Kill Bill 2 ****

Kill Bill 2 **** https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kill-bill-2/@@download/image/41p48-3.jpg
2004/05/04
kritika
Testua: Iñaki Lazkano
Aktoreak: Zuzendaria: Quentin Tarantino. Aktoreak: Uma Thurman, David Carradine, Daryl Hannah, Michael Madsen. Generoa: thriller / akzioa. Herrialdea: AEB. Urtea: 2004. Iraupena: 136 minutu. 
41.zenbakia
Kill Bill 2   ****
Kill Bill filmaren bigarren partea zuri-beltzez filmatutako prologo edo sarrera moduko batekin hasten da. Bertan, Emaztegaiaren hilketa-saioaren bertsio berri bat eskaintzen zaigu. Ondoren, Emaztegaiak bere mendeku odoltsuarekin jarraitzen du. Aurreko atalean Vernita Green eta O-Ren Ishii soldatapeko hiltzaile zitalekin bukatu zuenez gero, oraingo honetan, Budd ankerrari –Bill-en anaia– eta Ellen Driver ilehori begibakarrari egin beharko die aurre. Tarantinok, gainera,  flash-back baten bitartez Bill eta Emaztegaiaren arteko harremanaren xehetasun ezezagunak biluzi egiten dizkigu. Eta, era berean, Pai Mei izeneko monje batengandik jaso zuen entrenamendu bortitza ere erretratatzen du. Amaieran, erraz aurreikus zitekeen bezalaxe, duelu batean elkarren kontra borrokatuko dira Bill eta Emaztegaia. Zineman, bigarren parteak nekez izaten dira lehenak baino hobeak. Baina Kill Bill 2 salbuespen apur horietakoa da. Ez da, beharbada, lehen partea bezain ikusgarria, baina pertsonaiak hobeto landuta daude, eta elkarrizketak ere apartak dira. Keinu zinefilo gutxiago dago, eta Sergio Leoneren spaghetti-western zoragarrien eragina nabarmena da. Umore ilun eta ironikoz zipriztindutako harribitxia da Kill Bill 2. Aparta eta entretenigarria. Zeluloidezko perlatxo benetakoa.