KOBAN: Elektroswing doinuen sorgin taldea

KOBAN: Elektroswing doinuen sorgin taldea Duela bi urte lehen pauso beldurtiak eman ondoren, indarra hartzen ari den taldea da Koban. Aurtengoa beren urtea izan daiteke; Gazte Akelarrerako bideoklip indartsua egin berri dute, eta uda konpromisoz beterik dutelarik, lehen diskoa kaleratzearekin amesten dute. Lagun artean Donostian sortutako talde jazzero berriaz mintzatu gara Onintza Rojas abeslariarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/koban-elektroswing-doinuen-sorgin-taldea/@@download/image/13698182_1195313693847472_2970405326471064419_o.jpg
2017/03/29
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Duela bi urte lehen pauso beldurtiak eman ondoren, indarra hartzen ari den taldea da Koban. Aurtengoa beren urtea izan daiteke; Gazte Akelarrerako bideoklip indartsua egin berri dute, eta uda konpromisoz beterik dutelarik, lehen diskoa kaleratzearekin amesten dute. Lagun artean Donostian sortutako talde jazzero berriaz mintzatu gara Onintza Rojas abeslariarekin.
KOBAN: Elektroswing doinuen sorgin taldea

Nolakoa izan zen Koban taldearen jaiotza?

Duela bi urte, 2015ean, LIHER taldeko Lide eta biok elkarrekin jotzearen ideari tiraka hasi ginen; musikaren mundutik ezagutzen dugu elkar, eta askotan komentatutako ideia zen, baina hasieran nondik tiratzen hasi ez genekiela genunden. Lagun batzuk kantak egiten hasi ginen; nik betidanik jo dut trikia, baina instrumentuarekin beste zerbait egin nahian nenbilen. Lidek ere bazuen zerbait ezberdina egiteko gogoa, eta hor zebilen, Janis Joplin, Nina Simone eta estilo horietako abeslarien kantuak euskaraz abesten. Pixkanaka taldean biltzen hasi ginen; hasieran ez zen ezer serioa, baina behin, Pirinieotan izarren azpian geundela, jotzen hasi eta dena zoragarria iruditu zitzaigun! Hori izan zen taldearen benetako hasiera. Lagun talde bat gara: korista eskolako laguna dut, eta haren ahizpa gure pianista da. Gehienok inoiz talde batean egon gabeak gara, gutako inork ez du esperientzia asko, eta oraindik gure soinuaren bila gabiltzan arren, esan daiteke elektroswing musika lantzen dugula; dena den, ez dakigu oso ondo zer garen oraindik; ateratzen zaigun hori jotzen gabiltza.

 

Elektroswing musikarekiko hautua nondik etorri da?

Ba gehiegi pentsatu gabe jo dugu horretara; jazz eta swing erritmoekin probatzen genbiltzala, taldean joseba DJa sartu zitzaigun, eta elektro doinuekin esperimentatzen hasi ginen. Lehen kotzertu ematerakoan zeharo urduritu ginen, ordura arte ez genuelako gure musikaren erreferentzia handirik, eta bi aukera ikusten genituen: edo saioa huts borobila zen, edo kristona. Zorionez, dena ondo atera zen.

 

Euskal Herriko taldeek ez dute halako doinurik lantzen... Zeintzuk izan dira zuen erreferentziak?

Erreferentzia gutxi aurkitu ditugu... beharbada Gosek badu gure estiloarekin hantz puntu bat. Hasieran jazz eta soul doinuen bila genbilen, baina ez dugu estilo markatu bat izateko asmorik, denak dira taldekideoi burura etortzen zaizkigun harrikadak. Esate baterako kapikua den abesti bat sortu dugu! Orain arte norabide zehatzik gabe joan gara, eta une honetan ari gara zer garen definitzen. Kontzertuetarako deitzen digutenean ere, arraro bizi dute gure kantuen estiloa, eta ez dakite oso ondo ze talderekin batu gurea.  Euskal Herrian ez da musika elektroniko asko egin; erreferentziak kanpoan bilatu behar izan ditugu.

 

Koban izena du taldeak; zein kobazulotik zatozte?

