Labrit, estudioan

Labrit, estudioan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/labrit-estudioan/@@download/image/gaztezulo_labri_1465298359.jpg
2016/06/13
elkarrizketa
Testua: Igone Mariezkurrena
"Arima elikatzen duten abestiak dira"


Taldearen izena:
Labrit
Kantautorea: Labrit Zabala (Usurbil, 1978)
Diskoaren izena: 8
Diskoetxea: Baga-Biga
Estiloa: Elektronikoa
Diskoaren argitaratze data: 2016ko iraila
Estudioa: AME
Teknikaria eta masterizazioa: Axular Arizmendi eta Estanis Elorza



Sorpresa izan da grabaketa estudio batera bueltatu zarela jakitea! Zerk ekarri zaitu hona berriz?
Ba, begira, nik bi seme-alaba dauzkat, gainera 25 bat urterekin oso argi eduki nuen ama izan nahi nuela. Eta jakin nuen, baita ere, horretarako musika mundua eta kantautore jarduna alde batera utzi beharko nituela denbora tarte batez, konposatzeari emandako denbora haurren hezkuntzara eta eguneroko arduretara bideratu nahi nuelako. Konposatzeari ez diot sekula utzi, egunero egin dut zerbait hausnarketa edo kasik meditazio modura, baina banekien publikoari begira etenaldia egingo nuela; hori bai, noizbait itzultzeko asmoz. Horrek eman dit lasaitasuna.

Zer k@ntatzeko itzuli zara?
Urte hauetan gauza asko bizi izan ditut, une oso latzak, ezohiko egoerak… asko irakatsi didatenak. Eta ikasten duguna besteekin konpartitzea garrantzitsua da. Horretan dute oinarria abesti berri hauek: batez ere norberaren indarrean, inor baino gehiago edo gutxiago izan gabe, nork bere balioa goraipatzeko beharrean. Ontzi berean goaz guztiok, egunero nork bere onena eman eta horretatik elikatu behar dugu elkar.

Disko elektronikoa izango dela aurreratu didazu, aldaketa nabarmena, hortaz.
Lehen, gitarra eta pianoa izaten ziren nire diskoen konposaketaren oinarria; gero, postprodukzioan abestiak zoragarri jartzen zituzten eta kitto. Baina banekien, denborarekin, nire izaeraren eta gustuen araberako musika egingo nuela. Denetarik entzuten dut, baina banekien hauxe egiteko unea iritsiko zela. Hortaz, Labrit ez da aldatu, baina benetan garatu da.

Zer moduz sentitzen ari zara estudioan?
Zoragarri! Oso eskertuta nago bizitzarekin eta ondoan daukadan jendearekin. Urte hauetan patxadaz itxaron dut une hau noiz iritsiko, eta azkenean heldu dela ikustea zoragarria da.

Nola aritzen zara estudioan? Maniaren bat? Ohituraren bat?
Argiztapen leuna gustatzen zait. Axular Arizmendiren estudioa leku zoragarria da eta etxean bezala sentitzen naiz hemen. Hala ere, grabatzen ari naizenean, abesti bakoitzean sartzen naiz; ez da lekurik existitzen, ez denborarik… unea gozatzen dut. Egun bakoitzeko abesti bana grabatzen ari gara, sentitzeko eta maitasunez tratatzeko.

Zergatik jo duzu ekipo tekniko honengana?
Axular Arizmendi aspalditik ezagutzen dut eta, oso humanoa eta sakona izateaz gain, sekulako indarra eta kemena erakusten du lanean. Gainera oso ondo ulertzen nau, badaki zer nahi dudan eta zer ez, azalpen gehiegi emateko beharrik gabe asmatzen du.

Postprodukzioari begira, trataera edo kolore bereziren bat duzu buruan?
Tira, abestiak oso garatuta daude dagoeneko... Dena dela, momentuz ahotsa grabatzen gabiltza, eta unea heltzen denean emango diegu abestiei merezi duten trataera.

Eszena gainera ere aspaldi ez zara igo. Nolakoa izango da itzulera?
Gozada bat izango dela pentsatzen dut. Halere, ez zait gustatzen aurreikuspenak egitea. Unean unekoa gozatzen dut, hainbeste aldaketa dakartza bizitzak…

Ahotsa eta eztarria entrenatu beharko duzula uste duzu?
Ez bereziki, ariketak-eta egiteko errutina badudalako. Gainera, egunero hartzen dut konposatzeko tartea, behar dudalako, meditatzeko unea delako, nire-nirea, erantzun asko ematen dizkidana gainera.

Nolakoa izango da eszenaratzea?
Eszenatokian Julen Apezetxea eta biok ariko gara. Nik teklatua eta txirriskletak joko ditut; bera bateriaz eta perkusioaz arduratuko da. Bestalde, mahaitik ere efektu pila bat sartuko ditugu, diskoan entzuten dena kalitatez plazaratu nahi dugu zuzenekoarekin denok topera gozatzeko!

Publikoaren harreraz ez dizut galdetuko, aurreikuspenak ez zaizkizu gustatzen-eta…
Dakidan bakarra da abestiek indar handia dutela, hitza dutela, arima elikatzen dutela bat-batean, halako zirrara bat sorrarazten dutela. Hori da opari handiena.

Nolako uda duzu begi aurrean?
Orain grabaketekin amaituko dugu, gero bideoklipari heldu nahi diogu, argazkiak ere egin behar dira, diskoaren diseinuan parte hartu nahi dut, Julenekin batera eszenaratzea pentsatu eta entseatu nahi dut… etxerako lan asko ditugu diskoa atera bitartean. Eta irailetik aurrera, ba, kontzertuak! Durangoko Azokan ere badugu dagoeneko itxita zuzenekoa.