Klaudio Landak aurkeztutako 'Jateko modukoa' saioa estreinatuko dute gaur ETB1-en

Klaudio Landak aurkeztutako 'Jateko modukoa' saioa estreinatuko dute gaur ETB1-en Hiru sukaldarik gonbidatuarentzat janaria prestatuko dute atal bakoitzean, eta gonbidatuaren iritziz hobekien egiten duenak harekin afalduko du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/klaudio-landak-aurkeztutako-jateko-modukoa-saioa-estreinatuko-dute-gaur-etb1-en/@@download/image/20220427151822_etbjateko-modukoaklaudio-_foto610x342.jpg
2022/05/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hiru sukaldarik gonbidatuarentzat janaria prestatuko dute atal bakoitzean, eta gonbidatuaren iritziz hobekien egiten duenak harekin afalduko du.
Klaudio Landak aurkeztutako 'Jateko modukoa' saioa estreinatuko dute gaur ETB1-en

Gaur gauean estreinatuko du EITB-k Jateko Modukoa saioa, Klaudio Landak aurkeztua. EITB-k azaldu duenez, sukaldaritzaren bidez jende berria ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek: "Euskaldunok janariarekiko dugun pasioa oinarri hartuta, kozinatzea eta jende berria ezagutzea izango du helburu saio dinamiko honek. Giro ona sortzea da xedea, tonu dibertigarrian".

Atal bakoitzean hiru sukaldari eta gonbidatu bat izango dira. Hiru sukaldari horiek janaria prestatuko dute gonbidatuarentzat, eta hark menu osoa dastatuko du. Sukaldariek gonbidatuak proposatutako bi plater prestatu beharko dituzte, errezetarik gabe.  Postrea, berriz, sukaldari bakoitzaren esku geratuko da. Ondoren, gonbidatuak dastaketa egingo du, itsu-itsuan; plater bakoitza nork prestatu duen jakin gabe probatu eta baloratu beharko du, puntuak emanda.

Sukaldean arituko dira hiru sukaldariak, baina beste bi espazio ere izango ditu saioak: dasta-gela eta berriketa-gela. Hala, gonbidatua dasta-gelan dagoen bitartean, sukaldariek berriketa-gelatik jarraituko dute prozesua eta puntuaketa. Gainera, bigarren platera prestatzen duten bitartean, gonbidatuak hiru sukaldariak banan-banan eta aurrez aurre ezagutzeko tartea izango du.

Saria ere izango dela iragarri dute: "afari eder bat leku zoragarri batean". Gehien gustatu zaizkion plateren egilea hobeto ezagutzeko aukera izango du gonbidatuak afari horretan. Orduan jakingo du saioaren hasieran begiz jo duen sukaldaria izan den jateko moduko plater gehien prestatu dizkiona.

Astez aste, parte-hartzaile ezberdinak izango dira saioan. Lehen atalean, Edurne izango da gonbidatua, eta Andoni, Ibai eta Borja, berriz, sukaldariak.
 
Gaur gaueko 22:30ean emango dute saioa, ETB1en eta eitb.eus-en. Twitterreko kontuan saioaren jarraipena egingo dute programa emititzen ari den bitartean, eta Instagramen eta TikToken eduki gehigarriak eskainiko dituzte.