'Kutsidazu bidea Ixabel' musikala Iruñean

'Kutsidazu bidea Ixabel' musikala Iruñean Baserrira euskara ikastera joandako Juan Martin donostiarraren istorioa kontatzen du, musika, kantu eta dantzarekin jantzita. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kutsidazu-bidea-ixabel-musikala-irunean/@@download/image/kutxidazu kartela.jpg
2021/11/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Baserrira euskara ikastera joandako Juan Martin donostiarraren istorioa kontatzen du, musika, kantu eta dantzarekin jantzita.
'Kutsidazu bidea Ixabel' musikala Iruñean

Duela urtebete eskaini zuten Kutsidazu bidea Ixabel musikala Nafarroako hiriburuko Gayarre antzokian, baina orduko edukiera baimendua 150 pertsonakoa izan zen pandemiaren ondoriozko murrizketak zirela medio. Orain berriz itzuliko dira, edukiera osoa erabilgarri dela, eta, gainera, antzezlana MAX saria irabazi berria da ikuskizun musikal edo liriko hoberenaren atalean. Emanaldia bihar izango da, abenduak 1, 20:00etan, Gayarre antzokian bertan. 

Joxean Sagastizabalen izen bereko nobelan oinarritutako Kutsidazu bidea Ixabel musikala hamabost bat alditan taularatu dute  2020ko urriaren 15ean Bilboko Arriaga Antzokian estreinatu zenetik. 90 minutuko komedia musikal honetan, Juan Martín gazte donostiarra mendi puntan galdutako baserri batera joango da uda igarotzera, bere euskara maila hobetzeko asmoz. Han dagoela, abestien artean egiaztatuko du baserrian bizi direnen euskarak ez duela zerikusirik gelan ikasi duenarekin. Baserriko familia aitak, alaba gazteak eta amonak osatzen dute. Juan Martinek bi auziri egin beharko die aurre: batetik, hizkuntza-arazoak ditu, eta, bestetik, landa-inguruneaz ezer gutxi daki. Horrez gain, Ixabel familiako alabak ordura arte ezezagunak zituen sentimenduak piztuko dizkio, eta inguruak ere zur eta lur utziko du musikaren bidez komunikatuko baita harekin: zuhaitzak rap doinuan, sagarrak “a kupela” abesten eta behiak dantzan.

Aitziber Garmendia eta Patxi Barco arduratu dira dramaturgiaz eta zuzendaritza musikalaz Joli Pascualena. Xanti Korkostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inaxio Tolosa, Karlos Nguema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano dira aktoreak, eta Karlos Nguema aritu da koreografia lanetan. 

Sarrerak antzokiaren webgunean eskura daitezke.