KLASIKOAK ASTINDUZ: Ennio Morricone eta soinu banden magia

KLASIKOAK ASTINDUZ: Ennio Morricone eta soinu banden magia Ongi etorri 'Klasikoak Astinduz' gomendioen txokora! Musika klasikoaren munduan murgiltzera ausartuko zara? Nork daki, beharbada mundu berri bat deskubrituko duzu... Prest? Itzali mugikorrak eta utzi karameluak poltsikoan, kontzertua hastera doa eta! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/klasikoak-astinduz-ennio-morricone-eta-soinu-banden-magia/@@download/image/ennio klasikoak.jpg
2020/07/06
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ongi etorri 'Klasikoak Astinduz' gomendioen txokora! Musika klasikoaren munduan murgiltzera ausartuko zara? Nork daki, beharbada mundu berri bat deskubrituko duzu... Prest? Itzali mugikorrak eta utzi karameluak poltsikoan, kontzertua hastera doa eta!
KLASIKOAK ASTINDUZ: Ennio Morricone eta soinu banden magia

Dakizuenez, Ennio Morricone konposatzaile ospetsua zendu da gaur, eta ezinbestean, soinu banden maisuaz hitz egitea aproposa iruditu zait. Zeren, gogoratuko duzuen moduan, soinu bandak ere musika klasikoaren katalogoan sartzen dira! Nola da posible? Erantzuna topatzeko, ez galdu aurreko atalak: musika klasikoa definitzen saiatu ginen, emakumeen presentzia ia anekdotikoa salatu genuen, musika apur bat entzuten hasi ginen klasikoetan klasikoenak deskubrituz, musika koralaz eta ahotsaren indarraz hitz egin genuen, eta hamaika bitxikeri eta burezurren misterio bat argitu genuen.

Morricone handia zendu da 91 urterekin; konposatzaile eta orkestra zuzendari italiarrak Ohorezko Oscar saria irabazi zuen 2006 urtean bere ibilbide guztiagatik, eta Soinu Banda Onenaren saria eskuratu zuen 10 urte beranduago, The Hateful Eight filmarekin. Baina, nor izan da Ennio Morricone eta zergatik da horren ospetsua bere musika? Zeren Morricone nor zen ez bazenekiten ere, bere melodiak ezagutuko dituzue ziur! Entzun bestela; 

 

Morriconez laburrean jakin behar duzuena hauxe da; 1928an jaio zen Erroman, eta orkestra zuzendari izateaz gain, western filmen soinu banden erregea izan zen, Sergio Leone, Clint Eastwood eta Quentin Tarantinoren konposatzaile kuttunena; 600 soinu bandatik gora konposatu zituen, tartean iper-ezagunak egin diren The Mission, The Good, The Bad and The Ugly, A Fistful of Dollars, Cinema Paradiso, The Hateful Eight... 2 Oscar, 3 Grammy, 4 Urrezko Globo eta Ohorezko Urrezko Lehoia sariak eskuratu zituen, eta Bernardo Bertolucci, Gioseppe Tornatore, Oliver Stone, Terrence Malick, Brian de Palma eta Pedro Almodovar zuzendariekin egin zuen lan, besteak beste.

Sariez eta izen handiez gain, Morriconez hitz egingo dizuet soinu banden magia apur bat argitzeko adibide perfektua dugulako. Zeren, musika klasikoa arrotza iruditzen zaigun heinean, izugarri konektatzen dugu soinu bandekin, eta askotan filmetik harago entzuten ditugu behin eta berriz, oilo ipurdia sentitzeraino. Zer dute bada soinu bandek jendearen emozioekin horren ondo konektatzen dutela?

Lehenik eta behin, soinu bandak egiteko erabiltzen diren trukoak ditugu. Soinu bandak ez dira "zerotik" jaiotzen; gehienetan ezagunak eta arrakastatsuak izan diren doinu klasikoak oinarri moduan erabiltzen dira. Zergatik? Ikusleekin konektatzeko doinu ezagunak erabiltzea beti ematen dituelako emaitza onak. 

Doinu klasikoekin batera, soinu banden konposatzaileek beren aurreko soinu banden zati arrakastatsuenak "birziklatzen" dituzte etengabe, gehienetan beren gogoen kontra; azken finean, soinu bandak filma osatzeko piezak dira, eta beraz, zuzendariaren agindupean konposatutako melodiak dira. Horregatik, geroz eta zailagoa da soinu banden egileentzat benetan epikoak diren doinuak egitea. 

Beren musika imitatu behar izatea konposatzaile onenei ere gertatzen zaie, hala nola, Hans Zimmer (Pirates Of The Caribbean filmen soinu banda gau bakar batean konposatu zuen, aurretik egindako beste lanetan inspiratuta), John Williams (entzun jarraian Harry Potter, Star Wars eta Indiana Jonesen soinu bandak) eta noski, Morricone. 


'Pirates of the Caribbean' soinu bandaren lehen konposizioa duzue hau; Zimmerrek '4.56 AM' izendatu zuen, gau bakarrean konposatu ondoren ordu horretan joan zelako lotara.

Eta zer gertatu zitzaion bada Morriconeri? Ulertzeko, aurretik jakin behar duzue film bateko soinu banda eraikitzeko lehenik zuzendariak Temp tracks-ak erabiltzen dituela. Musika pieza horiek beste filmetako doinu ezagunak izaten dira, eta zuzendariak bere filmean txertatzen ditu irudiekin hobekien doazen doinuak probatzeko. Noski, zuzendariak gustuko duena entzuten du eta jarraian konposatzaileari eskatzen dio berdina egiteko, eta azkenean, konposatzailea etengabe melodia beraren hamaika bertsio egitera mugatzen da, nazkatuta amaituz (hau asko gertatu zaio Zimmerri, baina kontuak hartu, Beethoveni ere gertatzen zitzaion!).  

Gauzak horrela, Ennio Morricone spaguetti western-arekin eman zituen bere lehen pausoak soinu banda egile moduan, Sergio Leoneren filmetan. Morriconek alderantziz egiten zuen lan; lehenik soinu banda sortzen zuten, eta gero filmaren erritmoa musikara moldatzen zuten. Baina For a Few Dollars More filma egitera zihoanean,  Leonek Rio Bravo filmeko Dimitri Tiomkin-en soinu banda entzun zuen aurretik, eta hori imitatzeko eskatu zion Morriconeri. Honek, haserre, erantzun zion ez zuela filmean parte hartuko, baina dirua behar zuenez, azkenean onartu zuen. Konposatzaileak gorroto zuen soinu banda hau, nahiz eta urteekin mitiko bilakatu:

Urteekin, Morriconek independentzia gehiago eskatu zien zuzendariei bere musika bandak konposatzeko garaian, eta egin zituen guztien artean faboritorik aipatzera sekula animatu ez bazen ere, behin baino gehiagotan adierazi zuen askatasun handiena The Mission filmean lortu zuela. Morriconerentzat, musikaren historiara igaro den soinu banda honekin lortu zuen "musika absolututik gertuen" egotea. Honenbestez, hilabete honetako sarrera doinu horrekin amaituko dut, Morricone bera zuzendari aritu zeneko bideo batekin. Gozatu!