Kutxa Kultur Musika programak sei proposamen aukeratu ditu egonaldietarako

Kutxa Kultur Musika programak sei proposamen aukeratu ditu egonaldietarako Kyxo, Julen, Lamiak, Deñe, Txiltxoko eta Tek au Maisin dira hautautako talde eta bakarlariak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kutxa-kultur-musika-programak-sei-proposamen-aukeratu-ditu-egonaldietarako/@@download/image/20211214112243_kutxa-kultur-musika-2022_foto610x342.jpg
2021/12/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kyxo, Julen, Lamiak, Deñe, Txiltxoko eta Tek au Maisin dira hautautako talde eta bakarlariak.
Kutxa Kultur Musika programak sei proposamen aukeratu ditu egonaldietarako

Kutxa Kultur Musika erresidentzia programaren aurtengo deialdian 71 proposamen aurkeztu dituzte guztira, guztiak ere Gipuzkoako artistei dagozkienak. Lurralde-banaketa aurreko edizioetan baino ere nabarmenagoa izan dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta Bidasoalde, Debagoien, Debabarren, Urola Kosta, Tolosalde eta Donostialdeko proposamenak jaso dituzte. Aurkeztutako taldeen %70ak euskara erabiltzen du errepertorioan, baina emakumeen presentzia duten taldeen kopuruak behera egin duela adierazi dute eta %38koa izan dela.

Hautaketa prozesuan aritu diren epaimahaikideak honako hauek izan dira: Iker Barbara Zarata-Mondosonoroko arduraduna, Julen Idigoras musikari eta Gazteako irrati-esataria, Iñigo Argomaniz Get In-eko bazkidea eta zuzendaria, Mikel Amundarain Oso polita (Last Tour)-eko kidea, eta François Maton Atabaleko zuzendari artistikoa. Proposamenen kalitateak "pozik eta harrituta" utzi du epaimahaia. Era berean, aniztasuna ere nabarmendu dute, musika-generoena ez ezik, baita musikarien profilena ere. Hala ere, rock, pop-rock, power rock eta folkaren presentzia izan da nagusi. 

Kyxo, Julen, Lamiak, Deñe, Txiltxoko eta Tek au Maisin dira hautatu dituzten talde eta bakarlariak. Aukeratutakoek Donostiako Tabakalerako laugarren solairuan Kutxa Kulturrek duen egoitzan egingo dituzte egonaldiak. Musikariek entsegu lokalak izango dituzte, hainbat kontzertu antolatuko dira urtean zehar, eta aholkularitza profesionala eskainiko diete, ezagutarazteko eta trebatzeko. 

Aukeratutako sei proposamenak

  • Kyxo. 2019ko amaieran Urnietan (Gipuzkoa) jaiotako taldea da. Eurek “chillwave” deituriko soinuarekin, dream pop edo shoegaze estiloen inguruan dabiltza. 2020ko irailean Agoor argitaratu zuten, bere lehen EPa.

  • Julen. Julen Leturiondo 20 urteko gazte eibartarraren proiektu pertsonala da. Abesbatzetan parte hartzeaz gain, musika-taldeetan ere ibili izan da, eta hainbat musika-tresnarekin aritu da. Proposamen artistiko honetan musika bestelako diziplinekin uztartuko du, hala nola diseinua, argazkigintza eta bideogintza. Euskaraz eta gaztelaniaz sortzen du, eta taldea ere badu alboan: Asier Cascan (gitarra), Eñaut Armentia (baxu elektrikoa) eta Josu Cascan (perkusioa). 

  • Lamiak. 2017an sortutako Donostiako rock talde honetako kideak Ander Aranburu (gitarra eta ahotsa), Xabi Arrazola (baxua) eta Xabier De la Fuente (bateria) dira. Beraien lehen albuma, Itsuen Aroa, grabatu zuten 2019an. Bigarren lanaren hiru single argitaratu dituzte aurten: Eskerrik asko, Krokodiloaren Malkoak eta Bigarren Mundu Bat. Disko osoa otsailean kaleratuko dute. 

  • Deñe. 18 urteko kantautore azpeitiarra da, eta 14 urterekin hasi zen bere abestiak interpretatzen piano edo gitarrarekin. Bere kantuetan inguruko eta egunerokotasuneko arazo eta egoerak jorratzen ditu. 29. maketa-lehiaketan parte hartu zuen, eta finalera iritsi zen.

  • Txiltxoko. Mota guztietako musika-estiloekin egiten du proba taldeak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Hilean 17.000 entzule baino gehiago dituzte Spotify-n eta abesti aipagarriak dituzte, besteak beste, Zugaz. Hiru urte baino gehiago daramatza taldeak sare sozialetan abestiak eta ekitaldiak argitaratzen, eta orain beren musika-proiektuarekin serioski lan egiteko unea dela uste dute.

  • Tek Au Maisin. Urte askoan hainbat taldetan (John Berkhout, Ane Leux, Nerabe, Pet Fennec, Havoc, besteak beste) musikari gisa aritu ondoren, Mikel Alonso bere buruarentzako abestiak konposatzen hasi zen bere home studio txikian, disko bat grabatu eta zuzenekora eramateko asmoz. 2021ean, Olivia Labarquilla piano-jotzaileak bat egin zuen proiektuarekin eta Tek au Maisin sortu zuten, synth-pop, chillwave eta psikodelia-elementuen nahasketa gisa jo daitekeena. Bertan, ahots-harmoniek, melodia sintetizatuek eta perkusio tribal eta elektronikoek markatutako soinu-paisaiak sortzen dira.