Kirolariek jai dute

Kirolariek jai dute https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirolariek-jai-dute/@@download/image/53p21-1.jpg
2005/06/03
erreportajea
Jon Arrue
Kirolariek jai dute
Zuk, Euskal Herrian barrena jairik jai ibiltzen zaren horrek, ondoren datozenak nekez ikusiko dituzu ordu txikietan. Goi mailako kirolariak dira, eta horrek, besteak beste, parranda latzak egiteko tentazioari eutsi beharra dakarkie. Guztiak bat datoz, hala ere, horren ordainez jasotzen dutena askoz hobea dela edozein parranda baino.

Goi mailako kirolaria izatea ez da gauza erraza. Alde batetik, kirolerako dohainak behar direlako noski; bestetik, bide hori aukeratzen duen gazteak bere adineko gehienen zenbait ohitura baztertu behar dituelako. Aurkezpenean jaiak ipini ditugu adibidetzat, baina bizitzaren beste arlo batzuk ere ekar genitzakeen gogora. Beharbada, gazte arrunt batentzako, gogorregia –edo aspergarriegia, auskalo- eman dezake kirolarien bizimoduak, baina beraiek hori maite dute, eta badakizue gogoko herriak maldarik ez duela. Edo ia.

Euskal Herrian goi mailan aritzen diren sei kirolarirekin mintzatu gara: Naroa Agirre (atletismoa), Diego Ciorciari (saskibaloia, Lagun Aro Bilbao Basket), Oskitz Estefania (futbola, Eibar), Eduardo Gurbindo (eskubaloia, Portland San Antonio), Arantxa Ramos (igeriketa) eta Edurne Serrano (gimnasia erritmikoa). Hauxe esan digute.

Parranda gutxi

Ajea eta kirola ez dira lagun onak, hori edonork daki. Are gutxiago maila honetan. Zenbat eta eskakizun handiagoa izan, orduan eta “komentuagokoa” izan behar du jardunak. Baina horrek ez du esan nahi kirolariei lagunekin ibiltzea eta gauez ateratzea gustatzen ez zaienik. Eduardo Gurbindok, esaterako, aitortu egin digu oporretan saiatzen dela urte osoan egin ez duenaren mendeku hartzen. “Noizbehinka parranda edukiten da gogoan, egia da”, dio Oskitz Estefaniak, “baina ez naiz damu, parranda egiteko aukera beti egongo da hor”.

Egia esan, kirolariek –gure solaskide izan direnek behintzat- ondo hartzen dute etxean geratu beharra, oro har. Ez da ahaztu behar, gainera, kirolik entzutetsuenen kasuan parranda egiteak oso ondorio txarrak ekar diezazkiokeela, gorputzari ez ezik, kirolariaren ospeari: edo bestela galde Athleticeko zenbaitzuri.

Entrenamenduak

Goi mailako kirolariek astebarruko egun guztietan –edo ia guztietan- entrenatu behar dute. Normalean, ospe gutxieneko kirolak izaten dira gogorrenak. Arantxa Ramos igerilari bizkaitarrak, esate baterako, saio bi egiten ditu egunero, bata goizeko 6:00etatik 8:30etara, bestea arratsaldeko 3:30etatik 7:00etara. Bitartean, ikasi egiten du. Edurne Serrano gimnastak hiru orduko lana egiten du egunero, igandeetan izan ezik. “Hara, gimnasia erritmikoa gogorragoa zela uste nuen”, pentsatuko duzue. Baliteke, baina kontuan hartu Serranok hamahiru urte baino ez dituela.

Dena dela, entrenatu beharra ez da hain larria. Azken batean, zer da kirola ba? Naroa Agirreren ustez, “gogorragoa da egunero goizeko zazpietan jaikitzea ordenagailu baten aurrean zortzi ordu emateko”. Eskerrik asko gure lana gogorarazteagatik, Naroa.

Zenbat sos eskura daiteke kiroletik?

Ditxosozko diruaren aipamenak ezinbestean garamatza futbolera. “Ni oraindik gurasoenean bizi naiz, eta ez dio arreta gehiegirik eman horri”, diosku Oskitz Estefaniak. Diruaz ari garela, Eibar Estatu espainiarreko futbol talderik  apalena da, eta hori nabaritu egiten da Estefaniaren hitzetan: “Hor gaudenok ez gaude diruari begira oraintxe; Lehen Mailara igoz gero, ikusiko dugu” (argitu dezagun, erreportaje hau futbol denboraldia amaitu baino lehenago eginda dagoela).

Oro har, gehiago irabazten da talde kiroletan. Saskibaloian eta eskubaloian, futbolaren kopuruetara heldu gabe ere, diru askotxo irabaz daiteke profesionala izatea lortuz gero. Bitxia bada ere, kirol gogorrenek ematen dute atarramendurik gutxien. “Igeri egiteaz bizitzea oso zaila da hemen”, diosku, Arantxa Ramosek. Beste kirol batzuetan profesionaltasuna posible da, baina irabaziek ez dute zerikusirik futbolari edo saskibaloilarienekin, ezta hurrik ere. Gauzak diren bezala, beraz.

