Koronabirusak ez dio lagunduko planetari gizakiongandik salbatzen

Koronabirusak ez dio lagunduko planetari gizakiongandik salbatzen Konfinamenduko hilabeteek gas igorpenen beherakada eragin dute, baina epe luzera efektu hauek ez dira mantenduko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koronabirusak-ez-dio-lagunduko-planetari-gizakiongandik-salbatzen/@@download/image/13cli-virusfootprint-illos-04-mobileMasterAt3x.jpg
2020/03/27

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Konfinamenduko hilabeteek gas igorpenen beherakada eragin dute, baina epe luzera efektu hauek ez dira mantenduko.
Koronabirusak ez dio lagunduko planetari gizakiongandik salbatzen

Horrenbeste denbora daramagu birziklatzen non ondorioa garbia den: erabat aldatzen dugu gure bizimodua edo klima aldaketari ezingo dio inork buelta eman. Aldaketa hori istripu moduan ekarri digu koronabirusak, ikusi ezin den inbasio moduko bat izaten ari delarik. Bere beldurragatik guztiok etxean gaude, behar duguna soilik kontsumituz. Autoetako ibilbideak %88 erori dira berrogeialdia hasi zenetik Espainiar Estatuan, trenak %90 gutxitu dira eta hegaldiak %75eraino murriztu dira. 

Garraioa, negutegi efektua sortzen duten gas igorpenen arduradun nagusietako bat, erabat gelditu da Europan eta Txinan eta AEBen ere geratuko dela dirudi. Industria ere aste batzuetan geratu egin zen asiar herrialdean eta ondorioz CO2aren igorpenak %25 murriztu ziren. 

Igorpenen zerrendan hirugarren postuan etxeko kontsumoa dago, non azken aste hauetan izugarri hazi den: elektrizitate gehiago, ur gehiago eta gas gehiago. Hala ere, oro har, kutsadura aste hauetan %83 jaitsi da Bartzelonan eta %73 Madrilen ikerketa baten arabera. Minimo historikoak.

Drama guzti honen erdian berri onak dirudite, baina benetan berri onak al dira? Dirudienez gasen igorpenen gutxitzea erakusten duten irudi asko Photoshoparekin eraldatuak izan dira National Geopgraphic-ek argitaratu duen artikulu baten arabera. 

Horrenbesteko gogoa dugu ingurugiroari egin diogun kaltea konpentsatzeko, pentsatu nahi dugula konfinamenduak ondorio positiboak ekarriko dizkiola naturari. Adituak bi jarreren artean banatzen dira: Alde batek dio koronabirusaren krisiagatik ingurugiroa zaintzearen beharra serioago hartuko dugula. Beste aldeak dio koronabirusaren krisiak atzeraldi mundiala ekarriko duela eta bizi dugun ispilatzea amaitzean enpresek galdu duten denbora berreskuratu nahiko dutela ondorioei erreparatu gabe, hau da, ingurugiro politiketan pentsatu gabe. 

Lehen taldean daude koronabirusa edo ebola bezalako pandemiak bioaniztasunaren suntsitzearen ondorio zuzena direla pentsatzen duten zientzialariak. Bide honetatik jarraitzen badugu esperientzia hauek errepikatzea tokatuko zaigula diote, naturaren “mendeku” moduan. 

Bigarren taldean, Nazio Batuen Erakundea sartzen da da, dioena adierazle positibo hauek aldi batekoak izango direla bakarrik. Talde honetako adituek ohartarazi dute igorpenen muturreko igoerak gerta litezkeela behin osasun larrialdia amaituta, 2008. urteko ekonomia krisiarekin gertatu zen bezala. 

Izan ere, airearen hobekuntza oso leku jakinetan eman da, koarentena gehien eragiten ari den hirietan hain zuzen. Aldaketa honek benetako eragina izateko planetan, ezinbestekoa da igorpenak modu jarraian murriztea. Horrela, negutegi efektua geratzeko datorren hamarkadan erdira jaitsi beharko genituzte munduko gas igorpen guztiak.

Horregatik, Friday for Future ekimeneko kideek euren borroka sareetara mugitu dute. Badakite konfinamenduak euren kaleko borroka geldiaraziko duela, baina aldi berean, oso kontziente dira ezin dutela gelditu orain justu politikak osasunari gehiago begiratzen dionean ekonomiari baino, ingurugiroa bigarren plano batean geratu ez dadin. 

Mundua stand by egoeran dago koronabirusagatik eta hau mehatxu bat da ingurugiroarentzat. Epe luzera begira beraz, ikusi beharkoa da lehentasunen zerrenda zenbagarren geratzen den gure planeta.