Labean dauden produktu kulturalak ezagutu nahi?

Labean dauden produktu kulturalak ezagutu nahi? Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/labean-dauden-produktu-kulturalak-ezagutu-nahi/@@download/image/labean abendua.jpg
2019/12/23

Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?
Labean dauden produktu kulturalak ezagutu nahi?

NORA

Sukaldariak

Gariza Films eta iparraldeko La Fidéle ekoiztetxeak elkarlanean bildu dira film hau sortzeko. Lara
Izagirre da istorioaren sortzaile eta proiektuaren zuzendaria. Protagonista berriz Ane Pikaza aktorea izango da, eta harekin batera izango dira Hector Alterio, Itziar Ituño, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranbarri, Ramon Barea eta Clara Badiola, besteak beste.

Egoste denbora
Oraindik goiz da estreinaldia noiz izango den jakiteko, baina dena ondo badoa baliteke datorren urterako amaituta egotea. Unean muntaian bete-betean sartuta dabiltza

Osagaiak
2016an hasi zen Lara Izagirre Ane eta Peio, maitasun istorio bat piper artean istorioa idazten; ordutik eraldaketa ugari izan ditu proiektuak, eta bertatik loratu da Nora. Prozesu luzea eta lasaia izan da

Errezeta
Nora da filmeko protagonista; pertsonaia alaia da, energia positiboa transmititzen duena. Izagirrek azaldu digunez, pertsona arrunt baten istorioa kontatzen du filmak; ez du berezi egiten duen elementurik, eta aldi berean argitsua da, bizitza begiratzeko modu ederra du. Roadtrip batean murgilduko da Ipar Euskal Herritik.

CAMINHO LONGE

Sukaldariak
Lutxo Egiak azaldu digunez, Adabaki Ekoizpenak ekoiztetxeak egin du dokumentala, eta IPES, Zinez eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxeen parte-hartea ere badu. Josu Martinezek eta Txaber Larreategik (Sagarren
denbora, Barrura Begiratzeko Leihoak) zuzendu dute filma; filmaketa lanetan aldiz, Hibai Castro Egia aritu da.

Egoste denbora
Lan prozesuan bete-betean sartuta dabiltza, eta filmaketa batzuk falta zaizkie oraindik. Udan Sao Tome irlara abiatu ziren eta han hasi zen dena. Luze gabe amaituko dute eta postprodukzioan sartu. Oraindik goiz da esateko noiz estreinatuko den, baina on bidean udaberrian amaituko dute dokumentala.

Osagaiak
Crowdfunding bidez jarri dute martxan proiektua eta izugarri ondo joan zaie. Hasierako helburu ekonomikoa gainditzea lortu dute, eta 392 bidelaguni esker kontatu ahal izango dute dokumentalak narratzen duen bidaia. Hauxe bada, bidaia baten istorioa da. Inoiz amesturiko garaipena lortu ez duen gizon baten Itacarako itzulera da, baina ezohiko bikote baten abenturaren abiatzea ere bada.

Errezeta
Orain dela 10 urte Josu Martinezek, Txaber Larreategik eta Hibai Castrok Sagarren denbora dokumentala filmatu zuten. Alfonso Etxegarai ETAko deportatuaren eta Kristiane Etxaluz lagunaren istorioa kontatzen du hark. Dokumentalari, agian, amaiera bat falta zitzaion. Orain, berriz, hiru egileak atzera ere elkartu dira Alfonsok, 34 urte ondoren, deportazioa haustea erabaki duen unean.

KOBAN

Sukaldariak
Musika talde donostiarra grabaketa lanetan murgildurik dabil; lehen bi abesti berri hauetan ez dute kolaboraziorik izan, eta inguruko lagun musikariek kantak hobetzen lagundu dieten arren, oraingo honetan taldekideek soilik hartu dute parte.

Egoste denbora
Abestirik ilunena negu giroan iritsiko da eta argitsuena eguzkiarekin batera izango duzue entzungai. Abendutik aurrera hasiko dira kontzertuekin, eta sorpresa berriak eskaintzeko gogotsu daude.

Osagaiak
Shot estudioan grabatu dituzte abestiak, aspalditik bidelagun duten Ander Barriusorekin (Elektrika Grabaketak). Oso pozik daude emaitzarekin.

Errezeta
Oraingo honetan electroswing-etik urrundu dira Kobaneko musikariak. Prozesu naturala izan da, taldekideen behar eta interes berriek beste bide batzuk deskubritzera eraman dituzte eta diotenez, abentura gogorra bezain polita ari da izaten.