Konfinamenduak gugan eragindako aldaketa adierazten duen 'Siluetak' erakusketa ipini dute Iruñean

Iñigo Labaienen Siluetak proposamen artistikoa paratu du Ziudadelako Bolborategiak maiatzaren 15era bitarte. Argazkigintzaren bidez egindako hausnarketa da, konfinamenduak pertsonak nola aldatu dituen azaltzen duena, zuri-beltza eta desfokuratze-teknikak oinarri harturik.
Siluetak proposamena 2020an sortu zen, Iñigo Labaien artistak konfinamenduak sortutako egoeraren ondorioz izan zituen sentimenduak eta sentsazioak islatzeko asmoz: "Gizarte-urruntzea, deseskalatzea, normaltasun berria. Kontzeptu erabat ezezagunak ziren, baina etapa horretan herritar guztien egunerokoaren parte bihurtu zirenak. Emozioen ikuspegitik, egoera horrek sentimenduak eta sentsazioak helarazten zituen, hala nola isiltasuna, distantzia, zabarkeria, melankolia, nahaste-borrastea, kidetasuna, lasaitasuna, duintasuna, alaitasuna eta zoriontasuna". Horietako bakoitza argazki baten bidez azaltzen da erakusketan; argazkietan, desfokuratzeak eta lausotuak errealitate berri horretan murgilduta dauden pertsonen siluetak ezkutatzen dituzte. Eremu irekietan ere konfinatuta dagoen gizarte baten irudi abstraktuak, desfokuratuak eta inpertsonalak dira.
Labaienek Iruñeko Udalak antolatutako Konfinamenduari begiradak erakusketan ere parte hartu zuen 2020an. Bere lana erakusteaz gain, arteari, kulturari eta argazkigintzari buruz duen ikuspegia ere helarazi du, beste artista batzuekin elkarlanean egindako hamar bat lantegiren bidez.
Erakusketa osatzen duten hogeita hamar argazkiak asteartetik larunbatera ikus daitezke 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, goizez.