Kultur proiektuen finantzaketa kolektiborako 'Piztu Meta!' deialdia martxan da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Departamentuak eta Goteo Fundazioak Piztu META! programaren VII. edizioa abiatu dute, mikromezenasgo edo crowdfunding bidez kultur proiektuak finantzatzeko bidea ematen duena. Kulturako Departamentuak matchfunding egingo du, hau da, proiektu bakoitzak bere crowdfunding kanpainen bidez jasotzen duen diru-kopuru bera bideratuko du, 70.000 euro gehienez programa osorako.
Ekainaren 23ra arte aurkez daitezke finantzaketa kanpainan parte hartzeko proiektuak. Ondoren, aukeraketa egingo dute, eta irailaren 29an hasiko da diru-bilketaren kanpaina. Parte-hartu nahi dutenek hemen aurkeztu behar dituzte beren proiektuak.
Maiatzaren 25etik ekainaren 8ra bitartean, crowdfunding proiektuak garatzeko tailerrak antolatuko dira herritar guztientzat. Uztailaren 13tik irailaren 28ra bitartean, aldiz, edizio honetan hautatutako proiektuek finantzaketa kolektiboari buruzko prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute.
Deialdiaren helburua dohaintzak eta partaidetza sustatzea, hautatutako proiektuak ezagutaraztea eta kultur-partaidetza bultzatuko duen giroa sortzea da.
92 proiekturen finantzaketa
META! programaren seigarren edizioan hogeita hamasei proiektu jaso ziren, horietatik hamabost aukeratu zituzten, eta hamalau arrakastaz finantzatu ziren. Herritarren ekarpena 67.722 eurokoa izan zen, eta Aldundiarena 70.000 eurokoa. Guztira 1.222 pertsonak hartu zuten parte, 55 euroko batez besteko ekarpenarekin.
Sei edizioak kontuan hartuta, laurogeita hamabi proiektu finantzatu dira Piztu META! egitasmoaren bidez, eta 886.871 euroko ekarpena egin zaio lurraldeko kultura-sareari.