KiVa, 'bullying'-aren aurkako metodo finlandiarra

Eskoletako arazo larrienetako bat da bullying-aren kontua. Saiakera asko egin dira, baina oraindik egunero ematen dira jazarpen eta erasoak haurren artean. Finlandian, baina, KiVa izeneko metodoa jarri dute martxan, eta arrakasta nabarmena izan da. Hauek dira metodo berritzaile honen gakoak:
KiVa formulak ez du arreta bully-aren figuran ezartzen, eraso baten aurrean beste aldera begiratzen duten guztiengan baizik. Metodo honen arabera beraz, bullying-aren aurka egiteko gakoa ezer egiten ez duen edota erasoa legitimatzen duen masa pasiboan dago.
Finlandiako Turku hiriko Psikologia Fakultateko ikerlariek 25 urte eman dituzte bullying-a ikertzen, eta ikerketa horren ondorioetatik jaio da metodo berritzaile hau. Hain zuzen, erasoaren unera aurreratu eta bullying kasuak garaiz detektatzeko balio du metodo honek, eta ez, gehienetan gertatzen den moduan, erasoa gertatu ondoren erreakzionatzeko.
Hain zuzen, orain arte erabili diren antibullying metodoak ez dira eraginkorrak izan, eta kontrako efektua izan dute; bullying kasuak zabaldu egin dira metodo horiek erabili ondoren. Arazoa da erasoa gertatu eta ondoren aplikatu direla neurriak, erasotzailea zigortuz eta biktima babesteko saiakeran gehiago islatuz. Ondorioz, bullying-a jasan duten haur askok depresioa garatu dute.
KiVa kiusaamista vastaan (jazarpenaren aurka) hitz finlandiarren laburpena da, eta urte guztian zehar garatzen den metodoa da, erasoak gertatzera itxaron gabe. Honela aplikatzen dute: hilero ikasleekin egiten dute lan, eta erasoen aurrean erreakzio zuzena izateko formulak irakasten dizkiete; hala, eraso bat gertatzen bada, erasotzaileak ez du ingurukoen babesa izango, eta beraz, ez du botererik lortuko, hori baita azken finean, bullying-aren helburua; boterea lortzea.
Metodoaren oinarriak logika dauka: erasoak ez du zentzurik ez badago inor hori ikusi eta txalotzeko. Beraz, erasoen aurrean ikusleak ez izateko edota erasotzailea ez babesteko moduak ikasten dituzte ikasleek; aldiz, erasoa jaso duenari laguntza eskaintzeko bideak ikasten dituzte. Zer iruditzen zaizue?