Kuraia... eta dohaia

Kuraia... eta dohaia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kuraia-eta-dohaia/@@download/image/15p13-1.jpg
2002/01/04
elkarrizketa
Kuraia... eta dohaia
DUT taldeko Joseba eta El Corazon del Sapo-ko Fernandoren elkarlanak aspaldi honetako diskorik onenetakoa ekarri du: Kuraia-ren lehendabizikoa. Hona hemen Josebarekin izandako elkarrizketatxoa. 

Nola sortu zen Kuraia?
Etxean dudan 8-pista batean, gitarra jotzen, DUTentzat egokiak ikusten ez nituen riffekin kantuak sortu nituen. Konturatzerako dozena erdi bat abesti nituen, eta garai hartan Fernandorekin maiz izaten nintzenez, ea abestu nahi zituen galdetu nion. Berak baietz erantzun zidan, eta gainera euskaraz egin nahi zuela. Horrela, nik maketa bat eman, berak melodiak atera, elkarrekin geratu, letrak egin... Horrela ia urtebete, diskoa egin arte.

Fernando zaragozarra euskaraz abesten eta Kuraia euskaldunak aragoieraz. Hizkuntza txikion arteko zubia eraiki nahi izan al duzue?

Fernandori ilusioa egiten zion euskaraz abesteak; berak ez daki euskaraz, baina urteotan sarri etorri da Euskal Herrira eta zerbait ikasi du. Interes handia izan du euskara ikasteko, eta berarentzat euskaraz abestea nota altuaz gainditu duen erronka izan da. Hizkuntza txikiek badute lekua eguneroko bizitzan eta hainbat arlotan, horien artean musikan. Rock&rollaren; hizkuntza ez du zertan ingelesa izan, kendu ditzala jendeak musikan hizkuntzekiko aurreiritziak.

Zein iturritatik edan dute DUTetik urrun samar dauden kantuok?

Betidanik musika estilo asko entzun ditut: rocka, hard rocka, punk rocka, hardcorea, heavya, garajea... Ondorioz, horiek guztiak subkostzientean dabiltza bueltaka eta kantuak egiterakoan nonbait azaldu dira. Kantuen konposaketa oso bapatekoa izan da, inpultsiboa, kantuei buelta gehiegi eman gabe. Kuraiaren lehen abestia duela urte pasatxo grabatu nuen eta hortik aurrera kantu guztiak atzetik etorri dira, nahita baino, nahigabe. Ez naiz gogoratzen nola, zein unetan egin dudan abesti bakoitza. Gauza bitxia da normalean abestiei mila buelta ematen baitizkiet…

Zer dute kantuok DUT eta El Corazon del Sapotik?

Gutxi, nire ustez. DUTekoak baino simpleagoak eta errazagoak dira, agian akorde bitxi batzuetan bat egin arren. Bestalde, hor dago Fernandoren ahotsa eta tinbrea, baina Kuraian eta Corazon-en ezberdin abesten du Fernandok, gurean erregistro berriak frogatzen aritu da.

Zertan dira DUT eta El Corazon del Sapo?

DUTi dagokionez, berriro elkarrekin gauzak egiteko gogoa dugunean bueltatuko gara, ez dugu taldea alferrik erre nahi, eta horregatik gaude geldirik. Gauzak gustura egiteko guztion inplikazioa behar da eta momentu hori iritsiko zaigu. Bestalde, Corazonekoek azken kontzertua duela urtebete eman zuten eta printzipioz ez dute bueltatzeko asmorik.