Kirola egiteko bideo-jokoak

Kirola egiteko bideo-jokoak Nork dio gamerrek eguna sofan botata igarotzen dutenik? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kirola-egiteko-bideo-jokoak/@@download/image/Squat.0-kCXD-U90120123435fIF-624x385@El Correo.jpg
2019/11/13
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Nork dio gamerrek eguna sofan botata igarotzen dutenik?
Kirola egiteko bideo-jokoak

Bideo-jokoen mundua abiadura handian garatu da, eta ehunka jokorekin gozatzeko aukera dago egun; eta bai, kirola egiteko aukera ere eskaintzen digute. Mugimendu fisikoa egitera animatzen gaituzten bideo-jokoak ez dira berriak; hortxe daude Eye Toy, Guitar Hero, Just Dance edota Wii Fit; baina adi, Nintendok abentura eta kirola batzea lortu baitu joko berri honetan.

Ring Fit Adventure izena du, eta jokorako uztai modukoa erabili behar da, Pilates egiteko erabiltzen direnen oso antzekoa. Uztai honek sentsoreak ditu, eta horiei esker gure mugimenduak erregistratu ditzake jokoak. Horrekin batera, izterrean ere sentsore bat jarri behar dugu, hanken mugimendua jasotzeko. 

Behin gailuekin ekipaturik, jokalariek misioak bete beharko dituzte, baina sofan eserita egon beharrean, haiek egin beharko dituzte mugimendu guztiak misio horiek betetzeko; korri, salto, makurtu, geziak jaurti, eta beste hainbat ariketa fisiko. Jokatu dutenek diotenaren arabera, izerdi patxetan amaitzen dute amaierarako, eta primeran pasatzen dute.

BIDEO-JOKOEN ETORKIZUNA: JOKALARIAK PROTAGONISTA BILAKATU

Aipatutako jokoak aurrerapausoa egin duen arren, oraindik ez du kirol entrenamendu bat ordezkatzeko balio; garapen handiagoa beharko du horretarako. Dena den, badirudi hori izango dela joera, jokalariak aktibo bilakatu eta jokoaren parte izatea gorputz guztia erabiliz.