Landarearena

Landarearena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/landarearena/@@download/image/katixa5.jpg
2007/05/04
erreportajea
Katixa Agirre


Etxe berrira aldatu nintzenean amak opari bat egin zidan: landare bat. Oso landare indartsu eta erresistentea zela argitu zidan. Zaintzen erraza. Argi natural apurra eta astean behingo ureztatzearekin nahikoa omen zuen bizitza honetan aurrera egiteko. Seguru naiz zuk ere egin dezakezula, esan zidan, maltzurki.

Eta zin degizuet nik ere gai ikusten nuela neure burua. Landare horrek, gurean, bizitza oparo eta zoriontsua izango zuela sentitzen nuela.

Orain dela aste batzuk, ordea, landare behinola berdea, horitzen hasi zen. Denboraldi aldaketa zetorrela eta kolore berriak probatzea ez zegoela gaizki esan nion neure buruari. Handik gutxira bere hostoek, sabaira begiratu beharrean, animua galdu eta parketari begiratzea erabaki zuten, goibel. Tira, etxeko bazter berriak ezagutu nahiko ditu, bada! Hostoak galtzea izan zen hurrengoa, eta orduan hasi nintzen larritzen: udaberrian hostoak galtzea baino gauza tristeagorik!

Ez dut agonia osoaren kronika egingo. Bukaera errebelatuko dizuet: azkenean, hil egin da landarea. Kaput.

Hileta duin bat egin genion: zabor organikoaren ontzira bota genuen, bizitzaren zikloa bete zedin-edo.

Pitokeriak. Landarea hilda dago betiko eta ni naiz erruduna. Ni, arduratsu jokatuko nuela neure buruari agindu niona. Eta egia da arduratsu jokatu nuela: lehenengo astean. Gero, ahanzturara kondenatu nuen landare gaixoa.

Ureztatzearena oso noizean behin egiten nuen. Leiho ondotik kendu nuen sofa bat erosi genuenean, eta izkina ilun batean kokatu, traba egin ez zezan.

Hori bai, landareaz gogoratzen nintzenean, ederki tratatzen nuen. Hitz egiten nion eta guzti. Zer moduz, laztana, aspertu egiten zara, egun osoa loreontzi horretan sartuta? Tira, kasu handirik ez nion egingo, baina berarekin nengoenean, kalitatezko tratua eskaintzen nion.

Badakit zurikeria hutsa dela. Maitalearekin egon eta gero emaztearengana bonboi-kaxa batekin itzultzen den senarraren jokamoldea. Lanagatik alabari kasu gehiegi egin ez eta gero bere gutizia guztiak betetzen dituzten gurasoen estrategia.

Emaitza agerikoa da. Eta tragikoa. Landareekin, pertsonekin bezala, gakoa ez datzalako kalitatezko momentu esporadikoak eskaintzean, baizik eta ureztapen eta argiztapen jarraituan. (Oraindik ez diot amari berri txarra eman).