Komunikabide alternatibo berriak

Komunikabide alternatibo berriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/komunikabide-alternatibo-berriak/@@download/image/63p58-1.jpg
2006/05/05
erreportajea
Komunikabide alternatibo berriak
Interneten zehar, parte-hartze olatu bat dabil. Horren harira sortu dira blog edo bitakora pertsonalak (52. alea), norbanakoek egindako podcasting edo irratsaioak (55. alea), eta abar. Gaur hainbat komunikabide berriri buruz jardungo gara,  parte-hartzeaz eta botoen bitartez sortzen diren komunikabide berriez, hain zuzen.

Komunikabide berri hauek parte-hartzean oinarritzen dira. Informazioa bidaltzeaz gain, jendearen botoen bidez erabakitzen da kokapena. Era horretan, bidalitako informazioa zenbat eta jende gehiagoren interesekoa izan, hainbat eta boto gehiago jasoko ditu, eta, ondorioz, orrian gorago kokatuko da.

Jatorria

Era honetako atarien aitzindaria Digg (http://www.digg.com) izan zen. Informatikari eta teknofiloentzat eginiko ataria da, eta, bertan, informazioa bidali eta botoak ematen dituzte erabiltzaileek. Beharrezkoa da izena ematea, parte hartu ahal izateko.

Bidaltzen den informazioa atalka sailka daiteke. Hauek dira aurki daitezkeen atal batzuk: segurtasuna, teknologia, jokoak, zientzia, softwarea, linux/unix, etab.

Jarraitzaileak

Jarraitzaile asko sortu dira Digg-en ondoren. Hona hemen horietako batzuk:

Meneame(http://www.meneame.net) > Gai ugari jorratzen dituen arren, informatika eta teknologia gaietara bideratua dagoen gaztelaniazko ataria.

Fresqui.com (http://tec.fresqui.com)> Aurrekoaren antzekoa.

Fuzz (http://fuzz.fr) > Digg-aren antzeko ataria, frantsesez egina. Informatika gaiak nagusi diren arren, musikaren eta kirolaren inguruko atalak ere ageri dira.

AtNewz (http://atnewz.jp) > Japonieraz ere badute ataria.

17dig (http://17dig.com) > Txineraz ere ezin falta.

Euskaraz?

Honaino iritsita, eta, batez ere, Txinako eta Japoniako adibideak ikusi ondoren, euskaraz era horretako ataririk ba ote dagoen galdezka hasia izango zara, ezta? Gauza onak bukaerarako uzten dira, eta oraingoan ere halaxe egin dugu. Atari honen izena Zabaldu (http://www.zabaldu.com) da, eta, euskaraz egoteaz gain, era guztietako gaiak jorratzen ditu: aisia, ekonomia, euskara, Euskal Herria, politika eta teknologia, besteak beste.

Orain horren funtzionamendua azalduko dugu pixka bat, Zabaldu.com atariarentzako baliagarria izateaz gain, besteak ere antzekoak direnez, guztientzako balio baitu.

Zer da?

Interneten aurkitutako albiste interesgarrienak zabaltzeko aukera ematen du sistema honek. Edonork bidali ditzake albisteak, eta gainerakoek bozkatu egin dezakete. Horrela, jendeari interesatzen zaionaren araberako boto-kopurua jasoko dute, eta boto gehien jaso dutenak azalduko dira hasierako orrialdean. Hasieran, bidalitako albisteak ilara batera doaz zuzenean, eta botoak jasotzen baditu, orrialde nagusira pasatuko da.

Beharrezkoa al da erregistratzea?

Albisteak bidali eta iruzkinak idazteko bai, baina irakurri eta bozkatzeko ez. Dena dela, zure botoak balio handiagoa izango du erregistratuta baldin bazaude. Gomendagarria da, beraz.

Zer egin behar da albisteak bidaltzeko?

Lehenik eta behin, erregistratu; oso erraza da, eta ez da batere kostatzen. Ondoren, "albistea bidali" atalera jo. Orduan, hiru pauso sinple jarraitu baino ez duzu albistea bidaltzeko. Dena dela, albistea bidali aurretik, kontuan izan jendearentzako interesgarria izan daitekeen, ez bidali interesik piztuko ez duen albisterik.

Eta bozkatzeko?

"Ilarakoak zabaldu" atalera jo, eta argitaratu gabe dauden albisteak ikusiko dituzu, bidaltze dataren araberako hurrenkera beherakorrean. Gehien gustatzen zaizkizunak edo garrantzitsuenak baino ez dituzu "zabaldu" behar. Hartara, boto nahikoa jasotzen dutenak agertuko dira hasierako orrialdean. Atari hau, eta aurrerantzean sor daitezkeenak aurrera ateratzeko, beharrezkoa da denon parte-hartzea. Baina ez dugu ahaztu behar: informazioa era demokratiko eta alternatiboan banatzeko tresnez ari garen arren, hauen atzean pertsonak daudela, eta gurea dela komunikatzeko ahalmena.

Videobomb



(http://videobomb.com) > Era horretako atari bat, bideoekin.