Kooperante zintzoa

Kooperante zintzoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/11/10
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Kooperante zintzoa
AEBetako futbolaren historian berezko lekua dute Rooney eta Mara abizenek. Lehenengo leinuak Pittsburgh Steelers taldea sortu zuen, bigarrenak New York Giants taldea sortu eta gaurdaino zuzendu. Bi familien ondorengoak dira Kate eta Patricia. Belaunaldi berriek, ordea, kulturaren alde egin dute, eta ahizpa nagusiaren bidea jarraituz, interpretazioaren munduan barneratu zen gerora bi abizenekin osatutako izen artistikoa hartuko zuen Patricia ere.


Ahizparen eskutik nerabeei zuzendutako hainbat beldurrezko filmetan agerraldi laburrak egin ostean, papertxo batek aktore baten ibilbidea errotik nola alda dezakeen erakusten duen kasuaren aurrean aurkitu zen. David Fincherrek eszena bakarrerako neska bat behar zuen; ez zen edonolako eszena, ordea: Facebook sortzeko txinparta piztu zuen elkarrizketa. The Social Network (2010) laudatuan bost minutu, nahikoa eta sobera, momentuko zuzendaririk garrantzitsuenetakoa liluratzeko. Eta txinpartatik sutea. Millenium sagaren bertsio amerikarra egiteko enkargua jaso zuen Fincherrek, eta ez zuen zalantzarik egin: Rooney beste inor ezin zitekeen izan Lisbeth Salander. Lehen paper protagonista eta aktorerik onenaren Oscar sarirako izendapena.

Hala, gerora Steven Soderbergh (Side Effects, 2013) edota Spike Jonze (Her, 2013) bezalako zuzendarien esanetara aritu ostean, batek pentsa lezake Hollywoodeko izarrek egin ohi duten legez, modaz, sartu zaiola Afrikara kooperazio lanetan joateko grina. Lehen filma errodatu aurretik hasia zen ordea behar gehien dutenei laguntzen; 2007an sortu zuen Faces of Kibera izeneko erakundea, Nairobiko (Kenia) Kibera auzo txiroko aurrei laguntzeko. Ordutik, zinera bezainbeste denbora bideratzen du kooperaziora.

Sahiestezina zait laguntza humanitario zintzoaren eredu izan zen Audrey Hepburn gogoratzea. Ez iezadazue esan Hollywooden urrezko garaiko musa gorpuzteko Rooney Mara hautagai perfektua ez denik.