak. "Baina"-rik jartzekotan, kritika guztiak onak izan ziren, onegiak agian. Pentsatzen dut aurkezpenetik kanpo eta lasaiago, kritika zorrotzago batzuk ere etorriko zaizkigula. Seinale ona litzake. 

Aurkezpen birarako hamaika hitzordu itxi dituzue dagoeneko. Lehena gaur, Baionako Kalostrape ostatuan. Arrazoi bereziren batengatik hasiko duzue bertan?

Donostiako aurkezpenaren ostean Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan aurkeztea erabaki genuen, eta Baionakoa izan da aukeratu dugun lehena. Hurrengo egunean aldiz, 10ean, Bilbon izango gara. Dokumentalaren aurkezpena baino gehiago, bertatik abiatutako eztabaida eta hausnarketa saioak izatea nahi genuke. Dokumentalaz hitz egin beharrean, dokumentalak mahai gainean jartzen duen gaiaz hitz egiteko moduak eta dinamikak proposatuko ditugu horretarako. Herri bakoitzean desberdina izango da ziur asko, bertan daudenen galdera eta iritziek gidatuko dute-eta.

Amaitzeko, hemendik aurrera zein da zuen erronka nagusia?

Dokumentala osatzea lan handia izan da, baina orain hori bezain garrantzitsua den bigarren zatiari heltzera goaz: aurkezpen eta eztabaida saioei. Datozen hilabeteetan hori izango da gure lana, eta saiatuko gara bertan ateratzen diren hausnarketak nolabait pilatu eta antolatzen, dokumentalaren osagarri. Harago begiratzen ez gara hasi oraindik, baina egia da lan-talde ederra sortu dugula, eta seguru geldituko zaigula elkarrekin beste zerbaiti heltzeko gogo hori.


AURKEZPEN BIRA


Abenduak 9: Baionako Kalostrape ostatuan (20:00)
Abenduak 10: Bilboko La Bolsan (18:30)
Abenduak 14: Iruñeako Katakraken (19:00)
Abenduak 16: Gasteizko Hala Bedi tabernan (19:00)
Abenduak 17: Plentziako Gaztetxean (19:00)
Abenduak 23: Bergarako Gazetetxean (19:00)
Abenduak 28: Galdakaoko Gaztetxean (18:30)
Abenduak 29: Lizarrako Gaztetxean (18:00)
Abenduak 30: Azpeitiako Gaztetxean (18:00)
Urtarrilak 15: Laudioko Gaztetxean (18:00)
Urtarrilak 15: Altsasuko Gaztetxean (19:00)
Urtarrilak 22: Errekaleor Zineman (19:00)
Urtarrilak 23: Lekeitioko Azkue Aretoan (17:00)
Urtarrilak 24: Zarauzko Gaztetxean (18:00)
Urtarrilak 25: Bilboko 7Katu gaztetxean (18:00)
Urtarrilak 29: Oreretako Gaztetxean (17:00)