Konfinamendu osteko beste gaitza: animalien abandonuen gorakada

Konfinamendu osteko beste gaitza: animalien abandonuen gorakada Martxoan adopzioen kopuruak gora egin zuen alarma-egoeraren dekretuarekin batera, eta orain, 3 hilabete geroago, animalien babesleku gehienak kolapsatzen hasiak dira jasotzen ari diren animaliengatik. Zergatik ugaritu dira abandonuak? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/konfinamendu-osteko-beste-gaitza-animalien-abandonuen-gorakada/@@download/image/venezuelaperrosefe(1).jpg
2020/06/11

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Martxoan adopzioen kopuruak gora egin zuen alarma-egoeraren dekretuarekin batera, eta orain, 3 hilabete geroago, animalien babesleku gehienak kolapsatzen hasiak dira jasotzen ari diren animaliengatik. Zergatik ugaritu dira abandonuak?
Konfinamendu osteko beste gaitza: animalien abandonuen gorakada

Animalien adopzioen kopuruak gora egin zuen alarma-egoera iragarri zutenean, eta badirudi deskonfinatzearekin batera abandonuek gora egin dutela. Zifra ofizialik ez badago ere, laguntza eta etxe baten bila dabiltzan txakur eta katuen argazkiekin betetzen ari dira sareak.
Elkarte eta babesleku ugarik guztiz kolapsatuta daudela diote, abandonatu dituzten maskota kopuruagatik eta baliabide faltagatik. Gainera, beren burua finantzatzen duten erakundeak izanik, funtsezkoak diren laguntza kanpainak geldirik egon dira alarma-egoerak iraun duen bitartean.

Harrigarriena, larriena eta lotsagarriena zera da, itxialdia iragarri eta segituan, adopzioen kopuruak gora egin zuela martxoan -alokatzeko eskariak ere irakur zitezkeen sarean-. Bihozgabe hauek "aitzakia perfektua" bilatu zuten kalera atera ahal izateko eta, horrela, Gobernuak ezarritako alarma egoera gainditu ahal izateko.

Zergatik ugaritu dira abandonuak?

Konfinamenduan zehar maskotak abandonatu izanaren arrazoi nagusietako bat izan zen jende askok uste izan zuela animaliak, pertsonak bezala, koronabirusarekin kutsatu eta beren jabeei itsatsi ziezaieketela. Guztiz faltsua. 'Nature 'aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, birusa transmititzen duten animalien bi kasu baino ez dituzte aurkitu mundu osoan.
Osasungintzaren ondorioz etorri den krisi ekonomikoa izan da beste aitzakia horietako bat: zoritxarrez, langile asko kaltetuak izan dira beren enpresak ixtearen ondorioz, edo kaleratu egin dituzte; beraz, beren maskotak mantentzea ere zaildu egin zaie. Azken argudio hau ulergarriagoa izan daitekeen arren, sinestezina eta lotsagarria iruditzen zait, etxean daukagun animalia familiako beste kide bat bezala ikusi izan balute ziur ez luketela halako astakeriarik egingo...

Azkenik, baliteke abandonuak areagotu izana konfinamenduaren amaieragatik ere. Martxoan kalera irten ahal izateko txakur bat adoptatu zutenek jada ez zuten txakurraren beharrik izango. Oso krudela badirudi ere, hipotesi horrek azalduko luke kasuen gorakada.

Hausnarketa sakona

Animalia etxean sartu aurretik ondo pentsatzea komeni da, harremana egonkorra eta luzea izan dadin lagunduko duten oinarrizko hiru puntu aintzat hartuta:
Batetik, konpromisoa: elkarbizitza iraunkorra izango da. Txakurraren kasuan, bizi itxaropena 12 urtekoa da, batez beste, eta katuarena, 15ekoa. Erabakia hartu aurretik, hortaz, gure bizi ohiturak ondo aztertzea komeni da, eta maskota gure egunerokoan nola txertatuko dugun jakitea ere bai.
Bestetik, erabakitasuna eta hausnarketa: erabakia ez da izan behar bulkadaren ondorio. Kide berria familiari gehitzeak ekarriko dituen alderdi guztiak baloratu behar dira. Erabakia harekin biziko diren guztien artean hartzea komeni da. Erabakia ez da hartu behar seme-alabek Olentzeroren edo hiru erregeen gutunean eskatu dutelako soilik eta are gutxiago konfinamendu garaian kalera irteteko; era arduratsuan pentsatu behar dugu, arlo guztiak ondo hausnartuta.

Azkenik, ikastea eta informazioa: animaliaren beharren eta guk espero dugunaren kontzientzia hartu behar da. Ze behar izango dituen informatu beharko gara –zaintza, aktibitatea, maitasuna…–, eta hartuko diren obligazioak onartu.
Animalia bat etxera ekartzeak ondo pentsatutako erabakia izan behar du. Animalia bat zaintzeak denbora eskatzen du eta gastu batzuk dauzka. Oinarrizko behar batzuk dituzte.

Animalia bat zaintzea urte askotarako erantzunkizuna da. Hori bai, erantzunkizun zoragarria.

 

Animaliak ez dira jostailuak!