Edonola, kirolari bizitza laburra da. Diego Ciorciari, 25 urte besterik ez dituen arren, aspaldi hasi zen etorkizunaz pentsatzen. “Honetan jarduteko, Ikasketak oso gazte utzi behar izan nituen, eta horregatik, saskibaloiarekin harremanen bat daukan lanbideren bat bilatu beharko dut gero ere”.

Kiloei gerra!

“Niretzako janari kontuak dira gogorrenak”, aitortu du Naroa Agirrek. Kirolariek ez dute gutxi jaten, arazoa ez da hori, garbi jan behar dutela baizik: hau da, denon gustuko diren zenbait gauzari nahi baino sarriago egin behar diotela uko, pisu egokia ez gainditzeko. Hala ere, kirolari gazteek, edo gurekin hitz egin dutenek bederen, ez dute pisuarekin arazorik izaten. Hori izan ohi da-eta gaztetasuna eta ariketa elkartzearen emaitza! Are gehiago: baten batek kiloren bat hartuko beharko lukeela esan digu, bere kirolean hobe ibiltzeko.

Ikasketak eta kirola uztartu

Gurekin hitz egin duten dozena erdi kirolarietatik, lau 20 urtetik beherakoak dira, eta laurak ari dira ikasten. Edurne Serrano eta Arantxa Ramos halabeharrez ari dira, derrigorrezko hezkuntza egiteko adinean baitaude oraindik. Oskitz Estefaniak unibertsitatean dihardu, enpresa-zientzietan, eta Eduardo Gurbindo laster hasiko da heziketa fisiko ikasketak egiten. Biek hala biek, ogia irabazteko aukera ikusten dute kirolean, baina ez dituzte, badaezpada, ikasketak baztertu nahi.

Izan ere, goi mailako kirolean aritzea aukeratu dutela esan dugu arestian, baina egia esan, kontrakoa izaten da gehientsuenetan: kirolak berak egiten du aukeraketa, eta denek ezin dute aurrera egin.

Diego Ciorciari


Santa Fen (Argentina) jaio zen duela 25 urte. Gaztetan hasi zen bere sorterriko saskibaloi taldean jokatzen, eta handik Buenos Aireseko Ferrocarril Oestera joan zen, 17 urterekin profesional gisa aritzeko. Azaroan iritsi zen Lagun Aro Bilbao Basketera, baina aurretik Europako beste talde batzutan ere jokatu du, Espainian eta Italian. 1´85 metro altu da, eta kantxan antolatzaile moduan jarduten du.

Oskitz Estefania



Realaren harrobiko pasaitar honek 18 urte ditu, eta talde txuriurdinaren eta Eibarren artean eman du amaitu berri den denboraldia. Oraingoz, hiru neurketa baino ez ditu jokatu Lehen Mailan (Real Madrid 1-Real 4 gogoangarrian egin zuen debuta), baina itxaropena dauka Donostia aldean aukera gehiago izateko. Kontratuak, behintzat, beste lau denboralditan Realarekin egon behar duela dio. Eskubiko hankaz jotzen du baloia, eta aurrean jokatzen du, hegalean zein erdi puntako.

Arantxa Ramos



Irailean 17 urte beteko ditu Arantxa Ramos barakaldarrak. Parte hartu duen ia distantzia gehienetan, Espainiako txapeldun izan da haur eta gazte mailan. Duela hilabete batzuk, bera baino zaharragoak ere mendean hartu zituen 1.500 metrokoan, Espainiko open txapelketan. Normalean 200, 400 eta 800 metrokoak egiten ditu, estilo librean. Umetan beldur zion urari, egun batez amak bultza egin zion arte. “Geroztik, uretatik irten ere ez naiz egiten”. Gaur egun Valentzian bizi da, errendimendu handiko zentro batean, Euskal Herrian ez baitzeukan behar adinako bitartekorik.

Edurne Serrano



13 urte besterik ez ditu Almudena Ciden urratsak errepikatu nahi lituzkeen gasteiztar honek. Oso gazte hasi behar da gimnasia erritmikoa egiten, eta oso gazte uzten da gehienetan; Edurne Serrano  sei urterekin hasi zen. Noiz arte? Auskalo. Denboraldi honetan gazte mailako lehen urtea egin du, eta aurrekoan EAEko txapeldunorde eta Arabako txapeldun izan zen.

Eduardo Gurbindo



17 urte, iruinsemea. Gaztea izanagatik ere, Portland San Antonioko lehen taldera iristea lortu du. Alegia, Europako –eta beraz, munduko- eskubaloi talderik hoberenetako batera. Taldekideen maila hain ona izanik, Gurbindok ez du nahi beste jokatzeko aukera izaten, baina partidu gehienetan esku hartzen du, eta pozik dago horrekin. Eskumako hegaleko edozein lekutan joka dezake. Gure mintzakide guztietatik, bera da altuena: 1,93.