Koldo Almandozen 'Oreina' Zinemaldian

Koldo Almandozen 'Oreina' Zinemaldian ‘Zuzendari Berriak’ sailean lehiatuko da; GAZTEZULOn proiektuaren inguruan datu batzuk aurreratu dizkigu zuzendariak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koldo-almandozen-oreina-zinemaldian/@@download/image/GAZTEZULO_192.tiff
2018/07/13
berria

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

‘Zuzendari Berriak’ sailean lehiatuko da; GAZTEZULOn proiektuaren inguruan datu batzuk aurreratu dizkigu zuzendariak!
Koldo Almandozen 'Oreina' Zinemaldian

Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean parte hartuko duten lehen hamahiru zinemagileen berri eman dute eta tartean Koldo Almandoz zuzendariaren Oreina filma lehiatuko da. Hona hemen otsaileko GAZTEZULOko Labean atalean zuzendariak kontatu ziguna:

 

KOLDO ALMANDOZ: OREINA (2018-Otsaila)


OREINA, 1,50MKO ALTUERA ETA BATEZ BESTE 200KG-KO PISUA DUEN UGAZTUN BELARJALEA ETA HAUSNARKARIA DA. ANIMALIA HAU, ADARRAK DITUZTEN BASATIEN ARTEAN, HANDIENETAKOA DA. KOLDO ALMANDOZ ZUZENDARI DONOSTIARRAK ERRODATU BERRI DUEN FILMARI IZEN HORI JARTZEAREN ZERGATIA JAKITEKO ORDEA, “IKUSI EGIN BEHARKO DUZUE IZENBURUAREN ARRAZOIA JAKITEKO” AITORTU DIGU. “OREINA, NORABIDE DESBERDIN BAT HARTUKO DUEN FILMA IZANGO DA. HIRI PERIFERIA BATEKO HAINBAT PERTSONAIA ERAKUTSIKO DITU: ELKARRI HITZIK EGIN GABE BIZI DIREN BI ANAIA, EREMU BERRIETARA HEGAN EGITEKO DESIOA DUEN NESKA GAZTEA, BERE LANA MODU ERAGINKOR BATEAN EGITEKO TEMATUTA DAGOEN BASOZAINA...”. SEI ASTE IRAUN DITUEN ERRODAJEAREN ONDOREN,
MUNTAKETA PROZESUAN BURU-BELARRI HARRAPATU DUGU ALMANDOZ.



Filma errodatu berri, zer moduz?
Gogorrena, eta aldi berean ederrena, filmaketak gidoian idatzi duzuna nolabait eraldatzen duela ikustea da. Batzuetan txarrerako eta beste batzuetan onerako.


Euskal Herrian izan al da grabaketa osoa?
Bai, Donostialdean nagusiki eta inguruko herri batzuetan: Usurbil, Aginaga, Orio, Zubieta, Tolosa, Oiartzun eta Hernani, besteak beste.


Zure azken lanak, esperimentalagoak izan direla esan daiteke, hau ere? Zein generotan kokatuko zenuke?
Ez dut gehiegi sinisten genero kontuetan. Niretzat proiektu bakoitza desafio bat da. Izan daiteke narrazioarekin eta irudi-soinuarekin esperimentatzea, edo Oreinaren kasuan bezala, erronka pelikula errealista bat egitea da. Bietan ikusten dut ongi eta gaizki neure burua.


Euskal Herrian, ‘rara avis’ horietako bat zarela diote askok; alegia, ez zaudela korronte ala inongo talde konkretuan etiketatua...
Rara avis, “txori arraro” gisa itzultzen badugu, definizio ederra litzateke, baina txori oro da arrotza beste espeziekoentzat. Nik neure burua oso normaltzat dut eta ez dagokit niri nire lanak epaitzea. Ni azken finean, ikusle gisa ikustea gustatuko litzaizkidakeen lanak egiten saiatzen naiz.


Zeintzuk izan dira zure zinema erreferentziak? Ezinbesteko filmik?
Ez dut zinema erreferentziarik izan, ez zuzenki behintzat. Ikusi eta gustatzen zaizkidan film eta liburuek badute eragina, jakina. Baina ez da eragin kontziente bat. Ez da ezinbestekoa den filmik. Sasi-intelektual batzuek diotenaren kontra, zinema ez da inondik inora ezinbestekoa bizitzan. Duela ehun urte arte ez egoen zinemarik. Ezin da musika, dantza edota pinturarekin konparatu, horiek bizitzeko ezinbestekoak dira. Zinema, arteen artean entretenigarriena da akaso, baina ez ezinbestekoa.


Zuzendari bezala zerk betetzen zaitu gehien?
Inguruko lantalde eta erreferentzietatik edaten duen banpiroa da zine zuzendaria. Zine zuzendari gisa ez dut ametsik, baina bestela ere ez naiz ameslariegia. Etorkizuneko ametsak, askotan, nagien eta ergelen babesleku izaten dira.


Zuzendari izateaz gain, zinema munduaren zein beste eremutan ikusten duzu zeure burua hobekien?
Idazten eta argazkilaritza-kamera arloetan.


Zure azken lanetan, elkarrizketa gutxi eta muntaiak eta soinuak ezinbesteko rola jokatu dute, hemen ere?
Niri gustatzen zaidan zineman, pertsonaiek gauzak egiten dituzte, gauzak esan beharrean.


Ezinbestekoa al da zuzendari euskaldun batentzat bere lana Donostiako Zinemaldian estreinatzea?
Ez, inondik inora. Zinema ez da Zinemaldian bukatzen, ikusle eta komunikabide askorentzat hori badirudi ere. Mundua zinemaldiz beteta dago, eta beste erakusleiho interesgarriz. Nik zortea izan dut eta erakusleiho horietako batzuetan erakutsi dut nire lana. Bestetik esan beharra dago, Zinemaldiko antolatzaileek ere hau badakitela eta beti egoten direla laguntzeko prest.


Imajinatu mugarik gabeko aurrekontua duzula, zein motatako zinema egitea gustatuko litzaizuke?
Niri “magia” duten pelikulak egitea nahiko nuke. Eta zorionez, “magia” hori ez da mugarik gabeko aurrekontuekin erosten.


Noiz izango dugu ‘Oreina’ ikusteko aukera?
Aurten ziur, bai baina noiz zehazki jakiteko goizegi da oraindik.

 

Fitxa teknikoa:

Filmaren izena: Oreina
Zuzendaria: Koldo Almandoz
Argazki Zuzendaria: Javi Agirre
Aktoreak: Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elias, Erika Olaizola, Laudad Ahmed Saleh
Ekoizlea: Txintxua films
Estreinaldia: 2018 amaieran