Kokein: "Ibilbideko diskorik kañeroena sortu dugu"

Kokein: "Ibilbideko diskorik kañeroena sortu dugu" Lau urteko isiltasuna indarrez hautsi du Kokein taldeak. 15 urteko ibilbidea elkarrekin igaro ondoren, Eibarko boskotea energiaz beterik bueltatu da eszenatokietara; Lurpekhariä diskoan rock doinu kementsu eta distortsionatuak bildu dituzte. Esperientzia eta pasioa armatzat hartuta, gelditzeko dator Kokein. Lete bateria jotzailearekin izan gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kokein-elkarrizketa/@@download/image/KOKEIN PROMO LURPEKHARIÄ 1 Photo- Galder Izagirre.jpg
2017/01/31
elkarrizketa

Testua: Ane Urrutikoetxea

Lau urteko isiltasuna indarrez hautsi du Kokein taldeak. 15 urteko ibilbidea elkarrekin igaro ondoren, Eibarko boskotea energiaz beterik bueltatu da eszenatokietara; Lurpekhariä diskoan rock doinu kementsu eta distortsionatuak bildu dituzte. Esperientzia eta pasioa armatzat hartuta, gelditzeko dator Kokein. Lete bateria jotzailearekin izan gara.
Kokein: "Ibilbideko diskorik kañeroena sortu dugu"

Lau urte isilpean igaro dituzue; nolakoa izan da eszenatokietara bueltatzea disko berria besapean hartuta?

Oso pozik gaude itzulerarekin. Bazen Kokein taldea desagertzera zihoala uste zuenik, baina denbora honetan ez gara egonean egon; urpekarien moduan ibili gara lokalean lanean, lur-azalean gertatzen zenari so, eta azkenik, iritsi da azalera ateratzeko unea. Gure ibilbidean kaleratu dugun diskorik distortsionatuena da Lurpekhariä; dinamikoa eta azkarra da, indartsua.

Hasierako talde bera mantentzea lortu duzuen bakarretakoak zarete; nolakoa da Kokeinen osasuna egun?

Osasun ona dugula esango nuke. 15 urtetan denetik gertatzen da, eta bakoitzaren egoera pertsonalak aldatzen doazen arren, lagun talde bat gara, pasio amankomun batekin: musika. Hori ez da aldatu urte guzti hauetan. Gure arteko harremanaren sekretua horixe da, gure zaletasuna. Mundu zoro honetan gustuko duguna partekatzen jakin dugu, helmugarik zehaztu gabe, presiorik gabe.

Eta 15 urtetan ez al duzue inolako liskar edo tentsiorik bizi?

[Barreak] Noski baietz! Azken finean, gurea ere bizikidetasuna da, eta une on zein txarrak igaro ditugu elkarrekin. Egon dira eztabaidak, ezadostasunak une zailak. Konposatzerakoan ematen dira uneak non denok uste dugun gurea dela ideiarik onena, eta beti ez da erraza adostasun batera iristea. Dena den, horrenbeste urteren ondoren, elkar horren ondo ezagutzen dugunez sorpresa gutxi eramaten ditugu. Beraz, une gozoa bizi dugu egun.

Rocka da zuen musikaren oinarria, eta disko berrian bereziki nabari daiteke transmititu nahi izan duzuen indarra; nondik datoz energia horiek?

Ba egia esan, diskoa egiten hasi aurretik hausnarketa egin genuen, diskoa nolakoa izatea nahi ote genuen zehazteko. Halako prozesua egiten genuen lehen aldia izan da, beti sortu baitugu buruari buelta gehiegi eman gabe. Lan honetan beraz, aurretik definitu dugu egin nahi genuen bidea. Ibilbideko diskorik kañeroena sortu dugu; Kokeinen DNAn dauden abesti lasairen bat edo beste ere txertatu dugu, baina orokorrean inoiz baino indartsuagoa sortu dugun lana. Askok aipatu digute taldeen ohiko bidearen aurkakoa egin dugula; askok intentsitatea moteldu egiten dute urteekin, baina guk kontrako bidea hartu eta disko elektrikoa kaleratu dugu.

Egungo musika taldeek kutsu postmodernoa eta hipsterra hartu dute; zuen musika ondo kokatzen al da egungo garaietan, hala erosoago zenbiltzaten 80-90ko hamarkadetan?

Gu hamarkada horietakoak gara, eta noski, gure musikan nabaria da garai horietako kutsua. Dena den, orduan ere existitzen ziren musika mota horiek, nahiz eta horren modan ez egon. Orain, Indie eta Ska kutsuko talde pila daude, eta ondo dago hori; ulergarria da garaietara egokitu nahi izatea, eta ia ezinezkoa da inguruko tendentziekin ez kutsatzea. Erabat zilegi iruditzen zait korrontean murgiltzea. Guk, barrutik ateratzen zaigun horri eusteko apustua egin dugu, baina musikaren egunerokotasuna alde batera utzi gabe; garrantzitsua da gaurkotzea.

'Samuraien kemena izan behar da musikan jarraitzeko' idatzi du zuen aurkezpen testuan Koldo Otamendik (Musikazuzenean); eszenatokiak indarrez zapaltzera dator Kokein?

Lurpetik indarrez atera gara, bai. Azken finean, talde bate horren ibilbide luzean mantentzea ez da erraza; denobra behar da entseatzeko, egunak adosteko, eguneroko gauzekin bat egiteko... Asko dira bidean desgiten diren taldeak, bizitzan adlaketak datozelako. Gure kasuan, hor jarraitzea lortu dugu, behar zenean kemena eta indarra ateraz. Uste dut hortik doazela Koldoren hitzak; samuraien pasioaz egin dugula aurrera, eta batzuek akabatuta geundela uste zuten arren, indartsu bueltatu garela.

Gazteek musika kontsumitzeko dituzten ohiturei egokitzeko zailtasunak dituzte taldeek; nola iritsi publiko gazteetara?

Ez da batere erraza; gu bezalako talde baten kontzertura datozen gazteenek 26-27 urte izaten dituzte; hortik beherakoengana iristea zaila izaten da. Hainbat dira horren atzean dauden fenomenoak, baina nire ustetan nabariena da kontsumitzeko ohituren aldaketa; egungo gazteek informazio gainkarga izugarria dute, eta beraz, bila ibili beharrean, iristen zaien guztia filtratu eta bertatik aukeratzen dute gustuko dutena. Ondorioz, uneko talde edo abesti potenteetak dira beraiengana iristen direnak. Gure garaian, alderantzizko prozesua ematen zen; jendeak bilaketa lanak egiten zituen, heuren gustuko taldeak aurkitu arte. Saiatu gara mundu guztiarengana iristen, gustu guztiak aseko dituzten euskarri eta bideak jorratzen, baina ez dago arrakastaren gakoa jakiterik. Formula magikoa aurkitzen baduzue abisatu!