Klitoria, gertutik

Klitoria, gertutik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/klitoria-gertutik/@@download/image/sexuak_147_1389188744.jpg
2014/01/10
erreportajea
Testua: Maider Jericó eta Lena Pritchard. Bitxigorria.
Klitoria, gertutik
Askoren ustetan, gizonezkoen zakilaren baliokidea andrazkoen bagina da, puzzle baten modura ahokatu eta elkarrekin ugalketa prozesuari hasiera ematen diotelako. Baina uste hori ez da zuzena.


Klitoriaren funtzio bakarra plazera ematea da. Ez da botoi bat, izozmendi bat baizik, orotara zortzi eta hamabi zentimetro artean neurtzen baititu. 8.000 nerbio amaiera ditu glandean kontzentraturik, eta barneko aldetik 4.000 nerbio zuntzez osaturiko bi adarkadura luzatzen zaizkio, bagina inguratuz. Munduko ehunik sentsibleena da. Baina klitoriaren inguruan nahasmen handia dago oraindik.

Gernu, ugalketa eta plazeraren funtzioak organo berdinak burutzen ditu gizonezkoen kasuan, zakilak alegia. Emakumeenean, aldiz, funtzio horiek bananduta daude: gernuaz uretra arduratzen da, ugalketaz bagina, eta plazeraz klitoria.

Enbor komuna
Enbrioia umetoki barnean garatzen hasten denean, lehen fase horretan, enbrioi guztiek egitura komuna dute, eta sexu-bereizte prozesuaren baitan neska edo mutil bezala garatzen dira. Ondorioz, sexu organo femenino eta maskulinoek parekidetasun asko dituzte, hala nola, barrabilak obulutegien baliokideak dira, edota horiek estaltzen dituen eskrotoa emakumeen bulbaren ezpainena. Zakilaren baliokidea, halaber, klitoria da, ez bagina.

Aldiz, uste okerra da klitoria zakil atrofiatu bat edota zakilaren hondakin bat dela pentsatzea, modu ezberdin batean garatu den egitura komuna baita. Begi-bistaz ikus daitekeen klitoriaren zatia glandea da, eta prepuzio batez estalita dago, zakila bezalaxe. Baina barnetik askoz ere luzeagoa da, eta zakila bezala, bi gorputz leizetsuz osatuta dago.

Ezjakintasunaren jatorria
Gaur egun ablazioa praktikatzen jarraitzen dute hainbat herrialdetan, emakumearen sexualitatea kontrolatzeko metodo gisa. Gure inguruan mutilaziorik egiten ez den arren, hainbat auzitan emakumeok irensten jarraitzen dugu, eta horren erakusle da bagina sarketaren bidez orgasmorik lortzen ez dugunean arazoren bat dugula pentsatzea.

Haurtzaroan, gure gorputza esploratzen hasten garenean, mutilek ez dute beren zakilaz hitz egiteko arazorik izaten. Neskatxen kasuan, ordea, zakilik ez dutela esan ohi zaie, eta zenbaitetan baginaz hitz egiten den arren, oro har ez da klitoria aipatu ere egiten. Anatomiako liburu gehienetan, gainera, glandea besterik ez da azaltzen, eta kasu askotan ugalketari dagokion alderdia soilik irakasten digute, klitoria alde batera utziz. Azken batean, klitoriak plazera emateko balio du soilik, eta plazera tabua da.

Esploratu klitoria

Gogoratu dezagun emakume bakoitzaren bulba oso ezberdina dela, norberaren aurpegia bezalaxe. Beraz, ez dago klitoria estimulatzeko formula perfekturik, emakume bakoitzak berea aurkitu behar du.

Batzuei zuzenean ukitzea gustatzen zaie; beste batzuei, aldiz, desatsegina egiten zaie glandea oso sentsiblea delako, eta behatzak estalkian ipiniz estimulatzea nahiago izaten dute. Ez da gauza bera klitoria laztantzea edo estalkia arrastan eramatea. Hatz batekin estimulatu daiteke, birekin, hatz bakoitza klitoriaren alde banatan jarriz, esku osoarekin, kuxin baten kontra igurtziz, bibradore bat erabiliz, dutxaren txorrotadarekin jolastuz edo izterrak estutuz, adibidez. Ahoa eta mingainarekin laztandu dezakegu, baita bikotearen hankaren kontra igurtziz edota zakila bulbaren ezpainen artetik pasatuz.

Interesgarria da estimulatzeko modua aldatzea, intentsitate eta abiadura ezberdinak probatzea. Baina ez dugu ahaztu behar, orgasmoaren eztandaren eragilea edozein estimulu izan daitekeela: fantasia bat, laztan bat, hitz bat. Beraz, ez gaitezen alderdi mekanikora mugatu!

Bihotz erdibitua



Testua: Carlos J. Lahoz

Osagaiak:
Gazta krematsua (Havarti motakoa ezin egokiagoa da), urdaiazpikoa, kontserban egondako orburuak, gari-zainzuriak, tomatea eta oliba olioa.

Nola prestatu:
Mokadu edo hasierako plater bezala erabil daitekeen pintxoa da. Zuritu tomatea, xehatu eta gorde. Pasta mozteko bihotz itxurako tramankulu batekin (halakorik ez baduzu, bazar batean merkeak aurkituko dituzu) moztu Havarti gazta (edo urtzen den beste edozein) bihotz formarekin, eta gorde.
Moztu ogi-xerra lodi bat, igurtzi tomatearekin eta oliba olioarekin, gehitu urdaiazpiko-xerra bat, eta jarri gainean orburuak. Azkenik, gurutzatu bihotza gari-zainzuri batekin eta jarri gainontzekoaren gainean.

Iradokizuna:
Behar bezainbeste pintxo prestatu, eta gorde. Zerbitzatzeko orduan, gainerre edo gratinatu. Gazta urtu egingo da, eta ogia karraskari geratuko da. Gainetik gehitu olio gordin zorrotada bat dirdira pixka bat har dezan, eta prest izango duzu pintxoa. Bihotza zainzuriarekin gurutza dezakezu, bi bihotz jarri…  saiatu mezu iradokitzaileren bat bidaltzen. On egin!