Kuraia: “Rockeroen bizimodua gogorra da”

Kuraia: “Rockeroen bizimodua gogorra da” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kuraia-rockeroen-bizimodua-gogorra-da/@@download/image/34p10-1.jpg
2003/10/03
elkarrizketa
Ainhoa Irazu
Kuraia: “Rockeroen bizimodua gogorra da”
Kuraia-k bigarren lana kaleratuko du urrian: "Iluntasunari barre". Lehen diskoaren 5.000 ale saldu eta makina bat kontzertu eman ditu arrakasta handia lortu duen talde honek. Azkarateko estudioan nahasketak eginez harrapatu ditugu Kuraia-koak, eta Galder, Joseba eta Fernandorekin aritu gara solasean.

Lehen diskoarekin kontzertu batzuk egingo  zenituztela eta taldea desagertuko zela esan zenuten. Ez da horrela izan, ordea. Zergatik erabaki zenuten taldearekin jarraitzea?
Joseba.
Dena momentuan erabaki ohi dugu. Hasieran, lau kontzertu besterik ez ematea pentsatu genuen, baina gustura geunden, eta jotzen jarraitu genuen. Momentuan egin nahi ditugun gauzak egiten ditugu. Gauza berriak egiteko gogoa genuenez, bigarren diskoa egin dugu.

Lehendabiziko kontzertuak Italian eman zenituzten. Ondoren, kontzertu mordoa eskaini duzue, bai Euskal Herrian eta baita atzerrian ere. Nolakoa izan da esperientzia?
Galder.
Italiako kontzertuek elkar ezagutzeko aukera eman ziguten. Ez genekien gure arteko elkarbizitza nolakoa izango zen, baina lanean eta furgonetan hainbeste ordu elkarrekin pasatu eta gero… Polita izan zen, harremana estutu genuen eta. Ondoren, Euskal Herrian kontzertuak ematen hasi ginen. Hemen gertatutakoa bola bat bezalakoa izan da, konturatu gabe handituz joan dena. Hala ere, momentu onean harrapatu gaitu honek guztiak, gustura baikaude elkarrekin. Eta hori da garrantzitsuena, elkar lotuta mantentzen gaituelako beste disko bat ateratzeko.

Euskal Herrian zail samarra den gauza bat lortu duzue: musika arloan aspalditik ari den jendea atxikitzea. Zuen ustez, nolatan gertatu da atxikimendu hori?
G.
Bai, bitxia da. 80ko hamarkadako euskal rock eta punk-aren jarraitzaile asko gurekin identifikatu dira. Jende horrek ez du aurkitu gustuko erreferientziarik azken urteetan eta aspaldiko partez kontzertuetara etortzen hasi da. Dena dela, adin guztietako jendea gerturatzen da gure kontzertuetara.

Askoren ustez, "Kuraia" zuen lehen lana  aspaldi honetan kaleratutako diskorik biribilena da. Non da sekretua?
J.
Bat-batekotasunean. Gurea pentsatu gabe sortutako proiektua da, gero bidea egin duena. Horixe da sekretua.

Hala ere, lehen diskoarekin horrenbeste arrakasta lortzea ez da ohikoa izaten.
J.
Horretan, zerikusi handia izan dute kontzertuek. Diskoa atera eta pixkanaka mugitzen hasi zen. Baina kontzertuak ematen hasi ginenean, jendeak gu taula gainean ikusteko aukera izan zuen, eta horrek diskoa bultzatu egin zuen. Ez da oso normala, baina diskoa atera eta urtebetera bizi-bizirik zegoen oraindik. 
G. Normalean diskoak berehala erretzen dira. Gure kasuan, argitaratu eta urtebetera, diskoak indar handiagoa zuen.

Zenbait taldetan aritutakoak zarete: El Corazon del Sapo, Negu, Dut, Anestesia, Bi Kate… Nola lor daiteke soinu bateratu eta indartsu hori?
G.
Lehen diskoko kantuak Josebak eta Fernandok sortuak dira; beraiek egindakoa interpretatzen dugu Mikelek eta biok. Ez zen lauok sortutako diskoa izan. Azken diskoa, aldiz, lauon artean egin dugu, Josebaren gidaritzapean.

