Kutxa Beltz Zelataria

Kutxa Beltz Zelataria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kutxa-beltz-zelataria/@@download/image/19p9-1.jpg
2002/05/03
erreportajea
Sound System
Kutxa Beltz Zelataria
"Gailu. Kutxa Beltza" lan interesgarriaz estreinatu da Metak disketxearen Pil-Pil Sessions azpizigilu berria. Kutxa berezi hau musika eta bideoaren arteko bidegurutzea da, Mikel Abrego musikariaren eta Luis Andre bideogilearen arteko bidegurutzea.

Kutxa Beltza bi espiritu ipurterrek ondutako fruitua da. Luis Andre Bilboko hiriak trafikoaren kudeaketarako ezarritako kamera sareaz baliatu zen 1997an 40 minutuko dokumentala osatzeko. Aldi berean, Mikel Abrego musikaria konposaketa lanetan ari zen. Bidegurutzea gertatu zen, baina. "Lagunak ginen, eta bien proiektuak elkartu genituen behin Bilbon egindako emanaldi batean. Andrek musika behar zuen, irudiak jendaurreko emanaldian laguntzearren. Ni, berriz, irudiak ikusitakoan, beste era bateko garapena bilatzen hasi nintzen musikarako". Mikelen hitzak dira, besteak beste BAP eta Negu Gorriak taldeetan aritutako baterijolearenak.

Orwell-en begia?

Egun, Gran Hermano bezalako saioek norbanakoen intimitatea ikusmin bihurtu dutenean, Kutxa Beltzak ikuspuntu harrigarria ematen digu. Esaterako, Bilboko trafikoa zaintzeko paratutako kamerak, etxe barruraino sartzeko gai dira zoom lotsagabeen bidez. CDa osatzen duten bost bideoklipei kasu eginez gero, George Orwellek irudikatutako begi autoritarioa noiznahi zelatan ari zaigu. "Espazio publikoa irudi publikoaren sinonimoa bihurtu da", diosku Luis Andrék, "egun, gure eguneroko ekintzarik txikiena nonbait filmatua eta jasoa dago; berdin da horrelako kamara batek edo NASAko satelite batek kontrolatu izan". Aipatu kamerez baliatuta, 2 urte eman zituen Andrek grabaketa lanetan: "Kutxa Beltzan hori guztia egun bateko egituran antolatua dago, goizaldetik iluntzera".

Hamaikako ederra

Musikari dagokionez, osagai asko daude Mikel Abregok sortutako kantuetan: pop-a, down tempo-a, dub-a, hip-hopa eta jazza, adibidez. Musikariei dagokienez, berriz, hamaikako ederra aritu da. BAP ahaztezineko taldekide ohietatik hasi –Drake baxujolea, Jomes gitarrajolea eta Eneko abeslaria-, Javi Pez eta Makala-ren doinu elektronikoetara heldu arte. Anari kantaria eta El Corazon del Sapo eta Kuraia taldeetako Fernando abeslaria ere tartean dira, besteak beste.