La Kermes: "Musika munduan Kortaturekin hezi ginen"

La Kermes: "Musika munduan Kortaturekin hezi ginen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/la-kermes-quotmusika-munduan-kortaturekin-hezi-ginenquot/@@download/image/65p10-1.jpg
2006/07/07
elkarrizketa
La Kermes: "Musika munduan Kortaturekin hezi ginen"
Hechos Contra el Decoro taldeko Andres Belmontek eta Rusok sortu dute La Kermés proiektua. Rumba, ska, hip-hopa, reggaea, errusiera, italiera, euskara eta frantsesa nahastu dituzte euren lehen diskoan. Hilaren 28an Donostiako Fnac dendan aurkeztuko dute diskoa. Dantzarako prest zaudete?

Zer ikusi daukate Hechos Contra el Decorok eta La Kermés-ek?
Bi taldeetan, musikaren mundu ezberdinekin esperimentatzeko gogoa izan dugu beti. Kontsumorako zerbait baino, erabilgarria den zerbait bezala ulertzen dugu musika. Guretzat, festa eta jende xumearen elkarlekua da musika; zenbaitetan, egunerokotasuna zein gogorra izan daitekeen ahazteko aukera ematen du, eta beste batzuetan, amorrua modu kolektiboan adierazteko eta beste errealitate posible bat asmatzeko.

Kanta batean euskaraz abestu duzue, eta Fermin Muguruzak ere parte hartu du diskoan. Nola sortu da aukera hori?

Musika munduan Kortaturekin hezi ginen. Gero, Fermin ezagutzeko aukera eduki genuen, eta munduan egoteko modu bera izan dugu. Fermin, asko maite dugun anaia da, eta betiko bidaidea.

Euskal Herritik asko du disko honek, ezta?

Anaia asko ditugu Euskal Herrian. La Kermés berak ere euskal kide asko ditu. Gainera, musika baino haratago doan lotura da, Euskal Herriko gizarte mugimenduak, eta hauek daukaten borrokarako gaitasuna erreferenteak izan dira beti guretzat, eta baita horrek ekarri duen kultur mugimendua ere.

Rumba, ska, reggaea eta hip-hopa nahasten ditu diskoak. Kantak errusieraz, italiarrez, frantsesez eta euskaraz egin dituzue. Denetik du disko honek!

Musika berezia entzutea gustatzen zaigu, eta hori kantak egiteko orduan islatzen da. Hizkuntzei dagokienez, komunikatzeko borondatea dago horren atzean, gure mezua leku askotara iristea nahi dugulako.

Copyleft lizentzia erabili duzue, eta musika munduan, gutxi egiten dute hori...

Gure diskoa dendetan eros daiteke, baina gure webgunetik ere jaitsi daitezke kantak, eta doan da. Copyleft lizentziak hori ahalbideratzen du; nahi duenak, eskura du gure musika inongo barrerarik gabe (gure musikarekin dirua irabazteko helbururik ez badu, beti ere). Musika industriaren krisiaz aritzen gara behin baino gehiagotan, eta copyleft-ak krisi hori modu irekian kudeatzeko aukera ematen du; musika denen eskura jarriz. Horrela, norberarena den zerbait guztiena bihurtzen da.

Informazioa gehiago: www.lakermes.info