Kultur ikuskizunez beteriko astea Leioan

Kultur ikuskizunez beteriko astea Leioan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kultur-ikuskizunez-beteriko-astea-leioan/@@download/image/20125297619kultur_maratila_osoa.jpg
2012/12/13
berria
Atzo hasi zen Kultur Maratila jaialdia Leioan, hau da, euskal sorkuntza ardatz duen ikuskizun astea. Musika, antzerkia, dantza, bertsoak eta era guztietako ikuskizunak ez dira faltako Kultur Leioako erakusketa aretoan. Gaur bertan, halaber, Khea Ziater taldeak 'Gloriaren Kantua' antzezlana aurkeztuko du, atzo hasitako egitarauarekin jarraitzeko.

Kultur Leioak eta Artedramak lehen aldiz antolatu dute Kultur Maratila jaialdia. Euskara hutsezko sorkuntzak bilduko ditu atzo hasi zen eta datorren larunbatera bitarte —ekainak 2— luzatuko den ekitaldi sortak. Antzezlanak, performanceak, errezitaldiak, irakurketa dramatizatuak eta beste izango dira ikusgai.

Jaialdiaren izenak berak dioen bezala, maratila zabaldu eta lehioaren beste aldean dagoen kultur sorkuntzaz gozatzeko parada izango da, hor kanpoan asko baitugu oraindik deskubritzeko.

Egitaraua


Maiatzaren 29a, asteartea
20:30 Auditoriumean Khea Ziater taldeak Gloriaren Kantua antzezlana aurkeztuko du; senarra hilda, ke artean, bakarrik geratu den alargunaren istorioa da. Sarrerek 10 euro balio dute.


Maiatzaren 30a, asteazkena

20:30 Auditoriumean Hartu ez nuen Deia teatro laburraren irakurketa eta ondorengo solasaldia egingo dute. Fredi Paia da testuaren idazlea, eta Café Bar Bilbao Teatro Laburreko lehen saria eskuratu zuen iaz. Ander Lipus, Ramon Agirre, Ane Pikaza eta Ana Elordi dira aktoreak. Sarrerak 10 euro.

Ondoren, Mursego txelo jotzaileak kontzertua eskainiko du.


Maiatzaren 31, osteguna

20:30 Dejabu panpin laborategiren eskutik Gure Bide Galduak lanaren aurkezpena Auditoriumean. Nafarroako herri txiki batetik Oreretara, osaba-izeben etxera, bizitzera doan gaztearen istorioa, Franco hil berritan. Sarrerek 12 euro balio dute.

Ondoren, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Xabier Erkiziak musikariak Txori Mugariak emanaldia eskainiko dute.


Ekainaren 1a, ostirala
20:30 Erakusketa Aretoan Larria, kutsakorra, mendebaldekoa antzezlana eskainiko du Tartean teatroak. Mikel Martinez aktorea Jokin Oregi zuzendariaren gidaritzapean arituko da. Sarrerek 6 euro balio dute.


Ekainaren 2a, larunbata

20:30 Haatik dantza konpainiak Errimak Oinetan ikuskizuna aurkeztuko du Auditoriumean. Jende aurrean egiten duten lehen aldia izango da, eta sarrerek 10 euro balio dute.