Krisi klimatikoen aurrean, lanaldiak laburtu

Ingurugiroaren suntsiketa da gure belaunaldiak jasango duen arazo larrienetakoa. Geroz eta alternatiba gehiago sortzen diren arren, oraindik ez dago argi zein den Arazoari aurre egiteko ekintza definitiboa. Philipe Frey ikerlari alemaniarraren esanetan, gakoa lanaldiak murriztea litzateke; planeta salbatu nahi badugu, ezin dugu egunero 8-10 orduko lanaldiak egiten jarraitu.
Freyren proposamena honakoa da; kontsumo kapitalistari mugak jarri eta kontsumo etikoa bultzatu nahi badugu, lehen pausoa daramagun erritmoa mantsotzea da. Aldi berean, lanordu gutxiago izanda, denbora gehiago izango genuke kontziliatzeko eta kontsumo arduratsua eta ondo planifiktua praktikatzeko. Beste modu batera esanda; etengabeko kontsumo konpultsiboa ekiditeko modu eraginkorrena lanaldiak murriztea litzateke. Hala, inpultso kontsumistak bestelako esperientzia positiboekin ordezkatuko genituzke.
Hain zuzen, egun dugun sistema amaierarik gabeko hazkunde ekonomikoan oinarritzen da, baina bada amaitzen ari den zerbait; ingurugiroa. Freyrekin batera, John Messenger ikerlariak honakoa ondorioztatu du bere ikerlanean; lan orduak murriztuta (eta noski, soldatak mantenduta) ondorio positiboak anitzak lirateke, lehenik langileentzat, baina baita enpresentzat ere, eta azkenik, ingurugiroarentzat.
Zehazki, hauek dira ikerlariek zerrendatutako onurak: osasun okupazionalezko arazo gutxiago, osasun kostu murritzagoa, lanaren eta bizitzaren arteko oreka hobea, langile zoriontsuagoak, motibazio maila altuagoa, eta enpresa jasangarriagoak. Azken onura honen inguruan, Messengerrek honakoa dio: "Lanordu gutxiago sartzeak ekonomiaren ekologizazioari lagundu diezaioke; izan ere, geroz eta lanordu gehiago sartu, orduan eta karbono aztarna handiagoa eragingo dugu". Hala, Messengerrek astean lau eguneko lanorduak gomendatzen ditu, eta baita etxetik lan egitea lehenestea. Zer iruditzen zaizue?