Zer eskainiko digu "Iluntasunari barre" lanak?
J. Antzeko zerbait. Beharbada, ilunagoa eta aberatsagoa da diskoa. Kantuei buelta gehiago eman diegu, disko helduagoa da.
G. Urtebete elkarrekin joaz pasatu dugu eta horixe da ezberdintasun nagusia. Egun, ondo ezagutzen dugu elkar, eta ondorioz, hobekuntza nabaria da. Beraz, agian, jendeak hasierako freskotasun horren falta sentituko du.

Zurrumurruen arabera, Dut-en estilora hurbilduko da bigarren diskoa...
J. Ez dut uste.
G. Nik zalantzak ditut. Nahigabe, baina bestea baino Dut-eroagoa da. Hala ere, Fernandoren ahotsak erreferentzia guztiak aldatzen ditu.

Europa aldean bira egiteko asmoa al duzue?
G. Goizegi da horri erantzuteko, ez baitakigu oraindik nola geldituko den diskoa. Gabonetan edo urtarrilean kontzertuekin hasteko asmoa dugu. Baditugu proposamenak, eta kanpora ateratzea talde guztien ametsa da. Dena den, guri alferkeria ematen digu ateratzeak. Zahartzen ari garelako, agian...

Zurrumurruekin jarraituz, diskoa kaleratu ondoren, taldea desagertuko da. Noiz arte jarraituko du Kuraiak?
J. Zurrumurruak beti zurrumurru. 
G. Guk diskoa eta kontzertuak baino ez ditugu  orain buruan.

Zuk, Fernando, euskaraz abesten duzu, Zaragozakoa izan arren...
Fernando. Taldea euskalduna da, eta hasieratik argi izan nuen euskaraz abestu behar nuela. Gainera, askotan etorri naiz Euskal Herrira eta euskara ikasteko gogoa nuen. Irungo AEKn ikasten ari naiz, hirugarren urratsean. Etorri nintzenean pegatinetako eta pankartetako euskara besterik ez nuen ezagutzen. 

Eta aragoierak ere badu tokia taldean.
F. Bai, aragoiera eta euskara nahastu genituen kantu batean. Omenaldia egin nahi nion aragoierari. Hizkuntza gutxitua da, izan ere, Pirinioetan besterik ez da hitz egiten. Zorionez,Aragoiko hizkuntza ofiziala izendatu nahi dute, katalanarekin eta gaztelerarekin batera. 

Mikelek zapatak saldu, Fernandok piperrak bildu, Galderrek argazkiak egin… Bestelako lanak egin behar izan dituzue aurrera ateratzeko. Ez al du musikak bizitzeko adina ematen?
G. Euskal Herrian ez, merkatua ez delako hain handia. Gainera, musika taldeen gastuak handiak dira: tresnak zaintzea, furgoneta eta abar. 
J. Koherentziaz jokatu nahi dugu, eta dirusari mugatua eskatzen dugu. Horrekin, gastuak ordaintzeko adina dugu, ez besterik. Norberak ikusi behar du muga non jarri. Garai txarra da musikagintzarentzat Euskal Herrian.
G. Hau ez da Frantzia bezalakoa. Frantzian biziko bagina, emandako kontzertuen truke, langabezia saria jasoko genuke. Guk jasotakoarekin ez dugu bizitzeko adina.

Zertaz bizi zarete, bada?

J. Ni diseinatzailea naiz.
G. Nik argazkilari gisa lan egin ohi dut, eta orain, kontzerturik ez dugunez, jatetxe batean ari naiz. Fernando lan bila dabil eta Mikelek musikaren inguruan dihardu. Jendeak musikarekin aberasten garela uste du, baina ez dute ikusten egiten dugun lana: entseiuak, birak, diskoa grabatzeko galdutako oporraldiak… Rockeroen bizimodua gogorra da, baina nik ez nuke aldatuko.