Lagun ohiaren zama

Lagun ohiaren zama https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lagun-ohiaren-zama/@@download/image/22p17-1.jpg
2002/09/06
erreportajea
Jon Odriozola
Zer moduz moldatzen zara mutil edo neska lagun ohiarekin? Ondo? Gaizki? Begira dezagun nolako harremanak dituen jendeak lagun ohiarekin. 

Bikotea hautsi da… "baina, ondo bukatu dugu; lagunak gara oraindik". Horra hor honelakoetan gehien entzuten den azalpenetako bat. Eta beharbada, egia da, hasieran behintzat. Gero gauzak, batzuetan, okertu egiten dira. Beste batzuetan ez, ordea. Ez dago dudarik, hala ere, onena ongi moldatzea dela (zertarako izan beste etsai bat?), baina… bizitza horrelakoa da.

Laburbilduta, gai honetan, lau talde daude. Lehenik, gupidarik gabeko borrokalariak. Bigarrenik, oraindik ere lagunak direnak. Hirugarrenik, elkar maitatzera kondenaturik daudenak. Eta azkenik, okerrenak: lagun plantak egin baina elkar ikusi ere ezin dutenak.

Gerrazaleak

Ezin zaie hipokresiarik leporatu: gerran daude aspalditik eta ez dute gorrotoa ezkutatzeko ahalegin txikiena ere egiten. Gerrazaleek mota guztietako armak eta taktikak erabiltzen dituzte mutil edo neska lagun ohia birrintzeko. Kasurik ez egitea (edo kasu egitekotan, pozoidun geziak bata bestearen atzetik jaurtitzea), lagunartean gaizki esaka ibiltzea, bere "sekretuak" zabaltzea… denak balio du; min egitea da kontua.

Lehen pozoia aipatu dugu, eta gerra honetan pozoia ezinbesteko osagarria da. "Aspergarria eta zeurekoia zara", "nire egungo mutila (edo neska) zu baino askoz hobea da", "nire bizitzako egunik okerrenak izan ziren haiek", "sexuan baldarra baino baldarragoa zara"…  Uff! Egiak ala gezurrak izan, irakurtze hutsak beldurra ematen du… Dena dela, bide honetatik abiatuta, kontuz ibili beharra dago. "Hain aspergarria eta neurekoia banaiz, nolatan igaro zenituen bi urte nirekin?" , erantzun dezake berak. Eta zer esan behar zaio, orduan?

Ez dago esan beharrik mota honetako pertsonek zorigaitza opa diotela elkarri, batik bat, maitasun kontuetan. Batak harremanen batean porrot eginez gero, horra hor bestearen poza. Portaera hauek, noski, ez dute ez hanka ez bururik. Baina, nork esan du gizakiok burua dugunik (hankak baditugu; nola egingo genituzke, bestela, "hankasartzeak")?

Lagunak

Bikotea hautsi ondoren, laguntasunari eustea da jarrerarik azkarrena eta praktikoena. Zaila da, baina batzuetan, ez dago beste aukerarik, ozpinduta bizi nahi ez bada, behintzat. Zer egingo zenuke, bestela, bikotekide ohia lankide edo auzokide izango bazenu?

Benetako lagunak badira, bikotekide ohiek arazo txiki bat izan dezakete: jelosiak egungo neska edo mutil laguna harrapa dezake. Arazoa saihesteko botika aski ezaguna da: konfiantza eta komunikazioa. Hau ere ez da erraza, baina Iparragirrek zioen bezala, "zer zela uste zenuen enamoratzea; sillan eseri eta kitarra jotzea?".

Elkar maitatzera zigortuta

Bikotekide ohien artean bada beste multzo bat: harremana hautsi baina oraindik ere elkar maite dutenena. Gaizkiulertuez eta haserraldiez beteriko harremana izan da beti haiena. Hamaika alditan pikutara bidali dute elkar, baina denek badakite noizbait, berriro ere, elkartu egingo direla. Elkarrekin bizitzera zigortuta daude eta. Badakizue, maitasunaren eta gorrotoaren arteko marra oso mehea da, eta trapezista hauek ez diote sokari inoiz neurria hartu, ezta hartuko ere. Horregatik, mutilak neska ohiaz izugarrizko astakeriak esaten badizkizu, kasurik ez, handik gutxira biak eskutik helduta paseoan ikusiko dituzu eta.

Talde honetan sartu beharko al genituzke, gaur egun beste neska edo mutil bat izanik, noiz edo noiz elkarrekin sexu saiotxoak egiten dituzten bikotekide ohiak (espezie hau ere nahiko zabalduta dago)? Batzuk bai, beste batzuk ez. Izan ere, maitasuna eta sexua ez dira beti nahastu behar. Kontuak kontu, trapezista hauek sarerik gabe ibiltzea atsegin dute, arriskua gustatzen zaie, alegia.  

Itxura egiten

Azken multzora iritsi gara. Talde hau oso jende bereziak osatuta dago: bikotekide ohiek lagun plantak egiten dituzte, ongi konpontzen direla uste dute denek, baina elkar gorroto dute, gorroto dutenez. Hauek ez dituzte beren gerra taktikak lagunen aurrean erakusten, baina aukera duten bakoitzean, zart! "Primeran nago, oso pozik nago oraingo mutilarekin". Maltzurkeriarik gabeko esaldia dirudi, baina beste "esanahi" bat izan dezake: "begira zein ondo nagoen, eta zu zein gaizki; kar, kar, kar!". Eta noizbait biak bakarrik ikusten badituzu, aiztoak zorroztuta dituztela konturatuko zara. Okerrenak dira.

Borrokan ez ibiltzeko aholkuak



Hona hemen mutil edo neska lagun ohiarekin ahalik eta ondoen konpontzeko zenbait gomendio:

-Ez zaitez jeloskorra izan mutil edo neska lagun ohiaren harreman berriekin.
-Berarekin hitz eginez gero, alde batera utzitzazu iraganeko kontu txarrak.
-Ez da gaizki esaka ibili behar.
-Saia zaitez laguntzat hartzen.
-Ez leporatu berari bikotea hautsi izana.
-Zure burua ere ez ezazu erruduntzat har.

2001ean ezkondutakoen erdia banatuta


Duela hiru urte euskal soziologo talde batek, Cesar Manzanos arabarra buru, ezkondutakoen arteko banaketari buruzko ikerketa egin zuen. Ikerketa hartan datu bitxia eman zuten: Euskal Autonomia Erkidegoan, 2010. urtean ezkondutako bikoteen erdia banatu egingo da. Izan ere, gero eta jende gutxiago ezkontzen da eta banaketek, berriz, gora egiten dute urtetik urtera.

Sozilogoek ziotenez, EAEn gaur egun banatzen diren ezkontideek, batez beste, zazpi urte egin ohi dituzte elkarrekin. Banatzeko arrazoi nagusia infidelitatea da, eta ondoren, gizonak emakumeari eragindako tratu txarrak. Bestalde, banatutako gehienak gurasoen etxetik ezkontzara pasa dira zuzen; hau da, ezkondu baino lehen ez zuten euren kabuz bizitzeko inongo esperientzarik.