Krisi klimatikoagatik haurrak edukitzeari uko egin dioten emakumeak

Krisi klimatikoagatik haurrak edukitzeari uko egin dioten emakumeak BirthStrike deitutako mugimenduak uko egiten dio ugaltzeari gizartea ingurugiroaz kontzientziatzeko helburuarekin. Geroz eta gazte gehiago dira euren buruari galdetzen diotenak: Egokia al da haurrak edukitzea? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/krisi-klimatikoagatik-haurrak-edukitzeari-uko-egin-dioten-emakumeak/@@download/image/c70109483ca3ca6ef053be05a67b4289_original.jpeg
2019/07/10

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

BirthStrike deitutako mugimenduak uko egiten dio ugaltzeari gizartea ingurugiroaz kontzientziatzeko helburuarekin. Geroz eta gazte gehiago dira euren buruari galdetzen diotenak: Egokia al da haurrak edukitzea?
Krisi klimatikoagatik haurrak edukitzeari uko egin dioten emakumeak

Galdera hori ez da sortzen ezegonkortasun ekonomikotik, arduraren beldurragatik edota bizitza lasaiago bat eduki nahi izateagatik. Duda horrek beste oinarri bat du: zuzena al da krisi klimatikoaren garaian mundura haurrak ekartzea?

Blythe Pepino-k 33 urte ditu eta galdera hauxe bera egin zion bere buruari. Bere erantzuna BirthStrike erakundea sortzea izan zen. Erakunde honek haurrak ez edukitzea erabaki du krisi ekologikoagatik eta gobernuaren ekintza ezagatik, hain zuzen gizartea kontzientziatu eta honi aurre egiteko. Erakundeak jada ehun bat kide ditu eta horietatik %80 emakumezkoak dira.

Mugimenduaren sortzaileak adierazi duenez maite du bere bikotea eta familia bat nahiko luke, baina uste du ez dela hori egiteko momentua. Jaiotzaren aurkako mugimenduak ez bezala (hauek mundura haurrak ekartzea egoista dela pentsatzen baitute, diotenez mundura haurra sufritzera bakarrik etortzen baitira), “birthstrikers”-en helburua ez da pertsonak haurrak ez izateko konbentzitzea, baizik eta krisi klimatikoaren larritasunaz kontzientziatzea.

Mugimendu honen beldurra ez da funsgabekoa. Zientziak aho batez dio gure planetan bizitzea geroz eta konplikatuagoa izango dela ingurugiroaren baldintza inoiz baino txarragoengatik. Tenperatura dramatikoki igoko da, bero sapak geroz eta arriskutsuagoak izango dira eta hondamendi naturalak inoiz baino suntsitzaileagoak.

Haatik, BirthStrike-eko kideek umerik ez edukitzea erabaki badute ere, ez diote derrigortzen mundu guztiari berdina egitera. Beraiek diotenez, guraso guztiekin solidaritatea adierazten dute, beraien erabakia errespetatzen dute eta ez epaitzen saiatzen dira. Honela, jaiotzaren aurkakoek dituzten ideia arrazista eta klasistetatik aldetzen dira. “Brithstrikers”-k ez dute uste populazioaren jaitsiera denik irtenbidea, besterik gabe, pentsatzen dute gizakiak bere bizitzeko modua aldatu beharra daukala etorkizun bat nahi badu.