Martunenen entseatzen dugu, taldekide gehienak donostirrak direlako; badugu Segura eta Eibarko taldekideren bat ere. Egia esan, taldearen izena beste harrikada bat izan zen; ni ariarin eta fandangoetatik aldendu eta swing eta jazz doinuak entseatzen hasi nintzen trikiarekin, Lide ere estilo horretako kanta ezagunak abesten hasi zen, eta segituan burura etorri zitzaizkigun akelarreak. musika akelarrera, kobazulora eraman nahi genuen; kobazuloaren ideia, magiarena, sorginen ideia gustatu zitzaigun; gainera, ordu asko igaro ditugu gure kobazuloan entseatzen, gure sorginen bilkuran.

 

Indartsua da Gazte Akelarrerako prestatu duzuen kanta; nondik etorri da inspirazioa?

Gazte Akelarrekoek kantua egiteko eskatu zigutenean, akelarrearen ideiari tiraka hasi ginen; askatasunaren kontzeptua maila ezberdinetan adierazi nahi genuen, eta buruan genituen esklabu beltzen kantak. New Orleansko Kongo Square plazara joaten ziren esklabuak abestera, eta diotenez, bertan jaio zen jazz musika. Simil polita iruditu zitzaigun, eta esklabuen festa hori akelarreekin nahasten saiatu ginen.  Buruan izan dugu Titanic ere, eta nola lehen klasean zeudenek dantza zurrunak dantzatzen zituzten bitartean, zapalduenek folkarekin aldarrikatzen zuten beren askatasun une hori. Beraz,  zapalduen festa irudikatu dugu, esklabuena, errefuxiatuena, baztertuena... Askatasunik ez dutenek esklabuen festa topatu dezakete askatasuna.

 

Zuen musika non txertatu ez dakitela aipatu duzu; non sentitzen da eroso Koban taldea?

Gure musikaren doinu elektronikoek iluntasunera eramaten dute, baina baita alaitasuna ere, modu aske eta librean dantzera gonbidatzen dugu. Nik gau giroan imajinatzen dut taldea. Gainera, beltzez jantzi ohi gara, misterio puntu bat bilatuz, eta sagusar gorri baten maskararekin jotzen dugu...

 

Ia osotasunean emakumez osatutako taldea zarete; ondo moldatu al zerate?

Egia da, ia denak emakumezkoak gara baina naturalki ateratako zerbait izan da; lagun artean sortutako taldea izanik ez dugu modu kontzientean egin. Dena den badakigu gure taldean emakumeek daukaten presentzia handiak atentzioa deitzen duela, tamalez oraindik ez baita norma musikaren munduan. Zentzu honetan gure esperientzia orokorrean positiboa izanten ari da, nahiz eta denek egin behar izan dugun lotsak eta konplexuak alde batera utzi eta aurreiritziei aurre egiteko ariketa. Taula gainean emakumeak ikusteak beti eragiten ditu komentarioak, baina gu indartsu sentitzen gara eszenatokian.

 

 

Diskorik ateratzeko asmoa duzue?

Oraindik airean dugun ametsa da. Hasi ginenean kantu asko sortu genituen,estilo ezberdinak probatuz eta taldea finkatuz; oraindik ez dakigu nolako soinua atera nahi dugun, eta ez dakigu musika ekoizten. Taldea definitzen eta pausoak finkatzen lan handia dugu oraindik egitek, egindakoari buelta eman eta kantuak osatuz, gure estiloa sortu behar dugu. Presarik gabe moldatzen goaz; gure lan ildoa argi ikusten dugunean begiratuko diogu diskoari. Orain arte ez gara oso talde diziplinatua izan; musikak denbora asko eskatzen du, eta gutako bakoitzak bere lana du, baina dena ondo badoa, etorkizun hurbil batean diskoa ateratzea gustatuko litzaiguke.

 

Zer ari zarete prestatzen oraintxe zuen kobazuloan?

Gazte Akelarreari begira gaude une honetan; datozen kontzertuak prestatzen gabiltza, eta baita udako proiektuei begira ere. Zerbait berezia prestatu nahiko genuke; musikaz aparte, show ikusgarri eta erakargarri baten bila gabiltza.