Laku bat munduan

Laku bat munduan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/laku-bat-munduan/@@download/image/2011525415herri_urrats_2.jpg
2012/12/13
berria
Senperen sekulako festa izango da igande honetan: giro polita, jendetza, kontzertuak, jan-edana, ikuskizunak... guztia Iparraldeko ikastolen alde. Berri Txarrak ere bertan izango da, eurena da aurtengo Herri Urratsen kantua: "Laku bat munduan amets egiteko/Mundu bat lakuan itsaso izateko..." 

Lakuaren inguruan hainbat gune atondu dituzte antolatzaileek, bakoitza bere eskenatoki, txosna, saltoki eta zerbitzuekin. Euskal herrialdeen izenak jarri dizkiete guneei; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa, eta haurrentzako bereziki prestaturiko beste gune bat ere izango da.
Gune bakoitzak bere eskaintza izango du. Ordutegi eta programazio zehatza osorik ezagutzeko Herri Urratsen webgunera sartzea duzue egokiena, baina 'aperitif' modura aurreratzen dizuegu zerbait.
Nafarroako gunean esaterako bertsolariak, Begiz begi, UK bill, Patxi ta konpainia, Izate, Berri Txarrak eta Emon izango dituzue goizeko hamarretatik arratsaldeko seirak bitartean. Araban Errenteria musical, Cercle Armor Argoat, Mutxikoak, Iparraldeko gaiteroak, Herri Urrats Kantuz, Luar Na Lubre, Tapia eta Nahas. Edota Gipuzkoan Hala doaz, Goazen, Kukai, Abolicao Capoeira, Korrontzi & Oinkari, Gorpitz eta Made in hip hop.
1984ean lehen Herri Urratsa antolatu zenetik sekulako laguntza suposatu du Ipar Euskal Herriko ikastolentzat bertan jasotako diruak. 1996rarte bildurikoek Xalbador Kolegioa eraiki eta egokitzeko balio izan zuten. Eta ordutik gaurdainokoek Sohüta, Garazi, Ortzaize, Garazi, Amikuze, Oztibar, Donaixti, Ziburu, Hazparne, Senpere, Kanbo, Urruña, Hiriburu eta Angeluko ikastola eta kolegioetan hobekuntzak sartzeko balio izan dute besteak beste.
Ezaguna da Ipar Euskal Herrian ikastolek bizi duten egoera delikatua izan dela beti, instituzioen aldetik laguntzak eskuratzeko zailtasun handiak izan baitituzte. Aurten ere beharrezkoa izango da lakua laguntzaz betetzea. Seaskak, atakaren larritasuna salatzeko manifestazioa ere deitu apirilaren 30ean Baionan. Geroz eta ikasle gehiago dituzte bertako ikastolek, baina laguntzek ez dute gora egin; Frantziako Hezkuntzak ez du 2009an adostutako akordioa bete. Irakasle bakoitzak 37 ikaslerekin aritu beharko du irakasle gehiagorentzako soldatetarako dirua biltzen ez bada.

Tantoka itsaso bat osatzea da ideia. Lakuaren bueltan egun polit bat igaroaz bakoitzak bere ekarpentxoa egitea. GAZTEZULOkoek behintzat ez dugu hutsik egingo!

Herri Urrats 2011 kantua (Berri Txarrak)

Nor garen ez dakite
baina nor gara gu,
nortasun agirian
gezur bat daukagu.
Folklore kulturaren,
gasna ta piperraren
inperioan bufoi gabiltz.
Zer litzake mundua
lau-buru bat balitz?

Ezin geldirik egon
postaletarako,
zaratatsuegiak
museotarako…
Ardi beltz zaurituak,
labelez zurituak,
ez gara diruz bazkatzen.
Ez dugu izateko
baimenik eskatzen.

Laku bat munduan
amets egiteko
Mundu bat lakuan
itsaso izateko.