Kontrabandoaren inguruko film laburra finantzatzeko kanpaina

Kontrabandoaren inguruko film laburra finantzatzeko kanpaina Joan den mendean Pirinioetako bi aldeetan izandako kontrabandoa gertutik bizi izan duten lagunen testigantzak jasoko dituzte Itsaso Echeverria eta Mikel Barberiak. Proiektua gauzatzeko 5.000 euro bildu nahi dituzte kanpainaren bidez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kontrabandoaren-inguruko-film-laburra-finantzatzeko-kanpaina/@@download/image/verkami_a23dbde6d6d2117b1db15f61655c3ddd.jpg
2021/09/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Artxiboko irudia: Isidre Navarro. 

Beste irudiak: Mikel Barberia

Joan den mendean Pirinioetako bi aldeetan izandako kontrabandoa gertutik bizi izan duten lagunen testigantzak jasoko dituzte Itsaso Echeverria eta Mikel Barberiak. Proiektua gauzatzeko 5.000 euro bildu nahi dituzte kanpainaren bidez.
Kontrabandoaren inguruko film laburra finantzatzeko kanpaina

40ko eta 70eko hamarkaden artean Pirinioetako bi aldeetan izandako kontrabandoa bizi izan zuten lau lagunen testigantzak, bizipenak eta istorioak jaso nahi dituzte Mugak film laburrean.  Bortzirietako, Baztango eta Ultzamako haranetako gizon eta emakumeek orduko kontrabandoa nolakoa zen eta haiek nola bizi izan zuten kontatuko dute, eta horri aurre egiteko moduaz ere mintzatuko dira. Proiektuaren arduradunek adierazi dutenez, "mugez eta gerraz hitz egingo dute, eta horien bidez familiaren memoriez, sekretuez, iraganaz, entzutearen garrantziaz, errespetuaz edota jatorriaz arituko dira. Istorio horiek pertsonalak izanik ere, komunak eta partekatuak ere badira". Euren asmoa kontrabandoa bizi zutenei euren historia kontatzeko espazioa ematea da, "urte askoan zehar esan ezin izan dutena edota esatera ausartu ez direna kanporatzeko. Kontatzeko nahia eta beharra sentitzen dute, eta proiektu honen bidez horretan lagundu nahi ditugu". 

Itsaso Echeverria eta Mikel Barberia daude proiektu honen atzean. Euren familiaren zati bat Ultzamakoa da eta haien bizipen eta istorioen bidez ezagutu dute kontrabandoa. Echeverria arduratuko da zuzendaritzaz, Barberia argazki zuzendaritza eta muntaketaz eta Idoia Calvo ekoizpenaz. Horiez gain, Alvaro Garcia arituko da irudi eta diseinu grafikoan. Musika, berriz, Lorian taldeko kide diren Maria Mateo eta Peio Iturriaren eskutik izango da.

Udazkenean hasiko dira grabaketekin eta datorren udaberrian amaituko dute. Muntaia eta postprodukzioa maiatzetik abuztura egitea aurreikusten dute eta estreinaldiaren data zehaztu ez badute ere, iraila-urrian izatea espero dute.

Laguntza emateko aukera
Crowfunding
-a jarri dute martxan proiektua gauzatzeko izango dituzten gastuei aurre egiteko, batez ere grabaketa fasean, eta proiektuan parte hartu duten eta lanean ari diren pertsonei ordaindu ahal izateko. 25 egunen faltan, 2.025 euro bildu dituzte eta 5.000 eurora iristea da helburua.