Lain: “"Aukera guztiak baliatuko ditugu”"

Lain: “"Aukera guztiak baliatuko ditugu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lain-quotaukera-guztiak-baliatuko-dituguquot/@@download/image/lain_1362744020.jpg
2009/04/03
elkarrizketa
Patxi Uranga
bide polita egiten ari da Lain taldea. Lain 2008an sortu zen Billabonan, eta "Gaztea" maketa lehiaketa irabazi berri du. pop rock talde hau gazte askoren talde kuttuna bilakatu da jada.

Noiz eta nola sortu zen Lain?
Taldea 2008ko urtarrilean sortu zen, baina otsaila amaieran hasi ginen, entsegu lokala lortu genuenean. Leirek eta Kristinak bideo bat zintzilikatuta zuten Youtuben: bideo horretan, Lor taldearen Zure doinua kantatzen ageri ziren. Ondoren, Leirek eta Kristinak bi kantu propio prestatu zituzten 2007ko kantu txapelketarako. Jon, Javi eta Imanolekin elkartzea izan zen hurrengo pausoa, eta kantuei berriak sortzea. Taldea sortu zenean, 17 urte genituen denok.

Nolakoa da taldearen egunerokoa?

Bi orduko entseguak egiten ditugu, astean hiru aldiz. Egitekoak denen artean banatzen ditugu eta, orokorrean, ondo daramagu.

Iaz Gaztea maketa lehiaketa irabazi zenuten…

Sekulako bultzada izan da, aurrera segitzeko indarra eman digu. Gaztea Irratia eta Myspace ataria  ere laguntza handia izan dira, orain jende gehiago dator kontzertuetara. Gainera, bultzada handia izan da hilabete barru kalean izango dugun maketa grabatzeko.

Kontzertuetan, nolako harrera izaten ari zarete?

Oso ona. Kontuan izan gure lehen kontzertua duela urtebete baino gutxiago eskaini genuela. Kontzertu berezienak azken aldikoak izaten ari dira, eta datozenak ere hala izatea espero dugu.

Badago bereziki aipatuko zenuketen kontzertu bat?

Bai, uztailaren 28an Kartrela, Dark Avenue, Deskontrol eta Etsaiak taldeekin Billabonan eskainitakoa. Jende mordoa bildu zen, eta herritarrek gurekin zeudela erakutsi ziguten. Zaldibiakoa ere berezia izan zen, zaldibitarrek harrera bikaina egin ziguten, eta Zea Mays taldearekin aritzea oparia izan zen. Azkenik, Tolosako inauterietan Hesian taldearekin egindakoa aipatu behar: jendeak abestiak zekizkien, eta amaierakoa gurekin abestu zuten. Kautako lagunek eurekin aritzeko aukera eman izana ere eskertzekoa izan da.

Nola ikusten duzue hemengo musika panorama?

Mundu hau oso gogorra da, eta gutxik dute guk izandako aukera. Teknologiarekin batera, panorama aldatzen ari da, eta horrek ateak ireki edo itxi ditzake.

Etorkizunari begira zein asmo duzue?

Musikarekin jarraituko dugu, kontzertuak eskainiz eta ahalik eta musika gehien eginez. Etorkizunari ez diogu erreparatzen: ez dugu presiorik nahi. Hala ere, aukera guztiak baliatuko ditugu.