Kontaktuak

Seguruenik, noizbait guztiok pentsatu dugu ondokoa: nik ezagutzen dudan jendea euren ezagunekin elkartuz gero, eta jende hori guztia, era berean, ezagutzen duen jendearekin batuz gero, mundu guztia biltzea lortuko genuke? Gertukoen katea jarraituz gero, munduko edozein pertsonarengana hel gintezke? Edo kate hori noizbait apurtuko litzateke?
Stanley Milgram psikologo sozial estatubatuarra horixe frogatzen saiatu zen 1960ko hamarkadan: munduko edozein lagun munduko beste edozein pertsonarekin konektaturik dagoela. Lotura izateaz aparte, harreman hori uste baino pauso gutxiagotan eman daitekeela frogatu nahi izan zuen.
Ikerketa aurrera eramateko, AEBetako pertsona bati pakete bat eman zitzaion; eta pakete hori herrialde bereko beste pertsona batengana iristarazi behar zuen bere ezagunen kontaktuak erabiliz. Bitartean, ikerlariek paketearen ibilbidea jarraitu zuten. Ikerketaren bitartez, edozein pertsonarekin konektatzeko, batez beste sei pertsonen pausoa behar dela erakutsi zuten eta, ziurtatzea zaila izan arren, ondorio hau mundu osora zabal zitekeela.
Hau da, Llanfairpwllgwyngyllgogerychwyrndrobwllllantysiliogogogoch-ko (munduko toponimorik luzeenetakoa duen Galesko herrixkako bat) biztanle bat Rangiroako (Frantziar Polinesiako uharte zoragarria) biztanle batekin konektatua dago sei pertsonen bitartez. Bi puntu hauen arteko distantzia ia 15.000 kilometrokoa dela kontuan edukiz gero, harritzekoa bada, behintzat.
Imajinatuko duzuenez, ikerketa honek kritika ugari jaso zituen: alde batetik, soilik AEBetako lurraldeetan esperimentatu zutelako. Bestetik, ikerketa frogatzeko erabili ziren paketeak, kasu askotan, beraien helmugetara iritsi ere ez zirelako egin. Niri bururatzen zaidan beste oztopoetariko bat, kontaktatu gabe (barkatu eufemismoa, masakratu gabe esan beharko genuke errealitatearekin bat etortzeko) geratzen diren tribuen afera litzateke. Gaur egun, oraindik ere laurogei bat daudela uste da, Amazonaseko oihanean, batez ere. Hauekin hartu-emanik izatea, beraz, ezinezkoa da.
Hala ere, interesgarria da pentsatzea munduko edozein txokotako pertsonarekin konektatuan egon gaitezkeela pauso gutxi batzuen bidez (eta nork daki, kontaktu profesionalei dagokienez, agian, etekinak atera ahal zaizkio konexio horri).