[KRONIKA] EMOZIOEN DELOREAN ZAHARRA

[KRONIKA] EMOZIOEN DELOREAN ZAHARRA Nahasteko beldurrik gabe esan dezaket Berri Txarrak izan dela zuzenean gehien ikusi dudan taldea. Nire nerabezarotik hasi eta gaur eguneraino, milaka koloreko zeruak begiztatu ditut, pertsona batzuk joan, berriak etorri eta beste batzuk nire aldamenean jarraitzen dutela frogatu ahal izan dut, tartean hamaika talde eta abesti berri ezagutu ditut, baina talde nafarraren zuzenekoak beti izan ditut ziurtzat, nire poz, tristura eta amorruen ihesbide. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kronika-emozien-delorean-zaharra/@@download/image/IMG_4847.jpg
2019/03/11

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Nahasteko beldurrik gabe esan dezaket Berri Txarrak izan dela zuzenean gehien ikusi dudan taldea. Nire nerabezarotik hasi eta gaur eguneraino, milaka koloreko zeruak begiztatu ditut, pertsona batzuk joan, berriak etorri eta beste batzuk nire aldamenean jarraitzen dutela frogatu ahal izan dut, tartean hamaika talde eta abesti berri ezagutu ditut, baina talde nafarraren zuzenekoak beti izan ditut ziurtzat, nire poz, tristura eta amorruen ihesbide.
[KRONIKA] EMOZIOEN DELOREAN ZAHARRA
Argazkia: Gaizka Peñafiel @gaizkapenafiel

Argi dago, musikak baduela terapeutikotik. Haatik, zuzenekoek badute berezitasun bat, behin abestien taupadak zuzenean sentitzen badituzu segundo eta leku horretatik haragoko guztia desagertzen dela. Zuzenekoa errepikaezina den momentu bat da eta horretan datza bere edertasun zaurgarri eta iragankorrak. Kamerarekin harrapatutakoa ez da inoiz bertan bizitakoa islatzeko gai izango eta Berri Txarrak hainbatetan zuzenean ikusi izanagatik beti eskaintzen dute deskribaezina den zera hori, hasiera batean eskainiko dutena beti berdina dirudien arren. Gorka Urbizuk atzo Durangoko Plateruenako agertokira igo zenean esan zuen bezala: Emozioen bidaia hastera doa. Baina emozioen paleta hain da aberatsa... ez dagoela kontzertu bat bere ere berdina denik!

Euskal Herriko azken bira honetan ohikoa den bezala Beude abestiarekin hasi zuten kontzertua, hain zuzen Plateruena bezalako hainbat eta hainbat euskal kulturaren gordeleku eta arnasgune diren antzoki eta gaztetxeei keinua eginez. Ondoren, batez ere belaunaldi berrienen pozerako, Iparra galdu, hegora joan abestiarekin jarraitu zuten. Nabari da Jaio. Musika. Hil (2005) diskoa dela berrizaleen artean gehien entzun den diskoa edota gehien hunkitzen duena bederen.


Argazkia: Gaizka Peñafiel@gaizkapenafiel

Kronikarekin aurrera jarraitu aurretik aipatzekoa hasieratik lortu zuten soinua. Beti fin ibiltzen bada ere hirukotea atzokoa izugarrizkoa izan zen. Bakoitzak bere rola zein den argi izanik, beren instrumentuetan fin, maisuki interpretatu zituzten abesti guztiak eta bitartean Urbizuk ahotsaren bidez emozioa helarazten zuen, bere sentimenduei eutsi ezinik abestietan zehar zenbait garrasi urratu botatzen zituelarik. Ezinbestean, zintzotasun eta pasio hori guztiongana iritsi zen. 25 urteren ostean oraindik ere nabari zaio musikak zirrarak eragiten dizkiola eta inongo keinu ikusgarririk gabe lortzen du publikoari pasio hori helaraztea.

Hortik aurrera gure lana izan zen emozio horiek kudeatu eta hirukoteari txalo, salto eta oihu artean bueltan igortzea. Ez zen zaila izan, horretarako kalitatezko abestiak soberan baitituzte. Hitz gutxi tartekatuz, hurrenez hurren joan ziren Denak ez du balio, Zuri, Infrasoinuak, Isiltzen banaiz edota Aspaldian utzitako zelda bezalako abestitzarrak jotzen, finean abesti horiengatik baitzegoen lepo beteta aretoa. Eta orduan iritsi zen, aretoan ginen “aiton-amonentzat” ezustekoa: No jaunak, No jaunak erantzun bakarra... eta lurrak bultzatuko bagintu bezala saltoka hasi ginen batzuk Betiko leloaren betiko leloa kantuaren akordeak hasi orduko. Ordurako denok poltsikoetan gintuztela eroso jarraitu zuten jada erreserki bihurtutako Katedral bat-ekin bukatu arte.


Argazkia: Gaizka Peñafiel@gaizkapenafiel

Taldearen kontzertu amaiera adierazi ohi duen Nightcall abestia hasi zen bozgorailuetatik irteten, baina jendea ez zegoen prest kontzertua amaitutzat emateko. "Beste bat" oihuek eragina izan zuten eta handik gutxira Urbizu azaldu zen gitarra batekin eskuan: Oker ez banago letra hau idatzi zuena hemendik dabil. Min hau abestiari ekin zion, behean, denok hunkituta abesten laguntzen genion bitartean. Bukaera ederra izan zitekeen baina Urbizuk ea beste bat nahi ote genuen galdetu zigun hatz bat sabaira luzatuz... galdetzea ere! Oihu abesti puskaren akordeak entzun eta saltoka hasi ginen asko, susmoa baikenuen, oraingoan bai, azken abestia izan zitekeela.

Kontzertua bukatuta, taldekideak jendea agurtzera hurbildu ziren eta izarrak irudikatzen dituen argiztapenen azpian irribarrez eta txaloka denok pentsamendu berdina izan genuenaren susmoa dut: Zenbat botako zaituztegun faltan Berri Txarrak!