Kilometroak 2013ren aurrerapen gisa, Ahora! Astea egingo dute Tolosan

Kilometroak 2013ren aurrerapen gisa, Ahora! Astea egingo dute Tolosan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kilometroak-2013ren-aurrerapen-gisa-ahora-astea-egingo-dute-tolosan/@@download/image/ahora_astea_1368602063.jpg
2013/05/15
berria
Kilometroak 2013ren aurrerapen gisa, Ahora! Astea egingo dute Tolosan
Igandean, maiatzak 19, hasi eta hilaren 26ra bitarte, Ahora! Astea egingo dute Tolosan Laskorain Ikastolaren ekimenez. Eta zer da Ahora! Astea? Ba urriko egun handia izango denaren aurrerapen gisa prestatutako jardueraz beteriko astea. Kilometroak 2013 iritsi bitartean, bada zereginik Tolosan!


Aspaldi hasi ziren motorrak berotzen Laskorain Ikastolako haur, gazte, guraso, irakasle eta arduradunak. Ahora! Bideo Lehiaketa duela bi hilabete inguru jarri zuten martxan, eta orain aste osoko egitaraua prestatu dute Kilometroak 2013 festa handiari begira, herritarrak animatu eta udaberriari jai giroa jartzeko.

Ahora! Astea, bere horretan, datorren astelehenean, maiatzak 20 hasiko da, eta igandera bitarte luzatu; baina egitaraua aurreko asteburura aurreratu dute, eta beraz, igande honetan, maiatzak 19, Patin Eguna egingo dute.

Goizeko 10:00etan jarri dute zita Tolosako San Frantzisko kalean, eta bertatik abiatuta 3,5 kilometroko ibilbidea egiteko aukera izango du gurpil gainean jarri eta paseotxo bat eman nahi duen edonork, haur, gazte eta heldu. 11:00etan, ordea, master mailako profesionalen txanda izango da, eta haiek bai, abiadura mailatan banaturik lehiatuko dira. Ondoren, egun osoan zehar, patinekin zerikusia duten jarduerak egingo dituzte, ikastaroak barne.

Egunez egun
Astelehenetik aurrera, hitzaldiak, bideo proiekzioak, drogen prebentzioaren eta kontsumoaren inguruko mintzaldia, erakusketak, sardina jana eta kontzertuak ez dira faltako herriko kale nahiz aretoetan.

Esaterako, maiatzaren 24an, ostirala, Bonberenea Txarangak kontzertua eskainiko du 22:00etatik aurrera Sakramentinoetako patioan, eta luxuzko hainbat gonbidatu izango ditu, hala nola, Zea Mayseko Aiora Renteria, Doctor Deseoko Francis Diez, Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel, eta Glaukomako Juantxo Arakama eta Jokin Albisu.

Egitarau osoa ikusi nahi izanez gero, hemen.