Kirola eta euskara aztergai, maiatzaren 22an Donostian

Kirola eta euskara aztergai, maiatzaren 22an Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirola-eta-euskara-aztergai-maiatzaren-22an-donostian/@@download/image/ekm_-_kirola_et_1368521613.png
2013/05/14
berria
Donostiako Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegia ikasle-taldeak kirola eta euskara uztartzen dituen mahai-ingurua antolatu du. Maiatzaren 22an, asteazkena, Libe Altuna eskubaloi jokalaria, Mikel Astarloza txirrindularia, Arritxu Iribar kazetaria eta Atsegin Odriozola arraunlaria izango dira mahai-inguruko gonbidatu bereziak.


'Kirola eta Euskara' izenburupean, datorren astean –maiatzak 22– euskarak gaur egun herriko kiroletan eta kirolarien artean duen tokia, edo kazetaritzak kirol-albisteak egiteko modua aztergai izango dira Euskal Kultur Mintegiak antolatiu duen mahai-inguruan.

Ekitaldia arratsaldeko 15:00etan abiatuko da, eta mahai-ingurua osatzeko punta-puntako hizlariek parte hartuko dute. Bera-Bera eskubaloi taldeko Libe Altuna, Euskaltel-Euskadiko Mikel Astarloza, Euskadi Irratiko Arritxu Iribar kazetaria eta Zumaiako Telmo Deun nesken arraun-taldeko Atsegin Odriozola izango dira bertzeak bertze.

Deustuko Unibertsitateko ikasle eta langileentzat ez ezik, unibertsitatetik kanpo interesa duen guztiei luzatzen dio parte hartzeko gonbita Euskal Kultur Mintegiak. Hortaz, badakizu, kirol zalea bazara eta euskarak gaur kirolean duen paperaren inguruan hausnartu nahi baduzu, gerturatu zaitez maiatzaren 22an 'Kirola eta Euskara' mahai-ingurura.

Euskal Kultur Mintegia:


Unibertsitate-mailan, batez ere, euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko helburuarekin sortu zen 2009an Euskal Kultur Mintegia, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko ikasle-taldea. Urtetik urtera, hainbat motatako ekitaldiak antolatu dituzte unibertsitatean, hitzaldiak, mahai-inguruak, musika emanaldiak eta bertso bazkariak, bertzeen artean.

'Euskara eta Kirola' mahai-ingurua


Lekua: Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Aita Arrupe eraikineko 004 gela
Eguna eta ordua: maiatzak 22, 15:00
Hizlariak: Libe Altuna, Mikel Astarloza, Arritxu Iribar eta Atsegin Odriozola
Antolatzailea: Euskal Kultur Mintegia