Kontzentrazioa mantentzeko lagungarriak diren elikagaiak

Kontzentrazioa mantentzeko lagungarriak diren elikagaiak Kontsumitzen ditugun elikagaiek eragina dute gure gorputzean eta bakoitzak zer eragin duen jakinez gero, gure egoera ere alda dezake. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontzentrazioa-mantentzeko-lagungarriak-diren-elikagaiak/@@download/image/arreta.jpg
2021/06/08

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kontsumitzen ditugun elikagaiek eragina dute gure gorputzean eta bakoitzak zer eragin duen jakinez gero, gure egoera ere alda dezake.
Kontzentrazioa mantentzeko lagungarriak diren elikagaiak

Zabor-janaria jatean ohikoa izaten da nekea edo urdaileko pisua sentitzea. Geure gogoan eragiten du eta sofan etzatea beste asmorik ez dugu izaten. Janariak eragin positiboa edo negatiboa izaten du gugan eta elikagai batzuen onurak begi-bistakoak dira. Posible da zenbait elikagairi esker arreta mantentzeko gaitasuna hobetzea; haien bidez atseden hobea izatea lortzen dugu eta egiteko, elkarbanatzeko eta sortzeko gogoa eta bizitasuna pizten zaigu. 

Zeintzuk dira, bada, kontzentraziorako onak diren elikagaiak?

Arraina eta fruitu lehorrak
Arrain urdinak Omega 3 izaten du eta kontzentrazioa hobetzen laguntzen du, nerbio-sistema zentrala indartzen duelako eta hanturaren aurkako propietateak dituelako.  Arrain urdinen sailkapenean daude, esaterako, izokina, atuna, sardina, antxoa eta txitxarroa. 

Fruitu lehorrak egokiak dira otorduen artean jateko, lanean edo ikasten ari zarenean adibidez. E bitamina dutenak izaten dira memoria indartu eta arretan eragiten dutenak; bitamina hori gehien dutenak ekilorearen haziak, urrak, almendrak eta pinaziak dira.

Azukrerik ez
Azukrea burmuinarentzat ona dela esan ohi dugu baina ez da guztiz egia. Izan ere, azukre bigun prozesatua, guztiok ezagutzen duguna, ez da osasungarria. Glukosa beharrezkoa dugu, hori bai, burmuinak funtzionatzeko behar duen energia lortzeko iturri nagusia izaten baita. Ez genituzke gozoak jan behar, barazkiak edota fruta baizik, hala nola platanoa edo patata. 

Kafea
Kafearen aldeko eta kontrako artikulu ugari idatzi izan dituzte. Beste gauza askorekin gertatzen den moduan, neurria da gakoa. Pixka bat edanez gero, arreta-maila handitzen lagundu dezake baina neurriz kanpo urduritasuna areagotzen du. Energia lortzeko edariekin ere gauza bera gertatzen da. Estres handiko garaietan hartu ohi dira horrelakoak, zeregin guztiak garaiz burutzeko asmoz. Edariok azukre kopuru handia izaten dute, ordea, eta kaltegarriak dira neurriz kanpo. Edari energetikoen ordez infusioak har ditzakegu; osasuntsuak dira eta hainbat zaporetakoak daude, gainera.