Kristina Urrutia: "Sanzek isilarazi nahi gaitu, baina ez du lortuko"

Kristina Urrutia: "Sanzek isilarazi nahi gaitu, baina ez du lortuko" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kristina-urrutia-quotsanzek-isilarazi-nahi-gaitu-baina-ez-du-lortukoquot/@@download/image/8p16-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ander Usabiaga
Kristina Urrutia: "Sanzek isilarazi nahi gaitu, baina ez du lortuko"
Leitzarra, 27 urtekoa eta kazetaria. Azken bost urteotan Bertatik Bertaran ikusi dugu, herri batetik bestera. Euskal Herri osoko bazterrak ezagutzen dituela dirudi. Irakurtzea gustatzen zaio eta normalean bizpahiru liburu izaten ditu eskuartean. Kristina Urrutia da. 

Leitzako neska-mutilek ederrak izateko ospea duzue. Egia al da?
Ez nekien, bada! Beharbada zuek leitzarren bat begiz jota duzue... Banekien, nafarrak garelako edo, kaskagorrak izateko ospea genuela, baita hitzontziak izatekoa ere... Dena den, eskerrik asko.
Perurenatarrak, Saralegitarrak, Patxi Zabaleta EHko kidea, Iñaki Zabaleta idazlea, Itziar Alduntzin Sorginen Laratzako kidea, zu zeu... Pertsona ospetsu asko eman ditu Leitzak. Zergatik?
Bai, harrigarria da 3.000 biztanle inguruko herri batean hainbeste pertsona ospetsu izatea. Eskerrak ez garen handiagoak! Iruñean bertan leitzarroi leku guztietan gaudela esaten digute...
Azken boladan kazetari nafar asko ari zarete ETB 1n: Alduntzin, Sotes, zu zeu... Klan txiki bat al zarete?
Orain arte, ETB 1n Gipuzkoako kazetariak nabarmentzen ziren, bizkaitar batzuk ere baziren, baina gehienak eta ezagunenak gipuzkoarrak ziren. Ez luke hala izan beharko, baina orain nafar gehiago ari garenez, jende harritu egiten da.
Zer ekarri diote ETBri kazetari nafarrek?
Batetik, nafarrera entzuteko aukera eman dugu. Bestalde, gure saioan hasiera-hasieratik oso garbi genuen Euskal Herri osoko informazioa landu behar genuela. Ni nafarra izanda, aitzakia horretaz baliatuta, Nafarroa aldera jo dut. Leitzan edo Baztanen ezezik, Tafallan edo Tuteran ere euskaldunak edo euskararekin lotuta gaiak daudela erakutsi nahi izan dugu. Ildo horretatik, nafarrak ETBn izatea begiak irekitzeko baliagarria izan da, nolabait. Ipar Euskal Herrira ere salto egiten dugu tarteka, gutxiago agian, baina horretan ari gara.
Bertatik Bertara-n herri txikietara jo ohi duzue. Ez al dituzue hiri edo herri handiak zertxobait bazterrean utzita?
Egia da herri txikietara jotzen dugula. Kontua da saioa sortu zenean hutsunea zegoela. Informazio saioetan beti jorratu dira Bilbo, Donostia edo Gasteizko albisteak. Herri txikiak, aldiz, baztertuta egon dira. Dena den, herri txikietan ere gaiak sortzen dira. Eta zer gertatzen da, gai horiek ez direla jorratu behar, ala?
Laster batean hauteskundeak izango dira EAEn eta diotenez, Mayor Oreja lehendakari izan liteke. Zuek, Nafarroan, UPNren gobernuarekin baduzue eskarmentua. Ipar Euskal Herriko azken hauteskundeetan ere Frantziako eskuina jaun eta jabe izan da. Lurraldetasuna, abertzaleek ez, Espainiako eta Frantziako eskuinak ekarri behar duela dirudi.
Gauza beldurgarria izango litzateke Oreja lehendakari izatea. Nafarroako presidentearen bidea segituko balu, ederra genuke. Lotsagarria izango litzateke. Begira zer egiten ari diren Nafarroan. Harrigarria da ikastolak Francoren garaian sortu ondoren, orain, 2001ean, Miguel Sanz euskararen kontrako dekretuak bata bestearen atzetik kaleratzea.
Euskarak Nafarroan bizi duen egoera aipatu duzu. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Egoera ez da batere samurra, agintariek ez digutelako gure bizimodua aurrera eramaten uzten. Eremu euskaldunekoa izanda, nik ez dut hainbeste arazorik somatu, baina eremu mistoan arazo larriak daude eta erdaldunean euskaldunak erabat baztertuta daude. Sanzek eskubideak kendu nahi dizkigu. Euskara gure hizkuntza, gure ondasuna da eta beraz, ez zaie gure kulturari oztopoak jartzen utzi behar. Sanzek isilarazi nahi gaitu, baina ez du lortuko. Eta manifestazio edo auskalo zer ekimen gehiago egin behar bada, egin beharko da. Dena den, gizartea beste bide batetik doa. Iruñerrian, esaterako, guraso erdaldun askok seme-alabak eredu euskaldunetan matrikulatzen dituzte eskolan.
Aspalditik ika-mikez inguratutako beste gai bat, Itoizko urtegia. Antza denez, Nafarroako Gobernuak datozen hilabeteetan bete nahi du urtegia. Zer deritzozu?
Ez ditut teknika kontuak behar bezala ezagutzen, baina ondo aztertu beharreko gaia da, familia askoren bizimodua eta bizia arriskuan egon baitaiteke. Izan ere, zenbait adituren ustez, Itoizen pitzadurak agertzeko eta lur mugimenduak izateko arriskua dago. Diotenez, lur mugimenduak izanez gero, urtegiak gainezka egin eta urak Agoitz aurretik eramango luke. Beste herri batzuk suntsitzeko arriskua era badago. Ez al dago beste konponbiderik? Ulergaitza da. Hala ere, interes politiko eta ekonomiko asko daude, eta horrez gain, agintariak ez dira inguru hartan bizi.