Lagaan ***

India film gehien ekoizten duen herrialdea den arren, guztiz ezezaguna zaigu oraindik ere bere zinema. Hollywood ahalguztidunaren itzalean bizi baita Bollywood. Izan ere, Satyajit Ray maisuaren Apuren Trilogia eta Mira Nair zinemagilearen filmak Salaam Bombay!, Monsoon Wedding alde batera utzita, ezer gutxi baitakigu Indiako zinemaz. Jaso zuen Oscar izendapena zela medio, duela urte batzuk Lagaan pelikula bitxia ikusteko parada izan genuen. Ofizial britaniar krudel baten inposaketa bortitzari duintasunez aurre egingo dion nekazari irudimentsu baten eta haren lagunen istorioa da, finean. Melodrama, musikala, erromantizismoa eta umorea nahasten dituen pelikula berezi eta ikusgarria oso.